GAURKOA. HONDAMENDI EKOLOGIKOA. Danubio gorria

Europako Batasuneko ibairik luzeenaren adarretara heldu da Hungariako isuri toxikoak utzitako lohia; maila apalagoan egin duela ziurtatu badute ere, inguruko herriak neurriak hartzen hasi dira.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Mundu osoko turistek dantzatu dute Johann Strauseen Danubio urdina baltsa, Europako Batasuneko ibai luzeenak bustitzen dituen txoko preziatuetan, «Danubio, horren urdin, polit eta urdin» dioen sinfonia. Hamar herri zeharkatzen ditu ibaiak, Itsaso Beltzean desagertzen den arte. Baina urdina gorriak ilunduz gero berea egingo du itsasoak belztu aurretik, ametsetako bidaia Europako herrien amesgaizto bilaka dezake-eta hondamendiak. Hungariako Ajka herriko aluminio fabrikak isuritako lohi gorri toxikoa dagoeneko iritsi da Raba eta Mosoni Danubioren adarretara, ahaleginak eta gehiago egin arren lokatza geldiarazteko. Hungaria larrialdi egoeran dago, aurrekaririk ez duen kalte ekologikoa gelditu ezinik, eta Errumania lokatza hartzeko prestatzen ari da, bihar Brazias herrialdera hel daitekeelako. Drobeta-Turnu Severin hiriburuko 100.000 pertsonak edaten du Danubiotik. Kroazia eta Serbia ere hasi dira uraren kutsadura neurtzen. Hamar milioi pertsonaren iturri da ibai urdina, Europako Batasuneko merkataritza garraiobide eta gune turistikoaz gainera.

Joan den asteleheneko gertaerak inguruko herriak eraman zituen aurrean; lau lagun hil, hiru desagertu eta 120 zauritu zituen, eta 7.000 herritar kaltetu, oraingoz. Isurketak utzi duen irudiak hotzikara ematen du, lokatza ukitzearekin bakarrik gorputza kiskaltzeko adina indar baitu. Lur eremu horretan berriz landatzen hasteko bi zentimetro lur kendu beharko dira, eta urtebete izango da horiek lantzen hasterako, urteak ingurua normaltasunera iritsi ahal izateko. Orain behintzat «ezin da bizi», Viktor Orban lehen ministroak berak ziurtatu duenez.

Arrisku maila txikiagoa

Danubiora heltzerakoan toxikotasun maila txikiagoarekin egin duela esaten ari dira. Hori ziurtatu du Hondamendien Bulegoko bozeramaileak, Gyorgyi Tuttosek: uraren pHa 9,2an dagoela, arriskuaren mugan hortxe-hortxe -13an zegoenastelehenean-. Larrialdi zerbitzuak, poliziak eta militarrak ordulariaren kontra aritu dira uholde toxikoak katastrofe handiagorik eragin ez dezan. Tonaka igeltsu bota dituzte Marcal ibaiaren zubietatik.

Ikusi beharko da zer-nolako eragina izango duen gertatutakoak. Dagoeneko jakina dena da Marcal ibaia eta ingurua hilik daudela bere bizitza forma guztietan, eta jakina da ere horrelakoetan benetako datuak jakiteko denbora asko igarotzen dela, jakiten badira. Kasu honetan, oraindik ez dute eman zergatiaren berri. MAL enpresa arduradunak hondamendi meteorologikotzat jo du, herrialdean izan diren euriteek egindakoa. Plantak ez duela botatzen toxiko gehiagorik ere ziurtatu dute, baina badaezpada hesi sendo batekin babestu dute putzua.

Agintariek uste dute gertaeraren atzean istripu natural bat baino zerbait gehiago egon daitekeela: «Ulergaitza» behintzat bada, bi asteko kontua baita planta ikuskatu zutela, eta ez zuten antzeman irregulartasunik. Ikerketa kriminala zabaldu dute, eta Hungariako Polizia Nazionalaren buruak eramango du kasua, Jozsef Hatalak: «Gertatu dena zehatz-mehatz jakingo dugu, ez da dudarik». Viktor Orban lehen ministroak «errudunak aurkituko» dituztela baieztatu du: «Espero dezagun benetako segurtasuna behar duten produktu toxikoei adabaki bat jarri izana ez izatea zergatia».

Munduko historian leku esklusiboa izan duen ibaiaren distira apal dezake gertatutakoak, garrantzi natural, ekologiko, ekonomiko, politiko,eta kulturala zikindu, eta arriskuan jar dezake 2.860 kilometroko ibilbidean sortzen duen aberastasuna, Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Errumania, Bulgaria, Moldavia eta Ukrainan, eta beste hainbat herritan, haren arroa jasotzen duten gainerako lurraldeetan.



Hondamen kimikoak Europan

1972. Italiako Montedison enpresak milaka tona lohi toxiko isuri zituen itsasora. 1985ean isuna jarri zioten.

1976. Sevesoko (Italia) lantegi batean leherketa bat izan zen, eta jaurtitako dioxinaren ondorioz, 200 pertsona intoxikatu eta 50.000 animalia hil ziren.

2000. Baia Mare Errumaniako urre meategiko zianuroak ibaiko fauna eta flora suntsitu zituen.

2008. Frantziako Areva enpresaren hondakinak tratatzeko lantegi batek74 kilo uranio jaurti eta inguruko ibaiak kutsatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.