Legebiltzarreko 129 diputatuetatik 73 barrutika hautatuko dituzte, eta beste 56 eskualdeka. Eskozia zortzi eskualdetan banatuta dago. Horrez gain, udal hauteskundeak ere egingo dituzte Eskozian, 32 udalerritan.
ICM etxeak eta The Scotsman egunkariak batera eginiko azken inkestak erakusten du beldurraren mezuak emaitza onak eman dizkiola Alderdi Laboristari, behintzat boto asmoetan. Halere, SNP doa oraindik aurretik boto asmoetan, %2ko aldearekin barrutikako botoetan eta %1ekin eskualdekakoetan. Inkesten arabera,SNPk 43 diputatu lortuko ditu, (egun, 26 ditu), eta laboristek 42 (egun, 50). Liberal Demokratek 23(egun, 17), kontserbadoreek17 (gaur egun bezala), Berdeek bat (egun, zazpi) eta besteek hiru (egun, 12). Kanpaina hasi zenetik, duela bost astetik, SNPrekiko sostengua egonkor mantendu da, eta laboristekikoak gora egin du.
POLARIZAZIOA AREAGOTUZ JOAN DA. Alderdi abertzale nagusiaren eta laboristen arteko lehia gogortu ahala, areagotu egin da polarizazioa, eta liberal demokratek orain arte inkestetan zuten babesa murriztu da, eta barrutikako botoetan %19tik %16ra jaitsi da, eta eskualdekako botoetan %17tik %16ra.
Duela lau urte parte-hartzea %50 baino txikixeagoa izan zen; orain hala laboristak nola independentistak hautesleak mobilizatzen saiatu dira. SNPk %60ko parte-hartzea espero duela adierazi du. Gobernatu ahal izateko 129 eserlekuetatik 65 gutxienez izatea -bakarka nahiz koalizioan- beharrezkoa denez, eta argi dagoenez SNPk eta laboristek ez dutela elkarrekin koaliziorik osatuko, koalizioen kinielan, liberal demokratez gain, kontserbadoreak eta berdeak ere sartuko lirateke.
Gaur egun, Alderdi Laborista da nagusi Edinburgon, eta Liberal Demokratekin osatzen du koalizio gobernua, bai 1999tik bai 2003tik. Laboristek 50 diputatu dituzte, eta liberal demokratek 17. Bigarren indarra da SNP, 26 diputaturekin -bat Legebiltzarreko presidentea da-, eta kontserbadoreek 17 dituzte, 2003an lortutako diputatuetako bat independente bilakatu ondotik. Berdeek (SGP), sozialistek (SSP Eskoziako Alderdi Sozialista eta Solidarity alderdia), herritar zaharrek (SSCUP) eta independenteek osatzen dituzte talde parlamentariorik txikienak.
SNP nagusituz gero, erreferenduma egin nahi du independentziaz. Jakinarazi duenez, 2010ean egingo luke, lehenik «trantsizio tarte bat» utzita, herritarrak«SNPren gobernuaren onurez konturatzeko». Hain justu, datorren maiatzaren 9an hasiko den legegintzaldi berriaren bukaera aldera egingo luke galdeketa.
INGALATERRAN ERE, UDAL BOZAK. Eskoziaz gain, Ingalaterra ere izango da laboristen arretaren jomuga, 312 udalerrietarako bozak -Londresen iaz bozkatu zuten-egingo baitituzte gaur. Blairren agintaldi bukaeran bere alderdiaren ibilbideaz nolabaiteko epaia adieraziko dute ingelesek ere. Inkestek kontserbadoreak dauzkate faboritotzat.
