Franco Marini presidentegai proposatu zuen hasieran PDko Pier Luigi Bersanik, eta Silvio Berlusconik onartu, baina atzo ez zituen lortu botoen bi heren. Azkenean Romano Prodi izango da zentro-ezkerraren hautagaia.
Berlusconik esandakoa ez betetzea leporatu dio Bersaniri, Mariniren hautagaitza baztertu eta Prodi proposatuta. "Borroka gogorra izango da; PDk huts egin du bere aukeraketan", esan du.
Diputatuen Ganberako ordezkariek, senatariek eta eskualdetako beste 58 ordezkarik dute botorako eskubidea. Lehenbiziko hiru bozketatan gutxienez 672 boto lortu behar zituen hautagaietako batek, eta hortik aitzinera, 504. Marinik 521 boto lortu zituen lehen bozketan. PDko eta PDLko babes osoarekin, 638 lortu behar izan lituzke.
M5Sk Stefano Rodota legelaria aurkeztu du hautagai, eta emaitza txukunak lortu ditu. Lehenbiziko bozketan 240 boto jaso zituen; M5Sk 162 ordezkari ditu, beraz, 78 boto gehiago jaso ditu. Litekeena da PDko disidenteen eta Ezkerra, Ekologia, Askatasuna PDren aliatua den alderdiko ordezkarien botoak jaso izatea. Rodotak 80 urte ditu, Marinik bezala. Ez zen M5Sk proposatutako lehen aukera. Internet bidez Milena Gabanelli kazetaria aukeratu zuten hautagai, baina hark uko egin zion.