Justizia Ministerioari epaitegiak eman diezaiokeen erantzunak legea berriz ere indarrean jar dezakeela ohartarazteko agindua ere eman du Phillipsek, sexu joera beldurrik gabe agertzen duenak jakin dezan etorkizunean armadatik bota dezaketela. Barack Obama presidenteak agindu zuen legealdia amaitzerako neurriak hartuko zituela armadak gay eta lesbianak ez marjinatzeko, eta horregatik eraman zuen Ordezkarien Ganberara legea bertan behera uzteko eztabaida. Ordezkarien Ganberak, ordea, ez du presidenteak bezain argi.
Legebiltzarraren erabakia ezein epaitegiren gainetik egon beharko lukeela esatea izan da Justizia Ministerioak eman duen argudioa helegitea jartzeko. Elaine Donnelly Military Readiness zentroaren sortzailearentzat -militarrak prestatzeaz arduratzen da-, Konstituzioa errespetatuz gero, Ordezkarien Ganberak nahikoa boterea du armadarentzat legeak egiteko eta onartzeko, «epaile batek esandakoaren esku egon beharrean». Gay eta lesbianak onartzearen erabat kontrakoa da zentro hori. Etxe Zuriak, berriz, ez du argitu zer gertatuko litzatekeen egun onartutako soldaduekin atzera itzuliz gero.
Etorkizun ziurgabea
Helegitearen ondorioak zein diren jakin bitartean, Don't ask, don't tell legeak bere horretan jarraitzeko eskaera egina du ere Justizia Ministerioak, baina hori alferrikakoa izan da, epaileak argi eta garbi azaldua duelako Konstituzioaren kontrakoa dela, besterik esaten den arte.
Hemendik aurrera bulego horietara doazen soldadugaiek, hala ere, argi izan behar dute euren etorkizuna ez dutela ziurtatuta armadan, gay edo lesbiana direla esaten badute. Epailearen erabakiak atzera eginez gero eta Ordezkarien Ganberak Don't ask, don't tell legea iraunaraztea erabakitzen badu, haiek armadatik botatzeko eskubidea aitortuko diote, teorian, berriz ere armadari. Behin-behinean ez diete espresuki galdetuko sexu joeraren inguruan, baina ondorioak azaldu beharko dizkiote.
AEBetako giza eskubideen aldeko talde gehienek berri historikotzat jo dute erabakia, baina tentuz hartu behar da haien ustez, atzera egitea aukera erreala delako. Hori dela-eta praktikan sexu joera ezkutatzen jarraitzeari ekingo diotela uste dute. Iritzi horretakoa da Aaron Belkin Kaliforniako Unibertsitateko Palm Centerreko zuzendaria. Gizartean dauden eztabaida polemikoak bideratzen ditu zentro horrek, eta besteak beste, homosexualek armadan sartzeko duten eskubidea bultzatu duen taldekoa da. Haren ustez, «askok berdin jarraituko du, neurria behin betikoa izan arte. Betiko onartuta ere nahikoa lan izango da lasai asko onartzeko kolektibo hori, armadan gehienak homofoboak direlako».
Justizia Ministerioak ere argudio hori eman du legea ez aldatzeko. Alegia, haren ustez, armada ez dago erabakia naturaltasun osoz hartzeko prestatuta, eta lehenik, armadako ordezkariak hezteko saiakera egin beharko litzateke, gay eta lesbianen kontrako jarrerak aldatzen hasteko, beste ezeren aurretik.