BSP Bulgariako Alderdi Sozialista alderdi komunista ohia gaur egingo diren legebiltzarrerako bozak irabazteko faboritoa da. Oposizioan dagoen alderdiak bozen %38 eta %45 artean eskuratuko ditu, inkesten arabera. Simeon Sajonia-Coburgo errege ohiaren alderdiak, berriz, botoen %22 eta %25 artean lortuko lituzke. Sozialistak gehiengo absolutua lortu ezean, litekeena da koalizioa osatzea gutxiengo turkiarren interesak defendatzen dituen Askatasunen eta Eskubideen Mugimenduarekin. Gainerako alderdiak zentrokoak edo eskuinekoak dira. Azken hauteskundeak irabazi zituen errege ohia ez dagoela sozialistekin koalizioa eratzeko prest jakinarazi du kanpainan zehar.
Agintaldiko lau urteetan lehen ministroak egin duen politika eskasa da herritarrengan aldaketarako gogoa piztu duen arrazoi nagusia. Teknokratez osatutako taldeak ekonomiaren alorrean aurrerapausoak egiteko gai izan da, hala ere, biztanleen egoera larria da Bulgarian. Ekonomiaren hazkundea %4koa izan da urtero eta langabezia %19tik %12ra jaitsi da. Pobrezia, ustelkeria eta mafia dira herrialdearen arazo larrienak. Bataz beste 150 euroko soldata dute herritarrek.Komunisten sarreraren ondoren erbestean babestu eta gerora bozak irabazi zituen errege ohiak agintaldian zehar akatsak egin izana onartu du. Lau urtetan sei zentzura mozio aurkeztu dituzte bere kontra. Oposizioak herrialdera ondasunak berreskuratzeko asmo bakarrarekin joan dela leporatzen dio.
EBren krisiarekin kezkatuta
Europako Batasunean dagoen krisiak hurrengo hedapenean sartzeko arazoak sortzea kezkatzen ditu agintariak. 2007. urtean zen sartzeko EBn. Frantziak itunari emandako ezetzaren atzean ekialdeko hurrengo kide berrienganako mesfidantza dagoela uste dute bulgariarrek.
Bruselak ezartzen dizkion baldintzak bete beharko ditu aurretik baina Bulgariak. Sistema judizialean ustelkeria amaitzeko erreformak egin beharko ditu, ildo horretan, urtebeteko epean. Sofiak iragan apirilaren 25ean sinatu zuen bat egiteko ituna baina xedapen batean zehazten da urtebetez luzatu daitekeela bere sarrera.
BULGARIA. HAUTESKUNDEAK
Gaurko bozak irabazteko oposizioan dauden sozialistak dira faborito
Simeon Sajonia-Coburgo errege ohiak lehen ministro kargua galduko luke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu