Israelgo Armadako gerra hegazkinek eta artileriarako prestatutako helikopteroek Gazako hamahiru gune bonbardatu dituzte bart goizaldean misil bidez.Kalte material oso handiak eragin dituzte, eta, horrez gain, gutxienez hiru lagun zauritu dituzte, hirurak haurrak.
Lekukoen eta agintari palestinarren arabera, lau misil Khan Younis hiri erdialdera jaurti dituzte; bi autokarabana suntsitu dituzten arren, inor ez da zauritu. Martxoaren 26an ekintzaile palestinarrak soldadu israeldarren aurka oldartu ziren Khan Younisen, eta Hamaseko bi kide eta Israelgo Armadako beste bi hil ziren. Hain zuzen ere, erasoaldi honen jatorrian bi soldadu horien heriotzagatik mendeku hartzea dagoela uste dute zenbait analistak. Bi heriotza horiek, eta azkenaldian palestinarrek kohete bidez Israelen aurka egindako erasoak mendekatzea.
Gaza hirira ere jaurti dute misil bat, lantegi baten aurka. Hain zuzen ere, eraso horretan zauritu dira hiru haurrak, lantegiak su hartzean jazo diren eztandek harrapatuta. Nusseirateko errefuxiatu eremuan lehertu dira beste bi misil. Han ere, lantegi bat suntsitu dute baina inor ez da zauritu. Oro har, lantegiak, azpiegituraketa Hamasen gordelekuak kaltetu dituztela salatu dute iturri palestinarrek.
Atzo hegazkin israeldarrek "itxaron biharko erantzuna" jartzen zuten milaka panfleto bota zituzten Gazara, gaurko erasoaren aurrekari. "Terrorismoa zabaltzen" ez dutela utziko azpimarratu dute Israelgo Armadako iturriek.
Bestalde, palestinarrek kohete bat jaurti zuten atzo iluntzean Gazatik Israelgo lurretara. Zehazteke dago inor zauritu zuten.
Ekialde Hurbila
Gaza bonbardatu du Israelgo Armadak, eta gutxienez hiru haur zauritu ditu
Kalte material oso handiak eragin dituzte misil bidezko erasoekin. Atzo milaka panfleto bota zituzten Gazara hegazkin israeldarrek, "itxaron biharko erantzuna" jartzen zuten. Zenbait iturriren arabera, iazko urtarrilean Israelen eraso handia amaitu zenetik egin duten operazio militar indartsuena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu