Gazan kokatuko da Al Fatak eta Hamasek osatuko duten gobernua

Espero da datorren astean esatea nor izango den lehen ministroa, Abbasen eta Meshalen bileraren ostean

Miren Garate.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hamasek eta Al Fatak osatuko duten behin-behineko gobernu berriaren egoitza Gazan kokatuko da, eta ez Ramalan. Hala adostu dute bi alderdiek. Hamas alderdikoa izango da lehen ministroa, baina oraindik ez dute jakinarazi zein izango den. Datorren astean bilduko dira bi alderdietako ordezkariak, eta orduan erabakitzea espero da. Teknokratek eta politikari independenteek osatuko dute gobernua.

2007az geroztik haserrea izan da nagusi Al Fataren eta Hamasen artean. Lehenak Zisjordania gobernatzen du, eta bigarrenak Gaza. Aurten, ordea, bien arteko harremanak zertxobait goxatu dira, eta maiatzaren 4an batasun nazionalerako akordioa sinatu zuten Kairon.Finkatutako erronken artean dago hauteskundeak egin arte —2012ko maiatzean izan daitezke— indarrean egongo den gobernu bat osatzea.

Aurrerapauso handirik ez da izan orain artean. Besteak beste, lehen ministro izendatu beharreko pertsonak eragin du gatazka.Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Salam Fajad alderdikidea ipini nahi du. Gaur egun, Zisjordaniako Gobernuko buru da hura, eta AEBen, Europako Batasunaren eta Israelen konfiantza du. Hamasenik, ordea, ez.

Alderdi horretako hainbat kidek adierazi dute adiskidetze prozesuari oztopoak jartzen ari dela Fajad, ez duelako kargua utzi nahi. «Modu ohoragarri batean uzteko prest nago, baita gehiagorako ere», esan du hark. Mezu bat ere jarri du Facebooken. «Inoiz ez naiz izango oztopo edo ezegonkortasunerako elementu bat, arduratsua naizelako». Hamas, berriz, Nazio Batuen Erakundeari egindako eskaera onartzeko prest agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.