New York hiriak, legez behartuta ez badago ere, urtero 3.000 eta 4.000 lagun inguru uzten ditu DOC Espetxe Departamenduaren bidez ICE Immigrazio eta Aduana Zerbitzuen eskuetan. Praktika hori amaitzeko mezu argi bat helarazi zioten herritarrek Michael Bloomberg New Yorkeko alkateari, eta, bide batez, Barack Obama presidenteari: «Deportazioak geratu. Etorkinen inguruko legedia aldatu.»
Atxilotu izan ohi dituzten asko asilo eskaera egindako lagunak dira, baita giza trafikoaren biktima izan direnak, denbora luzean paperik gabe bizi direnak, gazteak, genero indarkeria bizi izandako emakumeak eta inolako deliturik egin ez duten lagunak ere. Milaka kilometrotara dauden kartzeletara bidaltzen dituzte ondoren; Texas, Louisiana edo Alabama estatuetako espetxeetara, eta bertan, bizi-baldintza anker eta gogorretan edukitzen dituzte, abokaturik gabe, mediku zaintzarik gabe, familiagandik urrun, eta deportazio aginduari aurre egiteko inolako baliabiderik gabe.
Jorjelina Aguirre mexikarraren semearen kasua da horietako bat. Jorjelina Mexikotik etorri zen AEBetara, paperik gabe eta lau seme-alabekin, 2003an. «Duela urtebete nire semea, homosexuala izateagatik, beisboleko batearekin eta gerriko batekin jipoitu zuten bi lagunek. Polizia hamabost egunetara etorri zen etxera semearen bila, erasotzaileak identifikatzera eraman nahi zutela esanez». Poliziak, ordea, salaketa aldatu, eta semeak beste biak erasotu zituela argudiatuta atxilotu egin zuten. Une honetan Rikers-eko (New York) espetxean dago «egin ez zuen injustizia batengatik». Aske geratzeko borrokan ari badira ere, auzi kriminala amaituta jaioterrira deportatuko dutela dio Jorjelinak. Oso kezkatuta dago, «lehen ere semea askotan erasotua, kolpatua eta diskriminatua izan delako Mexikon». Atzoko manifestazioan gauza bat argi aldarrikatu nahi izan zuen Jorjelinak: «Immigrazioa utz dezatela kartzelatik aparte. Horretatik independentea izan dadila nahi dugu, ni bezalako jende errugabe asko dagoelako bertan. Alkateari mezu hori helarazi nahi diogu.»
Familiak hautsita
Maria Frantzian jaio zen duela 21 urte. Bederatzi urterekin bortxatu egin zuten, eta, bera babeste aldera, AEBetan zuen familiarekin bidali zuten. Bertan, ordea, 15 urte zituela, prostituzioan aritzera behartu zuen familiak. Bere proxenetarengandik ihes egin nahian atxilotu zuten, eta Rikers-eko espetxean sartu. Mariak behar zuen laguntza psikologikoa jasotzeko, haren abokatuek lan asko egin behar izan zuten, baina azkenean baimena jaso zuten. Programa hori bukatzen duenean, haren egonaldi baimena zalantzan egongo da. Rosieren kasua antzekoa da. Bortxatu eta tratu txarrak jaso ostean, bi urte pasatu ditu kartzelan, eta orain onartu berri diote laguntza psikologikoa.
Ekuadorkoa zen 36 urteko Felix Franklin Rodriguez-Torres. Eraikuntzako langilea zela, atxilotu eta Arizonako kartzela batera eraman zuten. Familiakoei sarritan deitu zien esanez sukarra eta minak zituela eta medikuarengana eramateko eskatzen ari zela, baina ez ziotela kasurik egiten. Haren deportazioaz arduratzen zen ofizialarekin harremanetan jarri zen familia, eta hark ondo zegoela erantzun zien. Barrabiletako minbiziarekin hil zen handik gutxira.
Neurri honek familia asko hausten dituela salatu nahi izan zuten atzoko manifestazioan, eta, etorkinekiko jarrera abegikorra izan beharrean, harrera zitala egiten diela hiriak. Poliziari laguntza eskatu beharrean direnean, immigranteak beldurtu egiten dira, paperik ez dutelako. Ondorioz, zenbait krimenen lekuko izandako etorkinek ez dute hitz egin nahi izaten, deportazioaren beldur direlako.
Arnold 16 urteko mexikarra bi talderen arteko tiroketa baten lekuko izan zen. Beldurtuta ihesi zihoala bizkar zorroa ahaztu zuen. Poliziak mutikoa aurkitu, eta lekukoen babeserako bisa ateratzeko tramiteak egin aurretik, immigraziokoak bila joan zitzaizkion, eta atxilotu egin zuten. Lau hilabete pasatu behar izan ditu espetxean.
Paperik gabekoak
Zenbakiak. Ameriketako Estatu Batuetan 40 milioi atzerritar daude, horietatik %30 paperik gabekoak dira; 11,9 milioi.Mexikoko muga. Urtero milioi erdi bat lagun sartzen dira ezkutuan; Mexikoko mugatik sartzen dira gehienak.
Make the Road. Demokraziaren Eguna hirugarren urtez jarraian antolatu dute. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek egiten dute bat ekimen honekin.