Gaur libratuko dituzte Shalit soldadu israeldarra eta 447 preso palestinar

Shaliten truke 1.027 preso aterako ditu espetxeetatik Israelek; 550 hemendik bi hilabetetara askatuko dituela iragarri duLaukotea bi aldeekin bilduko da hilaren 26an, negoziazioetarako agenda zehazteko

2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Gilad Shalit soldadu israeldarra eta 1.027 preso palestinar aske utziko dituen operazioa prest dago. Hamasek eta Israelgo Gobernuak akordioaren xehetasunak zehaztu dituzte azken orduetan, eta gaur, ezustekorik ezean, aske utziko dituzte Shalit, lehenik, eta 477 preso, ondoren. Gainontzeko atxiloak bi hilabete barru aterako dituzte espetxeetatik, operazioaren bigarren fasean.

Atzotik, hain justu, militarrek hartu dituzte truke hori egitekotokiak, segurtasun neurri handiekin egingo baitute. Hainbat errepide ere itxi ditu Israelgo armadak, ezusterik izan ez dadin.

Hasiera batean erabakitakoaren kontra, Hamas izango da urratsak egiten lehena, 06:00etan Shalit Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkarien esku uztekoak baitira Gazan. Horiek Israelgo soldadua bizirik dagoela egiaztatu eta gero lehen 27 presoak aske uzteko konpromisoa hartu du Israelek. 27 emakume, hain justu. Israelgo hedabideetan zabaldu dutenaren arabera, ordea, negoziazioetan Tel Avivek Hamasi bermeak eskatu dizkio Shalit onik dagoela ziurtatzeko.

Gazatik Egiptora eramango dute Shalit, eta han Israelgo armadaren esku utziko dute. Osasun azterketa egingo diote, onik dagoela ziurtatzeko, eta orduan, akordioaren lehen fasea amaitzeko gainontzeko 450 presoak aske utziko ditu Tel Avivek.

Hamasek ongietorria prestatu die Gazara itzuliko diren 295 «heroiei». Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak ere ospakizunak antolatu ditu Zisjordaniara itzuliko direnak omentzeko. 39 presok, baina, erbestera jo beharko dute ezinbestean, horixe izan baita Tel Avivek ezarritako balditzetako bat. Musa Abu Marzuk Hamaseko bigarren buruak argitu duenez, hiru herrialde daude preso horiek hartzeko prest. Turkia eta Qatar aipatu ditu Abu Marzukek, eta Al-Hayat egunkariak hirugarrena Siria dela jakinarazi du.

Shalit, berriz, Israelgo Tel Nof base militarrera eramango dute etxera itzuli aurretik. Han senideekin elkartuko da 2006tik bahituta egon den soldadua. Benjamin Netanyahu lehen ministroa, Ehud Barak Defentsa ministroa eta Benny Gantz armadako burua ere ekitaldian izango dira.

Poza eta beldurra

Israeldar gehienak pozik daude gobernuak egin duen akordioarekin, baina gizartean zatiketa nabarmena da. Ekialde Hurbileko gatazkaren sinbolo bilakatu da Shalit, eta haren itzulera Israelen aspaldian esperotakoa bada ere, herritar asko trukearen ondorioen beldur dira. Izan ere, Netanyahuk soldaduaren truke prezio garestiegia ordaindu duela uste dute hainbatek.

Biktima eta biktimen senide askok, hain zuzen, preso palestinarrak aske uzteko erabakiaren aurka egin dute. Atzo hainbat lagunek manifestazioa egin zuten Jerusalemen, akordioa bertan behera uzteko eskatzeko.

Almagor biktimen elkarteak, berriz, trukearen aurkako helegitea aurkeztu du Israelgo Auzitegi Gorenean, baita biktimen bi senidek eta Jerusalemgo bizilagun batek ere. Operazioa 48 orduz atzeratzeko eskaria egin du Almagorrek, batetik, eta akordioa Israelen segurtasunerako arriskutsua izango dela argudiatuta, trukea baliogabetzeko eskatu du, bestetik. Shaliten gurasoek, berriz, akordioaren defentsa egin dute epaileen aurrean, eta atzerapenek euren semearen bizia arriskuan jar dezaketela azaldu dute. Auzitegian tentsio uneak izan ziren atzo, biktimen eta Shaliten senideen artean. Epaileek gaur goiza baino lehen helegiteak atzera botatzeaespero zen, operazioa ahalbidetzeko.

Almagorreko kideek adierazi dute epaileek ezetz baina denborak arrazoia emango dietela. «Atentatu gehiago egiten dituztenean trukearen damu izango dira israeldar asko», kritikatu dute.

Netanyahuk, hain justu, eskutitz bat igorri die palestinarrek eginiko erasoen biktimei akordioaren zergatiak azaltzeko. Sentitzen duten minarekin bat egiten duela azaldu die lehen ministroak, baina herritarrak defendatzera bidalitako soldadu guztiak etxera onik itzultzeko betebeharra duela adierazi die. Inoiz hartu duen «erabakirik zailenetakoa» izan dela ere idatzi du lehen ministroak eskutitz horretan.

Hutsuneak presoen zerrendan

Atzo sinatu zituen Simon Peres Israelgo presidenteak aske utziko dituzten presoen indultuak. Palestinar askoren ustez, baina, preso garrantzitsuak falta dira zerrenda horretan. Izan ere, Peresek ez du sinatu ez Maruan Barguti Al Fatako buruaren, ez Ahmed Saadat PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearen buruaren barkamenik, besteak beste. Atzo, Ramalan, manifestazioa egin zuten hainbat lagunek, euren senideak akordioaren ondorioz askatuko ez dituztela-eta protesta egiteko.

PANek akordioa kritikatu du, «pisu handiko presoak» ez dituztelako askatuko. Hamasek baina Israelek ere negoziazioan amore eman behar izan duela dio. Besteak beste Jerusalemgo hainbat preso, Israelgo arabiarrak eta israeldarren aurka operazioak egin dituztenak aske uztea onartzea lorpenak direla dio

Bestalde, Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBak, EB, Errusia eta NBE— jakinarazi du urriaren 26an israeldar nahiz palestinarrekin biltzeko asmoa duela. Alde bakoitzarekin bereizita elkartuko dira, baina negoziazioak berpizteko agenda zehaztu nahi dute egun horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.