Kataluniako erreferenduma

"Gaur Espainiako Estatuak orain arte galdu duena baino gehiago galdu du"

Probokazioen aurrean herritarrek izan duten jarrera baketsua txalotu dute Generalitateko kideek. Bozkatzen lehenegoetarikoak izan dira Forcadell, Junqueras eta Puigdemont.

jarraia145785.jpg
2017ko urriaren 1a
08:36
Entzun

Cornellan bozkatu behar izan du Carles Puigdemont presidenteak. Izan ere, 09:30erako Sant Julia de Ramisen espero bazuten ere, minutu batzuk lehenago Guardia Zibila sartu da bozkalekura, eta eraman egin dituzte hautetsontziak. Ordea, segurtasun indarrak joan ostean, han bildutako herritarrei eta alkateari babesa ematera joan da Puigdemont.

Txaloka eta "votarem" oihukatuz hartu dute herritarrek Generalitateko presidentea. Hark, hunkiturik, eskerrak eman dizkie, eta adierazi du ezer gutxi dagoela esatekorik: "Indarkeria, borrak, gomazko pilotak erabili dituzte modu baketsuan bozkalekuetan bildu den jendearen aurka. Gaur, Kataluniako herriak orain arte irabazi duena baino gehiago irabazi du".

Bide beretik jo du Carme Forcadell parlamentuko presidenteak ere bozkatu ostean egindako adierazpenetan, eta azalpenak eman beharko dituela ohartarazi dio Espainiako Estatuari: "Harro sentitzen naiz gaur herritarrek erakutsi duten demokraziarekiko maitasunagatik. Modu baketsuan, demokratikoki eta ilusioz, gure etorkizuna erabakiko dugu".

"Herri honek beharrezko bide guztiak topatuko ditu demokrazia defendatzeko", iragarri du Junqueras presidenteordeak botoa emandakoan, eta gogorarazi du mundu osoak ikusi duela zein den Espiniako Gobernuaren erantzuna.

Mahaien %96, irekita

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, berriz, ontzat eman du gaur goizean bozkatzeko jarri den mahai kopurua. Adierazi duenez, bozkalekuen %96 irekita daude —goizean %73 izan dituzte zabalik—, eta herritarrak normal ari dira bozkatzen mahai horietan.

Espainiako Estatuaren "blokeo eta eraso informatikoak" direla eta, "pazientzia" eskatu die herritarrei. Azaldu du laguntza teknikorako baliabideak dituztela mahaietako arduradunek aurreikusiak zituzten gorabeheretarako.

Generalitateak eskertu egin du herritarren jokabide "bakestu eta zibikoa", eta bozkatzeko eskubidearen alde erakutsi duten konpromisoa. Aldiz, Madrilen "errepresioa" eta "estatu indarkeria" gaitzetsi ditu. "Francoren garaitik sekula ikusi gabekoak" gertatzen ari direla nabarmendu du. Turullek Espainiako polizien indarkeriaren erantzuletzat jo du Enric Millo i Rocher Espainiako Gobernuaren Kataluniako ordezkaria, eta haren berehalako dimisioa galdegin du.

Halaber, Europako Batasunari dei egin dio Espainiako Estatuak hartu dituen neurriei erreparatzera eta haiek gaitzestera. "Hau Europako Batasunaren barne arazo bat da, eta gu herritar europarrak gara".

Espainiak desegintzat jo du erreferenduma

Kataluniako etorkizunari buruzko erreferenduma desegintzat jo dute Espainiako Gobernuko iturriek, argudiatuz historian "inoiz ikusi gabekoa" dela bozkalekuak zabaldu baino 45 minutu lehenago bozkatzeko arauak aldatzea, "eurek nahi duten emaitza lortzeko".

"Zuzenbide estatuak, proportzionaltasunarekin, erreferenduma eragotzi du", adierazi du Soraya Saenz de Santamariak. Zoidoren eta PPko beste ordezkarien bidetik, gaurkoa ezin dela erreferendum baten gisan hartu adierazi du, eta goraipatu egin du segurtasun indarren jarrera.

"Lerro politikoak profesionalen gainetik" jarri dituztelako "esku hartu behar" izan dutela adierazi du Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkari Enric Millok. Guardia Zibila eta Espainiako Polizia bozkalekuetan indarrez sartu eta minutu gutxira egin ditu Millok adierazpenok.

Generalitateko bozeramaile Jordi Turullek jakinarazi duenez, errolda unibertsalean oinarrituko da gaurko bozketa, eta, beraz, herritarrek edozein bozkalekutan eman ahal izango dute botoa, baita etxean inprimatutako botopaperak eramaten badituzte ere. Neurri horiek, ordea, "lotsagarritzat" jo dituzte Mariano Rajoy gobernuburuaren gertukoek, eta jarrera horrekin desegintzat jo dute "legez kanpoko erreferenduma". "Erroldarik gabe, etxean inprimatutako botopaperekin eta norberari gogoak ematen dion bozkalekuan. Irailaren 6 eta 7an gertatutakoa demokraziarentzat lotsagarria izan zen, eta gaurkoa hauteskundeak lotsagarri uztea da".

Herritarrei ere mintzatu zaie Millo, eta "egoera ulertzeko" eskatu die, esanez helburua ez direla eurak, "hautetsontziak eta botopaperak" baizik. Bide batez, gogorarazi du mossoena zela bozkalekuak ixteko ardura, baina haiek itxi ez dituztenez eurek itxi behar izan dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.