Sakonki eraldatzen ari da Ekialde Hurbila. Tunisian, Egipton eta Libian Anaia Musulmanek boterea hartzea, Siriako gerra eta Iranen kontrako balizko erasoa eskualdean gertatzen ari den botere aldaketaren adibide dira. Testuinguru horretan, elkarri joka ari diren indarren bidegurutzean dago Hamas. Egiptoko Anaia Musulmanen mugimendutik sorturiko kimua 2006tik agintzen du Gazan, eta hala izan behar zukeen Zisjordanian ere, Al-Fatahek estatu kolpea eman izan ez balu. Alderdi islamista batek eskualdean izandako lehen garaipena izan zen mugimenduarena. Alta, orain geratzen denaren kontrara, Ameriketako Estatu Batuek ez zuten babestu islam politikoa.
Udaberri arabiarrak, ordea, beste erronka batzuk ekarri dizkio Hamasi. Hain zuzen, Anaia Musulmanek hamarkada luzez egituratutako eskualdeko proiektu politiko zein ekonomikoa abian da, eta Hamas adar aktibo gisa aldarrikatzen du. Baina testuinguru berriak jarrera aldatzeko eskatzen dio, eta Hamasek orain arteko aliatuak alde batera utzi eta beste fase bat hasteko prest dirudi. Aldaketa horretan, ordea, zein rol jokatuko du haren oinarria izan denak? Alegia, kolonialismoaren aurkako erresistentziak?
Al-Jazeeran idatzitako artikulu batean, Columbiako unibertsitateko Joseph Massad irakasleak argi azaldu du mugimendu islamista eraldatzen ari dela: «Hamas ez da gehiago mehatxu bat Amerikarentzat. Palestinarren eta garapen bidean dauden herrialdeetako aliatuen artean zuen zilegitasuna Mendebaldeko gobernuetara zabaldu du. Qatar izan da aldaketa horren eragile».
Qatarren babesa, baina, ez da baldintzarik gabekoa izan. Trukean, diskurtso moderatuago baten alde egin du Hamasek: «Zaila da oraindik analisi bat egitea, baina argi dago Hamasek erresistentziaren instituzionalizaziorantz jo duela azken zortzi urtean. Golkoko herrietatik datozkion emarien truke, Amerikako eta Israelgo interesei amore ematen hasi da», nabarmendu du Ziad Hamdan-ek, Hamasi buruz doktore ikasketak egin dituen soziologoak.
Tariq Dana Hebrongo unibertsitateko politologoak ere hala uste du: «Lehen errazagoa zen Ekialde Hurbilean analisi politikoak egitea. Golkoko herriak xake taulako jokalari berriak dira, eta joko bikoitza dute. Qatar, adibidez, kontraesankorrak diruditen aliantzak egiten ari da eskualdean. AEBen hegemonia indartu eta Hezbollah, Siria eta Iran ardatza apurtu nahi du».
Aldaketaren hasiera
Siriako gatazkaren gainean harturiko jarrerak indartu du Hamasen bira politikoaren ideia. Hain zuzen, jarrera garbirik hartu ez izana leporatzen diote batzuek zein besteek. Gatazkak luze jo dezakeela jakin arren, eskualdeko botere jokoa zeharo aldatuz gero, prest egon nahi dute Hamaseko goi kargudunek.
1999tik, Abdullah erregeak Jordaniatik kanporatu zituenetik, Damasko izan da Hamasen babeslekua. Siriako gerrak, ordea, zeharo aldatu du testuinguru geopolitikoa eta aliantzen patroia. Hezbollah-Siria-Iran erresistentzia ardatza —Gazako mugimendu islamista babesten zuen erresistentzia ardatza— apurtzeko zorian dagoela ikusita, Hamasek pragmatismoaren alde egin du. Protestak hasi zirenetik Al-Assaden erregimenari buruz mutu egon den arren, Jaleh Meshal liderrak Siria utzi eta Qatarren ezarri izanak erabaki politiko sakonagoa du gibelean.
