EZBEHARRA GALIZIAN

Gaur egingo dute Galiziako tren istripuan hildakoen aldeko hileta

Arratsaldeko zazpietan egingo dute hileta, eta bertan izango da, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Makinista karguekin aske utzi du epaileak, bi orduz deklarazioa hartu eta gero. Guztira 79 dira Galiziako ezbeharrean hildakoak, zauritutako andre bat atzo erietxean zenduta.

2013ko uztailaren 29a
21:05
Entzun

Iragan asteazkenean Santiagon (Galizia) izandako tren istripuan “arduragabekeriaz” jokatu izana aitortu zion atzo trena gidatzen ari zen makinistak epaileari, albiste agentziek zabaldu dutenez. Legez baimendutako abiaduraren bikoitza baino azkarrago zihoala aitortu du, baita ez zuela uste "ibilbidearen puntu horretan" zegoenik, eta trena geldiarazi nahi izan zuenerako (izatez, frenoari eman ziola ere baieztatu du), "beranduegi" zela. Tren gidariaren ustez istripuan gertatutakoa "ez zen akats teknikoa izan, giza akatsa baizik".

Karguekin libre utzi du epaileak makinista; horrez gain, pasaportea erretiratu dio, eta astero aurkeztu beharko du bere burua epaitegietan. Makinista lanetan jardutea debekatu dio, halaber.

69 pertsonak jarraitzen dute ospitalean momentuan, eta horietako 22 egoera kritikoan daude.

Trenbidea, irekita

Trenak istripua izan zuen lekuko trenbidea ireki dute gaur goizean goizetik, eta istripua izan zen kurba horretan 30 kilometro orduko abiadura izan beharko dute trenek. Beste bi trenbideak irekita zeuden ostiralaz geroztik, eta horietan ere 30 kilometro orduko abiadura muga ezarria zuten orain artean, baina kendu dute dagoeneko.
Istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketak aurrera jarraitzen du, eta bihar bertan irekiko dituzte trenaren kutxa beltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.