MunDUA

Gaza eta Egipto arteko tunelak bonbardatu ditu Israelek berriro

Atzo palestinarrek israeldar soldadu bat hil zutelako erantzun duela esan du Gobernuak, eta Hamasi egotzi dio su-eten egoera baldintzatzea.

2009ko urtarrilaren 28a
16:56
Entzun
Israelgo Gobernua ere lehengo astetik ofizialki su-etenean dagoen arren, hango armadak berriz ere bonbardatu egin ditu gaur Egipto eta Gaza (Palestina) arteko tunelak, urtarrilaren 17tik lehen aldiz. Haren arabera, atzo ustez palestinarrek israeldar soldadu bat hiltzeagatik egindako erantzuna izan da gaurko erasoa.

Tunel horiek Hamas Palestinako erakunde islamista-nazionalistak erabiltzen dituela dio Israelek. Hain zuzen ere, atzoko atentatua hari egotzi dio. "Su-eten egoera baldintzatzen badu, gogor erantzungo dugu". Israelek berak bi zibil palestinar hil zituen atzo Gazan, bat Deir el Bala herrian eta bestea Khan Junis hirian. Horietako bat nekazari lanetan zebilen.

Palestinako iturriek jakinarazi dute Rafa herrian (Gaza lurraldeko hegoaldea, Egiptorekiko mugan) hainbat lagunek euren etxea utzi egin behar izan dutela bonbardaketagatik. Haien dioetenez, hiru aldiz egin du eraso Israelgo armadak, baina ez du inor hil.

Israelgo armadak abenduaren 27tik 22 egunez segidan egin zuen erasoa Gazan, eta 1.400 lagun inguru hil zituen (gehienak zibilak, tartean ume eta zaharrak) eta bost mila baino gehiago zauritu. Hamasek euren herrialdera koheteak botatzen zituelako egin zuen erasoa, Israelek esan zuenez. Palestinarrek hamahiru israeldar hil zituzten: hamar soldadu eta hiru zibil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.