Joseph Massad irakaslearen arabera, neurria ez da egoeraren araberakoa, aspaldikoa baizik: «Meshal Qatarrera mugitu izana ez da berria. 1999an, Jordaniara sartzea debekatu ziotenean, Qatarren izan zen bi urtez».
Siriako gatazkak, ordea, prozesua azkartu duela dirudi. Ismail Haniye Gazako lehen ministroakadierazpen polemikoa egin zuen otsailean Kairon: aho batez salatu zuen «Al-Assadek bere herriak hasitako matxinadaren aurka bultzaturiko zapalkuntza». Hamaseko kargudun asko haren hitzak leuntzen saiatu ziren berehala, eta argitu zuten mugimenduaren jarrera orokorra ez zutela ordezkatzen. Beranduegi, aditu askoren ustez.
Baina Hamas bi errealitateen artean aise mugitzeko gaitasuna erakusten ari da, oraindik. «Ez dugu itxi Damaskoko egoitza», adierazi dio Abdul Muti Zaqqut -ek, Hamasen Yemengo ordezkariak, Maan albiste agentziari: «Gerra dela eta, herrialdea utzi behar izan dugu, baina itzuliko gara».
Orain, Israelek Iranen kontrako gerra oihuak egiten dituen bitartean, Hamasi begiratu diote aditu askok. Zein izango da Gazaren erantzuna, Tel Avivek Irango eraikuntza nuklearrei erasotzen badie? Danaren iritziz, erantzunik izango al den galdetu beharko genuke: «Erasorik izan ez dadin errezatzen ari dira Hamaseko liderrak. Bestela, egungo aurpegia biluziko liekeelako».
Batasunik ez
Kasuak kasu, Hamasek argi utzi du zeintzuk dauzkan aliatu berritzat, eta Zisjordaniako «anaiengandik» gero eta urrunago dago. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek gogoratu behar izan du palestinarrek aspalditik dakitena: batasun nazionala «izoztuta» dago. Ondorioz, ez teknokrataz osaturiko gobernurik, ezta hauteskunderik ere. Aldi berri baten zain egoteari utzi diote palestinarrek.
Gazako gobernuaren birmoldaketa da batasun nazionalak duen paralisiaren adibide bat. Hain zuzen, kabinete berriaren sorrera iragarri du Ismail Haniyek. Zerbitzuak eta administrazioa «bizitu» nahi dituztela argudiatu dute Gazakoek. Inbertsio berrien artean daude Qatarko Gobernuak eta Saudi Arabiako bankuak finantzatuko dituzten eraikin berriak. «Birmoldaketa zenbait hilabetez atzeratu dugu, batasun nazionalerako gobernua sortzeko giroa errazteko asmoz. Baina haizeak ontziaren kontra egin du», adierazi du Haniyek.
Zisjordanian agintean denak, Al-Fatahek, azkar erantzun dio. Hamasen erabakiak bi administrazioen arteko banaketa handituko duela salatu du PANek. Hamdanek, berriz, bi taldeen arteko «joko zikina» kritikatu du: «Mahmud Abbasek ere kabinetea birmoldatu zuen maiatzean. Ez Al-Fatahek ez Hamasek ez dute batasunik nahi, proiektuezberdinak dituztelako».
Dana ere iritzi berekoa da: «Ez dute elkarren beharrik. Hamas transformazio prozesu batean dago, non aliatu berriek zilegitasuna ematen dioten. Abbasen PAN azken arnasa hartzen ari da, bizirik irauten asmatu nahian».
Israelgo blokeoaren pean egon arren, egonkortasun ekonomikoa lortu du Gazak, eta horrek babes handia eman dio herritarren artean. Egonkortasun ekonomikoak, ordea, gelditasun politikoa ekarri diola irizten diote adituek. «Blokeo ekonomikoa pairatu arren, PANek Zisjordanian baino hobeto banatzen dituzte ondasunak Gazan. Baina testuinguru horren babesean, sistema politiko propioa eraiki dute», Danaren ustez.
