Eguzkia ezkutatzearekin batera sartuko da indarrean asteburuan AEBek eta Errusiak hitzartutako su-etena. Siriako albiste agentziek zabaldu dutenez, Baxar al-Assad presidenteak berak ere onartu du akordioa. Ordea, talde armatu txikiek hura betetzen duten ikusi beharko da datozen orduetan. Esaterako, Ahrar al-Sham matxino taldeak iragarria du ez duela menia beteko, argudiatuta hitzarmenaren "helburu bakarra" dela Al-Assad presidentearen botere eremua handitzea.
Su-etenak, dena den, ez du eraginik izango EI Estatu Islamikoaren eta Sortaldea Konkistatzeko Armadaren aurkako borrokan. Moskuk eta Washingtonek bat egingo dute haien aurka. Hala, AEBek eta Errusiak martxan jarriko dute postu militar bateratu bat, EIren eta Sortaldea Konkistatzeko Armadaren aurkako erasoak koordinatzeko.
Erasoaldi gogorra
Gogorrak izan dira su-etena indarrean sartu aurreko orduak. Zenbait iturrik salatu dutenez, gobernuaren aldeko indarrek bonbardatu dituzte matxinoen kontrolpean dauden hainbat eremu, tartean Idlib eta Alepo. Horien arabera, ehundik gora izan daitezke hildakoak.