AzKen InKesTa
34
SNP alderdiaren boto aurreikuspena. ICM etxeak atzo zabaldutako inkestaren arabera, barrutikako botoetan SNPk botoen %34 lortuko ditu, laboristek %32, liberal demokratek %16. Eskualdekako botoetan, SNPk %30 eskuratuko ditu, laboristek %29 eta liberal demokratek %16.siobhan methers Eskoziako Liberal Demokraten hautagaia
«Erreferendumaren auziak bere lanetik desbideratuko luke Gobernua»
j.m. sarasolaEskoziako Liberal Demokraten hautagaia da Siobhan Methers, Erdialdeko barrutitik. Argi utzi du bere alderdiak ez duela autodeterminazio erreferendumaz deus jakin nahi.
Zeintzuk dira zure alderdiak dituen egitasmo eta proposamen nagusiak?
Gure ustez, gehiago egin behar da Lurraren berotzeari aurre egiteko eta jende gaztearen etorkizunean nahiz tokiko osasun zerbitzuetan inbertitzeko. Halaber, tokiko komunitateei botere handiagoa eman behar zaie, beren auziak bertatik kudea ditzaten. Komunitateez ari naizenean, ez naiz tokiko gobernuez ari, jende multzoez baizik.
Laboristen eta SNPren arteko polarizazioa gerta daitekeela uste duzu, ala laboristekin kontent ez daudenen botoak bilduko dituzuela? Zer-nolako emaitzak espero dituzue?
Eskozian barrena oso emaitza onak izatea espero dugu. Eskoziarrak laboristekin aspertuta daude, eta kanpainan atez ate ibili garenean oso erantzun ona jaso dugu herritarrengandik.
Berriz ere koalizio gobernuan egotea aurreikusten duzue, dela laboristekin dela SNPrekin?
Liberal demokratak ahalik eta diputatu gehien lortzen saiatuko gara, gure oinarria sendotzeko. Ez dugu baztertzen koalizioa osatzea, eta ateak irekita ditugu batekin edo bestearekin hura osatzeko. Alabaina, ez dugu koaliziorik osatuko independentziaren gaineko erreferenduma egiten tematzen den alderdi batekin.
Dena den, Donald Garrie diputatu liberal demokrata erretiratuak esan du alderdiak ez diola inoiz ezetz esan behar independentziari buruzko erreferendumari...
Alderdiak, oro har, ikuspuntu pertsonaltzat dauka Garrierena. Nolanahi ere, uste dugu erreferendumaren auzia nahasgarria litzatekeela Gobernurako; bere lanetik desbideratuko luke, hala nola hezkuntza eta osasun arloa hobetzetik eta krimenari aurre egitetik. Ez dugu auzi konstituzionalek Gobernua bere zereginetik desbideratzerik nahi.
SNPk erreferendumaren auzia oraingoz bazterrean utziko balu, zer jarrera hartuko zenukete harekin?
Bai, auzi hori bazter utziko balute, ez genuke inolako arazorik izango haiekin elkarlanean aritzeko. Ildo askotan ados gaude. Ezadostasun nagusia auzi konstituzional horrekiko [erreferenduma] jarrera kontrajarria da.
Nola ikusten dituzue egun Eskoziak eta Erresuma Batuak dituzten harremanak, eta nolakoak beharko lukete izan etorkizunean?
Liberal Demokratok uste dugu autonomia prozesua ondo joan dela, baina lehen zortzi urteetan [1999an berrezarri zuten autonomia] zenbait arazo izan dira; gure ustez, autonomia prozesu bat da, une bakarreko ekintza baino gehiago. Hortaz, Erresuma Batuarekiko harremanetan aldaketak egon beharko dute denborarekin. Eskoziako Legebiltzarrak botere handiagoa izan dezan nahi dugu Liberal Demokratok, ez, ordea, independentzia.
Eskoziak nola kudeatu beharko lituzke dituen energia baliabideak, hala nola Iparreko Itsasoko petrolio eta gasa?
Ez dago argi nork duen petrolio eta gas horrekiko jurisdikzioa, eztabaida handia dago. Egun, Eskoziak dezente jasotzen du Erresuma Batutik, hainbat alorretan. Uste dut hobe litzatekeela baliabide natural horiek partekatzea. Elkarrekin indartsuagoak gara.