Atzerapenekin hasi dira gaur Burundin legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak. Pierre Nkurunziza presidentea hirugarren agintaldirako aurkezteak, Burundiko konstituzioa eta Arushako bake akordioak urratuz, gerraren oihartzuna berpiztu du herrialdean. Gaurko legebiltzarreko bozen ondotik, uztailaren 15ean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte.
Herrialdearen ezegonkortasun egoeragatik, Afrikako Batasunak ez ditu behatzaile lanak egingo. Izan ere, NBEk eta Afrikako Batasunak hauteskundeak atzeratzea aholkatu diote gobernuari, ez delako gai herritar guztien segurtasuna bermatzeko. Izan ere, 77 herritar hil dituzte apirilean Pierre Nkurunziza presidentearen kontrako istiluak hasi zirenetik.
NBEk jarraituko ditu hauteskundeak, eta haren idazkari nagusi Ban Ki Moon-ek eskatu du errespeta dezatela beren lana. Kezka agertu du egoeragatik, eta elkarrizketaren bidea baliatzeko eskatu die Burundiko eragile politikoei.