2012ko maiatzaren 17a
00:00
BURUKO GAIXOTASUNA
Gay eta lesbianak osa zitekeen buruko gaixotasuna zuten pertsonatzat jo zituzten AEBetan 1973ko abendura arte. Urte horretan gay eta lesbianei buruzko kalifikazio hori bere agiri ofizialetatik ezabatzea erabaki zuen AEBetako Psikiatria Elkarteak.XX. mendeko lehen erdialdean jazarpen gogorra izan zuten gay eta lesbianek AEBetan, eta buruko gaixotasunarekin lotzeak haien jazarpena areagotu zuen II. Mundu Gerraren ostean. Washingtonek jomugan zituen komunistak, anarkistak eta AEBen kontrakotzat jotzen zuen edonor. Estatu Departamentuak etsaien zerrendan sartu zituen gay eta lesbianak 1950ean. Arrazoia: «Ekintza erabat makurrak egiten dutenek ez dutelako pertsona normalek duten egonkortasun emozinalik, eta, beraz, erraz eror daitezke xantaian».
LEHEN POLITIKARI GAYA
Harvey Milkek San Frantziskoko Ikuskatzaileen Batzordeko kide izatea lortu zuen 1977ko hauteskundeetan. Publikoki gay izatea aitortu zuen AEBetako lehen politikaria izan zen, eta «gayentzako eta gutxiengo guztientzako itxaropen sinbolotzat jo zuen bere burua». Kargua hartu eta urtebetera hil egin zuten.
BERDINTASUNAREN ALDEKO PROTESTAK
New Yorkeko Stonewall tabernan 1969an Poliziak egindako sarekada baten ostean egin zituzten gay eta lesbianen eskubideen aldeko manifestaziorik garrantzitsuenak AEBetan: gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko AEBetako mugimendu modernoa bultzatu zuten. 1979ko urriaren 14an, berriz, 50.000 lagunek egin zuten manifestazioa Washingtonen, homosexualen eskubide zibilen babesa eskatzeko. Eskubide Zibilen Legean arrazagatiko gutxiengoak babesteaz gain sexuagatiko gutxiengoak ere babesteko eskatu zioten Kongresuari, eta gay eta lesbianen diskriminazioa gaitzesteko dekretua Jimmy Carter presidente demokratari. Homosexualei armadan sartzeko debekua baliogabetu zuen Carterrek.
HIESAREN ESTIGMA
1980ko hamarkadan, hiesak munduan izan zuen hedapena zela eta, estigmatizatu egin zituzten gayak AEBetan. 1981ean agertu ziren lehen hartutako immuno-eskasiaren sindrome kasuak AEBetan, baina gaixotasuna homosexualekin lotu zutenez, Ronald Reagan presidente errepublikanoak ez zuen hiesari buruz publikoki hitz egin 1987ra arte. Ez ikusiarena egin zion homosexualen egoerari luzaroan, eta gay eta lesbianen kolektibo askok Etxe Zuriaren aurrean egin zituzten protestak. Azkenean, gaixotasunaren inguruko aholku batzordea sortu zuen Reagenek, eta New Yorkeko Frank Lilly genetista izan zen kideetako bat, gaya bera ere.
ARMADATIK KANPORA
Reagan errepublikanoaren agintaldian, 1982an, honela zioen Pentagonoak onartutako barne arautegiak: «Homosexualitatea bateraezina da zerbitzu militarrarekin». Horrela, gay eta lesbianak armadatik kanpora bota zituzten sistematikoki. Egoerak horrela jarraitu zuen hamarkada batez, Bill Clinton presidente demokrata 1993an aldaketa txiki bat onartu arte. Don't ask, don't tell (Ez galdetu, ez kontatu) legea onartu zuen: gay eta lesbianak armadan sartzea debekatzen zuen, euren joera sexuala publiko eginez gero. Barack Obama AEBetako egungo presidente demokratak Clintonen legea ezabatuko zuela agindu zuen kanpainan, eta halaxe egin zuen 2010ean Senatuaren eta Ordezkarien Ganberaren onarpenarekin. Ia bi hamarkadan Pentagonoak 13.000 inguru soldadu gay eta lesbiana bota zituen armadatik.
DEBEKU FEDERALA
Clintonen agintaldian, 1996an, Ordezkarien Ganberak eta Senatuak Ezkontza Defendatzeko legea onartu zuten —DOMA izenez ezaguna—, ezkontza soilik gizon baten eta emakume baten arteko lotura legaltzat jotzen zuena. Lege horren arabera, estatu batean gay eta lesbianen ezkontza legezkoa izan arren, maila federalean ez dute inolako baliorik ezkontzok. Legak oraindik indarrean jarraitzen du.
AURRERAPAUSOAK ETA ATZERAPAUSOAK ESTATUETAN
Gaur egun AEBetako zortzi estatutan da legezkoa gay eta lesbianen ezkontza: Massachusettsen, Connecticuten, Iowan, Vermonten, New Hampshiren, Washingtonen, New Yorken eta Kalifornian. Dena dela, askoz ere gehiago dira, 30etik gora, konstituzioaren aldaketa bidez gay eta lesbianen arteko ezkontzak zein elkartze zibilak debekatzen dituzten estatuak.
SODOMIA, LEGEZ KANPO
Hamarkada luzez sodomia leporatuta espetxeratu izan dituzte gay eta lesbianak AEBetan. Lege hori baliogabetzen lehena izan zen Ilinois estatua, 1962an. Baina orain dela oso gutxi arte egon da indarrean beste hainbat estatutan. Auzitegi Gorenak 2003an debekatu zituen hamalau estatutan oraindik indarrean zeuden sodomia legeak. 1998an Texasen izandako atxiloketa batek eragin zuen aldaketa. Poliziak John Geddes eta Tyron Garner atxilotu zituen, Geddesen etxean sexu harremanak izateagatik. Sodomia legeen erabateko baliogabetzea George W. Bush presidente errepublikanoaren agintaldian izan zen; hain zuzen ere, konstituzioan aldaketak egiteko saioak egin zituen Bushek ezkontza soilik heterosexualen arteko batasuntzat definitzeko. Ez zuen bere nahia bete, ez zuelako behar adina babes lortu bi ganberetan.