Presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur Bielorrusian. «Plazara ateratzen diren oposizioko ordezkariak errepidera begira etzango ditugu», ohartarazi zuen herenegun segurtazun indarretako buruak. Gobernuak iragarri zuen ez zuela manifestaziorik onartuko. Manifestatzen zirenei «lepoa bihurrituko» ziela ohartarazi zuen Alexandr Lukashenko presidenteak. Haren arabera, estatu kolpea egiteko asmoa du oposizioak.
AEBek Lukashenko «Europako azken diktadorea» dela dio. EBko Atzerri gaietarako komisario Benita Ferrero-Waldnerrek, berriz, iragarri zuen estandar demokratikoak bete ezean, neurri gogorrak hartuko zituztela.
Lukashenko faborito
Alderdi demokratikoekin koalizioa osatzea lortu duen Alexandr Milinkievitxe da Lukashenkoren aurkari nagusia. Oposizioak, nazioarteak bezala, iruzurtzat jo ditu bozak.
Inkesten arabera, 1994az geroztik agintean dagoen Lukashenkok irabaziko du gaur, botoen %60rekin. Hori erabili zuen presidenteak argudiotzat, bozetan iruzurrik ez zela egongo esateko: «Zertarako faltsutuko ditut bozak, hautesleen %78k sostengua agertuko badidate». Azken asteotako neurriek oso bestelako egoera adierazten dute. Hauteskundeak gainbegiratzera zihoazen Georgiako bederatzi diputaturi ez zieten herrialdean sartzen utzi, herenegun.
Gaurko bozak iruzurra direla salatu dute nazioarteak eta oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu