Amaitu da su-etena Gazan. Bart amaitzekoa zen menia beste 24 orduz luzatzea adostu zuten Israelek eta Hamasek, baina lehenago hautsi da akordioa. Palestinako milizianoek hiru suziri jaurti dituztela salatu du Israelgo armadak; Beershevatik gertu erori dira, eta ez dute biktimarik eragin.
Berehala erantzun du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak; Gaza berriro bonbardatzeko agindu du, Kairon negoziatzen ari den ordezkaritzari Israelera itzularaztearekin batera. Israelek ekin die berriro bonbardaketei, armadak jakinarazi duenez. Peter Lerner armadako eledunak ez du zehaztu non egin duten eraso, baina azaldu du Israelgo armadak "azpiegitura terroristei" eraso egiten jarraituko duela "Gazan duten ahalmena deusezteko eta Israelgo Estatuan segurtasuna berrezartzeko".
Hamaseko bozeramaile Sami Abu Zuhrik Israeli egotzi dio Kairoko negoziazioak blokeatu izana. Halaber, jakinarazi du Hamas prest dagoela Kairoko elkarrizketetan jarraitzeko.
Bost eguneko menia beste egun batez luzatzea adostu zuten atzo azken orduan bi aldeek, denbora irabazteko asmoz. Euskal Herrian 23:00 direnean zen emaitzekoa su-etena. Uztailaren 8az geroztik Israel Gazan egiten ari den Hesi babesgarria operazioa eteteko negoziazioetan ari dira Kairon. Harrezkero, 2.000 palestinarretik gora eta 67 israeldar hil dira.