Gazan giza katea egin dute milaka palestinarrek, blokeoa salatzeko

Israelek segurtasun indar ugari zabaldu ditu mugan; bi haur zauritu eta 50 bat manifestari atxilotu ditu

2008ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Gaza goitik behera zeharkatzen zuen giza katea egin zuten atzo, eskutik helduta, palestinarrek. Israelek Gazako lurralde palestinarrari ezarritako blokeoa salatu zuten horrela. Orotara, berrogei kilometroko giza katea osatu zuten milaka palestinarrek. Ekimen horren aitzakian, mugan segurtasun indar ugari zabaldu zituen Tel Avivek. Erezko pasagunetik hurbil istiluak izan ziren. Israelgo segurtasun indarrek bi haur palestinar zauritu zituzten, eta berrogeita hamar bat manifestari atxilotu.

PCAS Gazako Blokeoaren Aurkako Herri Batzordeak antolatu zuen ekimena, eta 40.000 eta 50.000 lagun artean parte hartu zutela jakinarazi zuen. Historiako inoizko giza kate luzeena egin asmo zuten antolatzaileek, baina eguraldi kaskarrak ez zuen horretan lagundu. Hurrengo aldietarako elkarretaratzejendetsuagoak agindu zituzten.

Nolanahi ere, ekitaldia arrakastatsua izan zen oso. Emakumeak eta haurrak bildu ziren nagusiki, eta blokeoaren kontrako pankartak eta oihuak egin zituzten. Israelek Gazari ezarritako blokeoaren ondorioz, bertan bizi diren 1,5 milioi palestinarrei eragindako ondorio larriak salatu zituzten. Munduak Gaza heriotzara kondenatu du. Horixe irakur zitekeen manifestariek zeramatzaten pankarten mezuen artean. Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren jarrera ere salatu zuten horrela. Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak duela bi urte bozak irabazi ostean, palestinarrei bideratutako diru laguntzak eten zituzten Washingtonek eta Bruselak.

Gazako herritarrek oinarrizko elikagaiak lortzeko arazoak dituzte, eta egoera okerrera egiten ari da egunetik egunera. Israelek etengabeko blokeoa ezarri dio lurralde palestinarrari, 2005eko udan bertatik alde egin zuenetik. Blokeo hori ia erabatekoa da urtarrilaren 17az geroztik. Israelera ekintzaile palestinarrek botatzen dituzten koheteak da blokeoa ezarri eta justifikatzeko baliatzen duen argudioa.

Khamal al Khudari ekimena antolatu zuen erakundeko kide eta diputatuak giza katearen asmoa zein zen azaldu zuen: «Ekitaldi baketsu eta arduratsu bat da, blokeoaren eta zigor kolektiboaren aurkako jarrera ozen aldarrikatzeko aukera ematen duena». Fauzi Barhum Hamaseko bozeramaileak ekimenean parte hartzeko deia egin zien palestinarrei: «Alarma dei bat plazaratu nahi dugu lau haizeetara, munduak zerbait egin dezan egoera hau amaitzeko».Ismail al Askar Hamaseko diputatua haratago joan zen: «Blokeoa ez bada gelditzen, eskualde osoa suntsituko duen urakan bat altxatuko da».



ISTILUAK EREZKO PASAGUNEAN. Giza katearen antolatzaileek ekitaldi baketsu gisa aurkeztu zutenak, baina, errezeloak piztu zituen Israelen. Erezko pasabidean liskarrak izan ziren protestaren amaieran. Bi mila manifestari muga zeharkatzen saiatu ziren, eta segurtasun indarrek mugarako bidea trabatuta bazuten ere, palestinar gazte andana pasabidera hurbildu eta harriak soldaduei harriak botatzeari ekin zieten. Israelgo armadak tiroz erantzun zuen, eta bi haur palestinar zauritu zituzten. Horrez gain, berrogeita hamar bat manifestari atxilotu zituzten.

Gaza eta Israel arteko muga zeharkatzeko ahalegina eginez gero gogor erantzungo zuela ohartarazia zuen aurretik Israelek. Mathan Vilnai Israelgo Defentsa ministrordeak egin zuen ohartarazpena: «Beharrezkoak izango diren baliabide guztiak baliatuko ditugu palestinarrak gure lurraldera sartzea eragozteko». Israelgo armadako eledun batek zehaztu zuenez, armada «edozein gertakizuni» aurre egiteko prest zegoen. Israelgo milaka soldadu eta polizia alerta egoeran jarriak ziren atzoko gertaeren harira.

Israelgo armadak, anartean, lau ekintzaile palestinar hil zituen igande gauean. Piloturik gabeko bi airekok ekintzaile taldeen kontra misilak bota zituzten Gazan. Eraso horietan bizia galdu zuten lau palestinarretatik hiru Hamaseko adar armatu Ezzedin al Kassan Brigadetako kideak ziren, eta bestea, berriz, Herri Erresistentziarako Batzordeen adar armatuko Saladin Brigadetako kidea. Leherketa horietan ere beste bost palestinar zauritu ziren.

Israelgo armadak ekintzaile palestinarrek zulatutako lau tunel desegin zituen Gazan.



«Jendeari blokeoa eta zigor kolektiboa salatzeko aukera eman dion ekitaldi baketsu eta arduratsua izan da»

khamal al khudari
giza katearen antolatzailea
«Alarma dei bat plazaratu nahi dugu lau haizeetara, munduak zerbait egin dezan egoera hau amaitzeko»

fauzi barhum
hamaseko bozeramailea




PAN eta Israel arteko bake negoziazioen aditu taldeak osatu dituzte

Ahmed Kureia PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroohi eta Tzipi Livni Israelgo Atzerri ministroa, bake elkarrizketetarako aditu taldeak eratzeko xedean, bilera egin zuten igandean Jerusalemen. Talde horiek, baina, ez dituzte negoziazioetako gai korapilatsuenak hizpide izango, hots, estatu palestinarraren mugak, Jerusalemen estatusa, Zisjordaniako kokaguneen auzia edo atzerrian dauden iheslari palestinarren etxeratzearen kontua. Kontu teknikoetan, hala nola uraren banaketa, ingurugiro kontuak edo merkataritza harremanak hizketan jardungo dute soilik bi aldeetako adituz osatutako lan talde horiek. Herenegungo bilerak, hala, agerian jarri du beste behin bake elkarrizketak ez direla asko aurreratu, iazko abenduaren hasieran abiatu zirenetik. Ekialde Hurbileko gatazkan adituak direnek ez dute uste bake hizketaldi hauek arrakastaz amaituko direnik urte honen amaierarako, hain zuzen ere, Annapolisen (AEB) iazko azaroan aldeek hitzartu zuten bezala. Israelek blokeoa ezarri zuenetik gaiztotu egin dira harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.