SRI LANKA 

Gaurko bozetako emaitzek eragin zuzena izango dute su-etenean

Azken urteetako kanpainarik baketsuena izan den arren, sei lagun hil dira hauteskunde bezperan

Zigor Aldama.
COLOMBO-JAFFNA-TRINCOMALE
2005eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ikusmina. Sri Lankako biztanleen artean hori da nagusitzen den sentimendua gaur egingo diren presidentetzarako hauteskundeak direla eta. Itxaropena. Bake elkarrizketak berriz hasteko eta gizartean zein politikan bizi duten egoera zatikatua amaitzeko. Ez gerra eta ez bakea deitzen diote egoera horri. Irrikaz espero dituzte emaitzak. Muturreko kasuan gerrari berriz ekiteko arrazoiak izateko eta, biztanle gehienen kasuan, aldiz, adiskidetzeko bideak irekitzeko. Hori dela eta, emaitzak jakin arte hiruzpalau egun igaroko dira, astebete beharbada.

Mahinda Rajakpasa egungo lehen ministroak gaurko bozak irabaziko balitu armen hotsa berriro entzungo litzatekeela argi dute guztiek. «Goiz edo berandu, zuzentzen duen koalizioko muturreko elementuak agerian geratuko dira eta LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen taldearen aurkako jarrera zorrotza galdegingo dute», ziurtatu zuen J. Christy Tissera fraide frantziskotar tamil batek. «Eta hori da gerrillak espero duena berriro ere borrokak abiarazteko. Rajakpasak galtzea da esperantza bakarra eta Ranil Wickremsinghe Batasun Nazionalaren Alderdiko buruak garaipena lortzea». Presidentetzarako hauteskunde hauek, beraz, erabakigarriak dira lehen Ceilan izena zuen uhartearen etorkizunarentzat. Bake prozesua kanpainako gai garrantzitsua izan da. Bi hautagai nagusiek jarrera guztiz ezberdinak defendatu dituzte: Rajakpasa egungo lehen ministroak azaldu zuenez, ez du sekula onartuko estatu tamil independente baten sorrera. Wickremsinghek, berriz, LTTErekin sinatutako su-etenari jarraipena emateko asmoa agertu du.Sri Lanka iltzez eta giltzez itxita dago oraingoz. Kolonbo hiriburan segurtasun neurriak indartu dituzte atentatuak saihesteko eta Kalashnikovak bat egin dute paisaiarekin. Baita barrikadak eta lurrez betetako zakuek ere. Dendak itxita daude eta uhartean lan egiten duten GKE gobernuz kanpoko ehunka erakundek beren jarduera bertan behera uzteko erabakia hartu dute. «Segurtasuna funtsezkoa da eta egunotan indarkeriak gora egingo duela aurreikusten da», azaldu zuen Jeronimo Candela Munduko Medikuak erakundeko proiektuen arduradunak. NBE Nazio Batuen Erakundeko langile askok ere euren lanpostuak utzi dituzte. «Asko beldur dira aterarazi egin behar dituztela uste dutelako», onartu zuen Agron Bragaj ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak Jaffna hirian duen bulegoko zuzendariak.

Giro beroa

Bertako biztanleak, baina, baikorragoak dira: «Ez dugu uste hauteskunde hauek berriro ere gerrara eramango gaituztenik. Beharbada, tentsio uneak egongo dira, baina inork ez du gure herriak sufritzen jarraitzerik nahi», adierazi zuen Trincomaleeko tamil batek. Trincomalee da, hain zuzen, arazo larrienak espero dituen guneetako bat. Herrialdea iparraldetik hegoalderaino zeharkatzen duen errepidea ia-ia hutsik dago, eta estutasuna nabaria da. Gobernuaren eta LTTEaren kontrolak sarriak dira eta soldadu batek azaldu zuenez, «egun hauetan armek segurua jarri gabe dute». Dirudienez, azken hogei urteetako kanpaina baketsuena izan da aurtengoa. Hala ere, gutxienez sei lagun hil ziren atzo. Horien artean bi polizia eta tamilen gerrillako bi kide.

Sri Lankako presidente Chandrika Kumaratungaren adierazpenak, giro bero horren aurrean, bestelakoak dira. Daily News tokian tokiko egunkariari egindako adierazpenetan ziurtatu zuenez, «bake prozesua atzeraezina da eta gorabeherak jasan arren, irabazten duenak irabazten duela ere, arrakasta izango du». Dirudienez, gutxik sinesten dituzte bere hitzak. «Bake prozesua geldirik zegoen bitartean tentsioak gora egin du azken bi urteetan. Joan den urtean, tsunami-aren ezbeharrak nazioartearen arreta erakarri zuen eta bakerako aukera berri bat begiztatu zen. Zoritxarrez, ez da horrela gertatu», azaldu zuen Lyndon Jeffels Sri Lankan lanean ari den ACNUReko informazio arduradunak. Tsunami-ak kalte gehien eragin zuen eremuan oposizioaren garaipena espero dute horrela pairatzen ari diren krisiari amaiera eman ahal izateko.Ustez, iparraldeko penintsula txikian, jende askok ez du adorerik izango bozkatzera joateko. Penintsula txiki hau gobernuko indarren gotorlekua da baina LTTEko miliziez inguratuta daude. «LTTEak abstentzioa eskatu du, bozkatzera joatea gure bizitza arriskuan jartzea litzateke. Ez dago gure bizitza arriskuan jartzea merezi duen hautagairik», azaldu zuen Varapasim Jaffna inguruan bizi den errefuxiatu tamilak.

Bi hamarkada borrokan

Gobernuaren eta gerrilla tamilaren arteko gatazka armatua berriro hastea tsunami-arena baino zorigaitz handiagoa litzateke. Doi-doi 16 milioi biztanle dituen herrialde batean 500.000 errefuxiatu baino gehiago eragin ditu bi hamarkadatako gerrak. Milaka lagun bizi dira egun errefuxiatuentzako behin-behineko kanpalekuetan. Hamar urte baino gehiago daramatzate bertan eta askok ez dute uste jaioterrira itzultzea lortuko dutenik. «Milaka familiaz hitz egiten ari gara. Euren sustraietatik urrundu dituzte eta aurretik zuten bizimoduarekin zerikusirik ez duten lekuetan kokatu dituzte. Beharrezkoa da eremuan bakea ezartzen saiatzea familia horiek euren jatorrizko lekuetara itzul daitezen eta ez dagokien bizimodua egiteari utz diezaioten», azaldu zuen Yasmin Ali Haque Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak Sri Lankan dituen proiektuen koordinatzaileak.

Gaur herriak hitz egingo du. Beharbada beldurrez eta lotsa apur batekin. Sri Lanka garai batean izan zen paradisua bilakatuko duten emaitza batzuen zain geratuko da. Ezbairik gabe, herrialdeak, egun, ez du zerikusirik hegoaldeko paisaia pribilejiatuez gozatzen duten surflariek ekartzen dituzten irudiekin. Sri Lanka zauritutako herrialdea da eta orbain horiek ireki egin daitezke gaurko bozetako emaitzekin. Inork ez du horrelakorik nahi, baina hori gertatuko den beldur dira guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.