1993an erdietsitako Osloko akordioak baino lehenagotik espetxean zeuden 104 preso palestinar askatuko ditu Israelek, herrialde horretako gobernuak atzo onartu zuenez. Bederatzi hilabeteko epean askatuko dituzte.
Zatiturik agertu da gobernua neurriaren aurrean; hamahiruk egin dute presoak libre uztearen alde, eta zazpik kontra. Gobernuko bi kide abstenitu egin dira.
Orain, Netanyahu bera buru izango duen batzorde batek erabaki beharko du zein preso libre utziko dituzten, ez baitituzte 1993 baino lehenagotik espetxean dauden guztiak askatuko.
“Ez da une erraza niretzat ezta ministroentzat ere, eta bereziki ez da erraza biktimen senideentzat”, esan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.
Bake elkarrizketei berrekiteko keinu gisa hartu du erabakia Israelgo Gobernuak. Hiru urtez ez dira bi aldeak negoziazio mahaian elkartu, eta gaur arratsaldean batzartuko dira Washingtonen.
PAE, erabakiarekin pozik
Israelgo Gobernuaren erabakiarekin pozik azaldu da PAE Palestina Askatzeko Erakundea, eta azaldu du lanean jarraituko duela Israelen preso dauden palestinar guztiak askatzeko. Negoziazioetan Palestinako ordezkaritzaren buru den Saeb Erekatek, ordea, zehaztu du "hamalau urte berandu" iritsi dela presoak libre uzteko erabakia.
PAEko Espetxe Gaietako ministro Issa Qaraqek, berriz, esan du Israelgo Gobernuaren urratsa "arrakasta handia" dela eta "preso palestinar guztiak askatzeko pauso bat" dela.
Alta, kritikak ere jaso ditu Netanyahuk. Ehunka pertsona elkartu ziren atzo lehen ministroaren egoitzaren aurrean, Jerusalemen, erabakiaren kontra protesta egiteko.