EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Gaza iparraldean erasoak areagotu eta hamahiru palestinar hil ditu Israelek

Hamas erakundeko Izzedine al-Kassem Brigadek suziriak botatzen segituko dutela eta «aurkariari inoiz ahaztuko ez duen lezioa» emango diola ohartarazi dute

Erredakzioa
2004ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Israelgo Armadak iragan astearte gauean abiatu zuen Penitentzia Egunak operazioa areagotu eta orotara beste hamahiru palestinar hil zituen atzo. Erasoak Gaza iparraldean dagoen Jabaliako errefuxiatu gunera mugatu ez eta Beit Hanoun hirian sartu ziren atzo tankeak. Goizaldean hiriaren mendebaldetik hamabost tanke sartu ziren. Herritarrei euren etxeetatik ateratzeko agindu ondoren hainbat eraikin suntsitu zituzten. Erasoaldi gogorrena, dena den, Jabaliako errefuxiatu gunean egin zuen berriro ere Israelgo Armadak. Goizaldean lau palestinar hil ziren airez egindako bonbardaketetan. Laurak iparraldean dagoen Tel Al Zatar auzunean zeuden eserita misil batek bete-betean harrapatu zituenean. Geroago, ustezko bi ekintzaile hil zituzten beste bonbardaketa batean errefuxiatu gunearen ekialdean. Herenegun eraso batean zauritu zen Uahid Talal Abed Rahman gaztea ere atzo hil zen.

Israel hegoaldean dagoen Negeveko basamortuan, berriz, beste lau palestinar hil zituzten atzo tiroz. Israelgo iturrien arabera, laurak ekintzaileak ziren eta kalashnikovak eramaten zituzten. Gaza hirian Hamaseko ustezko bi ekintzaile hil eta beste bi zauritu zituzten airez botatako misil batek euren autoaren gainean erortzean, Shiaia auzunean. Mahdi Mushtaha eta Khalid Al Amari ziren palestinarrak. Rafa hirian, bestetik, 60 urteko palestinar bat hil zuten tiroketa batean.PAN Palestinako Aginte Nazionalak larrialdi egoera ezarri zuen atzo lurralde okupatuetan. Jasser Arafat presidenteak nazioartearen «isiltasuna» salatu eta «esku hartzeko» eskatu zion: «Mundu zabalari eskatzen diot azkar esku hartzeko gure herriaren kontrako ekintza kriminal eta arrazista hau geldiarazteko».

PANeko Ministroen Kontseiluak premiazko bilera egin zuen goizean erasoen aurrean ekintza plan bat egiteko.

Zisjordaniako eta Gazako herritarrek, bien bitartean, greba orokorra egin zuten atzo erasoaldien kontraHamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko Ezzedine al-Kassam Brigadek Al Kassam suziriak botatzen jarraituko dutela adierazi zuten atzo Jabaliako errefuxiatu gunean emandako prentsaurrekoan. Suziriak Ashkelon hirira zuzenduko dituztela ohartarazi zuten: «Israelgo operazioak porrot egin du, suziriak botatzen segituko dugu eta Ashkelongo herritarrei euren etxeetatik ateratzeko dei egiten diegu». Al Kassam suziriak eskuz egiten dituzte bost kiloz lehergailuz osatuta daude eta hamar kilometrora ailegatzeko ahalmena dute. Orain arte mugatik zortzi kilometrora dagoen Sderot hirira jaurti izan dituzte suziriak baina Askhelon mugatik hogei kilometrora dago.Israelgo Armada errefuxiatu gunetik aterarazteko ekintza prestatzen ari zirela jakinarazi zuen, halaber, Hamasek: «Aurkariari inoiz ahaztuko ez duen lezioa emango diogu»Hamas erakundeko buruzagi Ismael Haniek, berriz, erakunde armatua suziriak botatzeari uzteko prest dagoela adierazi zuen atzo, baldin eta israeldarrek erasoak egiteari uzten badiote: «Gure herriaren semeek defentsa neurri diren Al Kassam suziriak botatzeari utziko diote, Israelgo Armadak operazioa eta okupazioa bertan behera uzten baditu».Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuko bozeramaile Adam Erelik erasoaldia «neurtzea» eta «erantzun proportzionala» ematea eskatu zioten atzo Israeli: «Mehatxuen araberako indarra baliatzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu». Israelek, dena den, «defendatzeko eskubidea» dutela aitortu zuen. Israelgo Defentsa ministro Shaul Mofazek «ekintza gogorrak» iragarri zituen ostegunean.

Europako agintarien proposamena

Italia, Frantzia, Espainia eta Portugalgo Atzerri ministroek Errepide Mapa aintzat hartu eta negoziazioak berriro abiatzeko eskatu zieten Israel eta Palestinari. Laukoteari neurriak hartzeko deia egin zioten Erroman bildutako ministroek. Liga Arabiarrak premiazko bilera egingo du gaur Kairon egoera aztertzeko.

Israelek iragan astearte gauean abiatu zuen Penitentzia Egunak operazioa palestinarrak Al Kassam suziriak botatzeari uzteko xedearekin. Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek eraso palestinarrak eragozteko «neurri guztiak baliatzeko» agindua eman zuen. Gaza iparraldetik botatzen dituzte ekintzaile palestinarrek Al Kassam suziriak Israelera. Iragan asteartean Sderot herrira suziriak bota eta bi ume israeldar hil ziren. Horren ondoren abiatu zuen operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.