Londresek eraturiko Hauteskunde Batzordeko zein OSCE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeko behatzaileek 612 hauteslekuetatik erdia inguru ikuskatuko dituzte bozkatzeko izango diren 15 orduetan. Londresek kanpaina handia egin du Irlandako iparraldeko herritarrak bozkatzera joatera bultzatzeko. «Herritarrek erabaki beharko dute Ipar Irlanda egun, duela sei, zazpi, edo 10 urte baino hobeto ote dagoen. Eta hala badago, horren alde bozkatu beharko dute», esan zuen Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak astelehenean. «Espero dut jendeak etorkizuna aukeratzea, eta ez iragana», gaineratu zuen.Adierazpenok haserrea eragin dute Ian Paysley apaiz presbiterianoaren DUP alderdian, Blairrek «iraganari» eginiko aipamena egitean Ostiral Santuko Akordioaren aurkarietaz ari zelakoan. «Neutraltasuna» haustea leporatu dio Blairri Paisleyk. «Gauza ziur bakarra dago, Tony Blairren esaldia zakarrontzian izango da asteazkenean, DUP garaile ateratzen bada», esan zuen atzo Peter Robinson alderdiko bigarrenak.Ikusmin handia dago bake prozesuaren aurka den DUPek lortuko dituen emaitzen inguruan. Baliteke Paisleyren taldeak prozesuarekin pozik ez diren muturreko unionisten bozkak biltzea, eta taldeak negoziazioan murgildu den David Trimble buru duen UUP Ulsterko Alderdi Unionista gainditzea. Hala gertatuz gero, baliteke bake prozesua erabat gelditzea.Irlandako iparralderako autonomiaren inguruan proposamena argitaratu zuen DUPek joan zen ostegunean. Gobernua eratzea ez dela ezinbestekoa dio alderdiaren proposamenak, eta horren ordez diputatuen «borondatezko koalizioak» egin daitezkeela diote. Honez gain, Ostiral Santuko Akordioaren arabera protestanteek eta katolikoek partekatu behar dituzten erakundeetatik Gobernua esaterako alderdiak kaleratzeko mekanismoa ezarri behar dela dio DUPk.Muturreko unionisten asmoak gaitzetsi ditu SDLP Alderdi Sozial Demokrata eta Laboristak nazionalista moderatua. Ostiral Santuko Akordioa ez dela aldatuko esan zion DUPi Mark Durkan SDLPko buruak, eta «borondatezko koalizioa» nazionalistak baztertzeko eta bake akordioa zapuzteko trikimailutzat jo.
SF lehen indar nazionalista?
Behatzaile askoren iritzian, Sinn Feinek SDLPri boto nazionalistaren buruzagitza ken diezaioke gaurko bozetan. Izan ere, botoak bikoiztu ditu alderdi errepublikanoak azken 10 urteotan. 80ko hamarkadan eta 90ekoaren hasieran, bozen %11 inguru lortzen zuen. IRA Irlandar Armada Errepublikanoak 1994an su-etena aldarrikatu zuenean %17ra igo zen, batez beste. Lau urte geroago Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenean, %21era iritsizen.
Gaurko emaitzaren gakoa «transferentzia botoak» deiturikoetan datza. Irlandako botoemaileek alderdi bakarra aukeratu beharrean, lehentasunak bozkatzen dituzte. Hau da, lehen aukeraz gain, bigarrenez nori emango lioketen boza idatzi behar dute boto-paperetan. Orain arte SDLP izan da Sinn Feinen botoemaileen transferentziaren onura jaso duena. Gaur, ordea, litekeena da egoera iraultzea.Izan ere, bake akordioarekin Sinn Fein identifikatzen dute herritarrek, ez SDLP.Unionisten transferentzia botoan zalantza gutxiago daude, ordea. David Trimblek honako deia egin zien astelehenean jarraitzaileei: bigarren aukera gisa, bake itunaren aldeko taldeak baino, beste alderdi unionistak aukera ditzatela, hau da SDLPri eman beharrean, Paisleyri bidera ditzatela euren bozak.Izan ere, SDLP zeharka laguntzearen beldur dira unionistak, Sinn Feinek gora egingo duela ikusita. UUPren buruzagitzan Trimbleren aurreko izan zen James Molyneauxek argi azaldu zuen beldur hori Belfast Telegraph egunkarian: «Unionistek amore ematen badiote SDLPk boto eta transferentzien eske eginiko limurtze lanari, unionisten hiru diputatu baino gehiago nazionalisten esku gera daitezke. Unionistak gutxiengo bilakatuko lirateke Legebiltzarrean».Bestalde, kontuan hartzekoa da azken 20 urteotan ia negu partean egiten den lehen bozketa dela. Horrek eta goizago iluntzeak 17:00etan zaharrak arratsaldez bozkatzera joatetik uzkurtuko dituen kezka dago.
-
UDALETXEETAKO SISTEMA
Lau urtean behin bozkatu; urtero alkatea aldatu
Irlandako iparraldean sistema bitxia dute udaletxeetan. Udal hauteskundeak lau urtean behin egiten dira, baina alkateek ez dute agintaldi hori betetzen. Aitzitik, zinegotzi guztien artean auzapeza izango dena hautatzen dute, ez behin bakarrik, urtero baizik. Txandakako alkatetza sistemaz mintzo, Mickek, Belfasteko errepublikano batek, zera dio: «Alkateak ez du botere exekutiborik, figura sinbolikoa da, udalaren ordezkaria eta irudi publikoa hein batean. Udaletxeko burua da, baina gainerako zinegotzien pare dago». Shankill auzoko Trevorrentzat, aldaketak ez du «garrantzia handirik». Loialista den arren, uste du aurreko alkateak, Sinn Feineko Alex Maskeyk «bi komunitateon arteko distantzia murrizteko» lan egin duela.