KOSOVOKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK

Gaurko bozek Kosovoren estatusa baldintzatuko dute

NBErekin negoziatzen hasi ahal izateko, bazterketa bukatu eta serbiarren segurtasuna bermatu beharko du Gobernu berriak datorren urtearen erdialderako

arantxa elizegi egilegor
2004ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira gaur Kosovon. 1,4 milioi hauteslek 120 diputatuetatik 100 aukeratuko dituzte. Besteak gutxiengo etnikoentzako dira. Adituek orain arteko bozik garrantzitsuenak direla esan dute. Baina bozen ondorenak kezkatzen ditu herritarrak.

Boikota eta independentzia dira kanpainan gehien errepikatutako hitzak. Albaniarrek independentzia nahi dute. Horretarako, Gobernu berriak NBEren baldintzak bete beharko ditu 2005aren erdirako. Bazterketarekin bukatzea eta serbiarren segurtasuna bermatzea dira horietako bi. Egun UNMIK Nazio Batuen Erakundeko Kosovoko Misioak administratzen du herrialdea eta agintarien erabakiak atzera botatzeko aukera du.Kosovo Belgraden menpe egotea eta euren segurtasuna bermatzea nahi dute serbiarrek. 1,9 milioi kosovoarretatik 80.000 serbiarrak direla uste da. Bi alderdik ordezkatuko dituzte horiek. Boikotaren aldekoa da bata eta aurkakoa bestea. Serbiarren segurtasuna bermatuko duen neurririk ezean, ez dutela bozkatzera joan behar esan zuen Serbiako lehen ministro Vojislav Kostunicak.Serbiar nazionalistek gehiengo serbiarra duten herriak Belgraden menpe egoteko eskatu zuten. Baina NBEk atzera bota zuen proposamena. Serbiako presidenteak, aldiz, bozkatzera joateko eskatu zien Kosovon bizi diren serbiarrei.

Bozen kontrako kanpaina

Kosovoko iparraldean bizi diren serbiar gehienak boikotaren aldekoak dira. Eurek sortu dute Kosovoko Hauteskundeen Kontrako Erakundea izeneko taldea. Erakunde horrek kaleratutako dokumentu baten arabera, bozkatzea Kosovoren independentziaren alde egitea da: «Ezin diegu hori egin gure ondorengoei. Are eta gutxiago gure etsaiek nahi dutena dela jakinik».

Inkesten arabera, Ibrahim Rugova Kosovoko egungo gobernuburuaren alderdiak, Kosovoko Liga Demokratikoak (LDK) ditu irabazteko aukera gehien. Botoen %37 lortuko lituzke berak. Eskualdearen independentziaren aldekoa da Rugova. Bigarren lekuan legoke, Kosovoko Alderdi Demokrata (PDK) botoen %22rekin eta hirugarrenean, berriz, Kosovoren Etorkizunerako Aliantza (AAK) %6rekin. Bi horiek ere independentziaren aldekoak dira. Hiru alderdi horiek dira egun Legebiltzarrean gehiengoa dutenak.Independentziaren aldeko botoa eskatu zuten alderdiek atzo. «Kosovorentzat ez dago independentzia lortzeko beste biderik», esan zuen PDK-ko buruak.

-

Bost urteko prozesua





1999ko ekaina: Slobodan Milosevic garai hartako presidenteak tropak erretiratzea onartu eta OTANek erasoak eten zituen. Kosovoren Askapenerako Armadak desarmea onartu zuen eta NBEk Kosovoko Bakea Gauzatzeko Indarra sortu zuen.

2002ko otsaila: Ibrahim Rugova presidente hautatu zuten eta Bajram Rexhepik lehen ministro kargua hartu zuen.

2003ko urria: Serbiarren eta Kosovoko albaniarren arteko lehen harremanak izan ziren, gerra amaitu zenetik.

2003ko abendua: Kosovoren estatusa erabakitzeko bete beharreko baldintzak ezarri zituen NBEk.

2004ko martxoa: 19 pertsona hil ziren serbiar eta Kosovoko albaniarren arteko enfrentamenduetan.

2004ko urria: Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak egingo dira.

-

ARAZO EKONOMIKOAK



 

Kosovoarren %60 langabezian bizi dira





Europako langabezia tasarik handiena Kosovok izango du segur aski. NBEren administraziopean dagoen herrialde horretan 1,9 milioi herritarren %60 lanik gabe daude. Ondorioz, ekonomia bilakatu da hauteskunde kanpainako protagonistetako bat. Hautagaiek lanpostuak sortu eta egoera hobetuko dutela agintzen diete herritarrei. Ekonomialariek, baina, politikarien hitzak zentzugabeak direla salatu dute. Arazo ekonomikoak konpondu ahal izateko, gutxienez, hiru edo lau urte behar direla esan dute adituek.

Nusret Selimik 18 urte ditu, eta eskuko telefonoentzako kreditu txartelak saltzen egiten du lan, Pristinan. Saltzen duen txartel bakoitzeko 50 zentimo irabazten ditu, hilean 100 euro inguru. Kosovon ehunka gazte daude Selimiren egoera berean. Analisten arabera, pobrezia izan zen martxoko enfrentamenduen eragileetako bat. Orduan, 19 pertsona hil eta beste 4.000ak etxetik ihes egin zuten albaniarren eta serbiarren arteko borroken ondorioz. Liskarretan parte hartu zuten gehienak langabetuak ziren.«Atsekabetuta daudenak manipulatzea erraza da. Bultzada txiki batekin atsekabea gorroto bilaka daiteke», azaldu du Fatmir Collaku soziologoak. Bere esanetan, arazoa konpondu ezean, liskar gehiago izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.