Etorkizun zehaztezina
Erresistentzia mugimendu gisa jaio zen Hamas, 1987an, eta kolonialismoaren kontrako borroka aldarrikatu du hamarkada luzez. Nolanahi ere, aditu gehienek ez diote iraupenik ikusten jarrera horri. Mugimendu islamista trantsizio batean murgildu dela ikusirik, galdera bat dabil airean: zein ibilbide hartuko du Hamasek?
Massad oso kritikoa da mugimenduarekin: «PANek gutxi du Amerikari eta Israeli eskaintzeko, eta horrek Hamasen zilegitasuna sendotu dezake. Oraindik, baina, ez da ziurra Hamasek era batean edo bestean hitz magikoak esango dituen, hau da, bere jarrera «iraungita» dagoela, orain arte bultzaturiko erresistentzia antikoloniala terrorismoa izan dela eta, beraz, uko egiten diola».
Nolanahi ere, badirudi poliki-poliki hasitako prozesuak ez duela atzera bueltarik. Hezbollah, Siria eta Iran gero eta urrunago mantentzen dituen bitartean, Mohamed Mursiren Egipto bilakatu da Gazaren erreferentzia berria. Anaia Musulmanen eskualdeko proiektu orokorrarekin bat egin al dute? Danaren iritziz, «Hamasek, nazioarteko onarpena jasotzeko asmoz, emarien dirua onartzen ari da, eta horrek estrategia argia erakusten du».
Baina transformazio horretan akats handi bat sumatzen zaio, Danaren ustez: «Kanpoan zilegitasuna bilatu nahi izan du, Palestinako herriak bozen bidez emandako egiazkotasuna alde batera utziz. Bere proiektua Palestinako gizartean bainoago nazioartean dagoela erakutsi du Hamasek».
Eta Israelgo okupazioaren kontra irmo segitzen al du? Gaia hain labaina izanda, tentuz jokatzen ari dira lider guztiak. Israelekin luzera begirako bake egoera bat lortzen saiatzen ari direla dio jarrera ofizialak, baina palestinarrek argi diote Tel Aviven aurkako diskurtsoa leundu dutela. «Al-Fatahek duela hogei urte egindako prozesu bera darabil, eta ez litzateke harritzekoa izango ofizialki 1967ko mugen barruko Palestinako estatu bat onartzea, Ekialdeko Jerusalem hiriburutzat izanda», nabarmendu du Hamdanek. Horrek, ordea, Israelen onarpena ekarriko luke ezinbestez. «Arazoa sor dezaketen galdera guztiak saihesten dituzte. Kontrako iritziak isildu eta mututasuna ezarri du Hamasek», ziurtatu du Danak.
Nolanahi ere, ikusteko dago zein motatako oposizioa egingo dioten Hamasen barruko indarrekjarrera berriari. Hamdanen arabera,«mugimendu islamistaren aldeko palestinar asko oso hasarre daude. Hortaz, Gazako agintariak inoiz baino gehiago hitzak neurtzen ari dira, gazteen protestak saihestunahian».
Oraindik analisietarako goizegi dela uste dute, berriz, aditu politikoek. Eskualdea eraldatzen ari da, eta indar ezberdinez osaturiko dominoa nork gidatuko duen ez da oraindik ziurra. Adituek, aldiz, bat egiten dute: testuinguru berria iristen denerako Hamas prest egongo da.
Hamas mugimendu islamistaren bilakaera
Gaza, ardatz politiko berrirantz
Udaberri arabiarrak beste erronka batzuk ekarri dizkio Gazako talde islamistari. Eskualdeko oreka politikoa zeharo aldatzen ari dela ikusirik, herrialdeekiko harremana moldatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu