Palestinako gatazka

Gerra amaitu ondorengo Gazako gobernabideaz hitz egitea baztertu du Netanyahuk

Gutxienez hogei palestinar hil ditu Israelgo armadak Khan Yunisko Al-Amal ospitalearen aurka egindako bonbardaketa batean. Zazpi fronte ditu Gazako gerrak, Israelgo Defentsa ministroaren arabera.

(ID_13452219) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Israelgo soldadu batzuk tankeetan eserita, Israel hegoaldean, Gazako mugan, gaur. ATEF SAFADI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 27a
12:20
Entzun

Israelgo armadaren eta milizia palestinarren arteko borrokaldia hasi zela 82 egun igaro diren honetan, ez dago argi erasoaldia amaitzean zer izango den Gazako gobernabideaz eta kontrolaz. Horren inguruan «ahalik eta lasterren» zerbait erabaki dezan gero eta presio handiagoa egiten ari dira Israelgo armadako goi karguak herrialdeko lehen ministro Benjamin Netanyahuri, baina gobernuburuak ez entzunarena egin die haien eskaerei, eta, oraingoz, kabinetea ez da bildu afera horri buruz ezer erabakitzera, Israelgo Keshet 12 telebista kateak gaur kaleratutakoaren arabera.

Duela hilabete inguru iragarri zuen Netanyahuk «hurrengo egunaren» inguruan hitz egiteko bilduko zirela, baina, oraingoz, ez dute horretarako tarterik hartu. Horrez gain, telebista kate horrek iturri gisa aipatzen duen soldadu israeldar baten arabera —ez dute izenik eman—, Israelgo armadako goi karguek ere eskatu diote «borrokaldiaren hurrengo fasearen» inguruan eztabaidatzeko, Hamasen aurkako operazio militar «zehatzagoak» egin ditzaten. «Denbora aurrera doa eta berandu baino lehen hartu behar dira erabakiak Gazako zerrendaren barruan eta kanpoan izango den egoeraren inguruan. Estatubatuarrek azalpenak nahi dituzte».

Halere, bai lehen ministroak, bai Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak baztertu egin dituzte eskaera horiek. Kontrara, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek gerra bukatu ondorengo gobernabidearen inguruan hitz egin du: «Nahiz eta oraindik ere handiak diren Hamasekin eta beste hainbat organizazio palestinarrekin dauzkagun aldeak, hor egongo gara, palestinarren interesen alde». 

Izan ere, borrokan jarraitzeko asmo irmoa du Israelek: «Ez dago irtenbide magikorik, ez bide motzik organizazio terrorista bat desegiteko, etenik gabeko borroka irmoa soilik». Hitz horiek esan ondoren, Gazaren aurkako ofentsiba hainbat hilabetez luzatuko dela berretsi zuen atzo gauean Israelgo armadako buru Herzi Halevik, telebistan egindako agerraldi batean. Gaur-gaurkoz, zazpi frontetan ari da borrokan Israelgo armada, atzo gauean Gallantek Israelgo Parlamentuan esan zuenez. «Fronte asko dituen gerra batean gaude: Gaza, Libano, Siria, Judea eta Samaria [Zisjordania], Irak, Yemen eta Iran».

Hain justu, Israelgo armadak nabarmen gogortu ditu operazioak egunotan, zerrendaren erdialdean batez ere. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, militarrak eremu horretan bizi ziren 858 palestinar hil eta 1.598 zauritu dituzte hiru eguneko epean, joan den ostegunetik igandera artean. Horietatik ia denek errefuxiatuentzako kanpalekuetan hartzen zuten babes. Horiez gain, Israelgo armadak laurogei palestinarren gorpuak —identifikaturik gabeak— eraman zituen zerrendara atzo, Gazaren eta Israelen arteko Kerem Xalom mugaren bidez. Baina, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, zenbait organo eta gorpu atal falta zituzten.

«Ez dago irtenbide magikorik, ez bide motzik organizazio terrorista bat desegiteko, etenik gabeko borroka irmoa soilik».

HERZI HALEVIIsraelgo armadako burua

Erasoen gorakada horren harira, beste behin zibilak babesteko eta nazioarteko giza legeak errespetatzeko eskatu dio NBEk Tel Avivi. Baina abisu horiei jaramonik egin ez, eta bestela erantzun die Netanyahu buru duen kabineteak. Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile Lior Haiatek atzo iragarri zuenez, aurrerantzean ez dizkiete Israelera sartzeko bisak automatikoki emango erakundeko langileei, «urriaren 7ko eraso terroristak legitimatzea» egotzita.

Besteak beste, eskolak, zibilen etxebizitzak eta ospitaleak bonbardatzeagatik egotzi izan dizkiote Israelgo armadari Gazan «gizateriaren aurkako krimenak» egitea; eta, hain justu, zerrenda hegoaldeko Al-Amal ospitaleari egin diote eraso gaur, Khan Yunis hirian. Palestinako Ilargi Gorriak eman du horren berri, eta, jakinarazi duenez, dozenaka palestinar hil eta zauritu dituzte.

Bitartekari lanetan

Iragan azaro bukaeran Israelen eta Gazako milizia palestinarren arteko menia amaitu zenetik, huts egin dute gisa horretako etenaldi bat adosteko saiakera guztiek. Halere, bitartekari lanetan dihardute hainbat herrialdek, hala nola Egiptok, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Jordaniak. Hain justu, gaur bildu dira, Kairon, Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisi eta Jordaniako errege Abdullah II.a, su eten bat adostea nola lortu hizpide dutela. Elkartu ondoren zabaldutako prentsa ohar bateratuan, adierazi dute Gazako palestinarrak euren lurraldetik bidaltzeko saiakera oro gaitzesten dutela.

Era berean, atzo telefonoz hitz egin zuten Qatarko emir Xeikh Tamim bin Hamad al-Thanik eta AEBetako presidente Joe Bidenek. Haiek ere gatazkako bi aldeen arteko su eten bat negoziatzeko bideak izan zituzten mintzagai, baina, beste behin, Hamasek gatibu dituen israeldarrak askatzea lehenetsi zuen Etxe Zuriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.