GAZA

Gazara giza laguntza sartzen utziko du Israelgo Gobernuak

Bakea Orain erakundeak salatu du Israelgo Gobernuak Zisjordaniako palestinarrenak diren lurrak lantzeko diru laguntzak eman dizkiela kolono talde batzuei

Beit Hanoun bonbardaketen ondoren suntstituta, Gaza iparraldean, joan den maiatzean. MOHAMMED SABER/EFE
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 30a
16:26
Entzun

Ekialde Hurbilean nazioarteko presioek eragina izan dutela dirudi, Israelgo Gobernuak Gazan ezarritako murrizketak arinduko baititu. Agindutako aldaketen artean, iragarri zuen, Gazara giza laguntza sartzen uztea, baldintza zehatzak betetzen dituzten palestinarrei atzerrira bidaiatzen uztea, eta arrantza eremua zabaltzea. Neurri berriak igandean eta astelehenean sartuko dira indarrean. 

Giza laguntza sartzen uzteko erabakia NBE Nazio Batuen Erakundearen eskariaren ostean iritsi da. Herenegun Gazara sartzeko baldintzak arintzeko eta errazteko eskatu zion erakundeak Israeli, aurreko maiatzeko bonbardaketen ondorioz han bizi duten krisi larrian lagundu ahal izateko. Igandetik aurrera nazioarteak bidalitako produktuak iritsiko dira Gazara; elikagaiak, ura, sendagaiak, hornidura elektrikoak, nekazaritza-produktuak eta arrantza-ondasunak, besteak beste. 

Halaber, baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten palestinarrek atzerrira bidaiatu ahal izango dute. Horretarako, baimena izango dute Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko muga igarotzeko. Hala ere, Israelgo Gobernuak aurretik onartutako baimen berezia beharko dute horretarako. Israelek adierazi du hartutako pausoak eremuko «segurtasuna eta estabilitatea» mantenduko dituela.

Horiez gain, Israelgo Gobernuak Gazako arrantza eremua zabalduko duela ere iragarri du: Sei itsas miliatik hamabi miliara. Arrantza eremuan egin duten bigarren aldaketa da aste honetan, duela lau egun horren eremua txikitzea erabaki baitzuten, Gazatik jaurti zituzten suzko globoen harira. Datorren astelehenean sartuko da erabakia indarrean.

Israeldik iritsi diren berri guztiak ez dira, baina, onak izan. Bakea Orain GKE gobernuz kanpoko erakundeak Haaretz egunkariari emandako informazioaren arabera, Israelgo Gobernuak 8.500 dunum (8,5 kilometro koadro) lur esleitu dizkie hainbat kolono talderi, guztiak Zisjordaniako palestinarrenak. Hala adierazi zuen Israelgo Nekazaritza Ministerioak erakundeari bidalitako mezu batean, Bakea Oraineko kideek eremu horiek okupatu dituzten taldeen finantzaketaren inguruan galdetu ostean. 

Nekazaritza Ministerioaren arabera, gobernuak hiru GKE finantzatzen ditu: Haxomer Yox, Kedma eta Beit Yattir programa. Nekazaritzan lan egiteko aurkezten diren boluntarioek osatzen dituzte hiru talde horiek. Antza, 3,8 milioi shekel (867.301 euro) jaso zituzten 2020an, eta 3,6 milioi (821.654 euro) 2019an, palestinarren lurretan okupatutako sei baserrien jarduerak finantzatzeko. 

Egun ardiak eta ahuntzak larratzeko ehunka postu daude Zisjordanian. Azken urteetan, ordea, Amana okupazio mugimenduak horietatik gutxienez 30 ordezkatu ditu. Horrelako taldeek lursail eremu handiak okupatzen dituzte, baina eremuaren gehiengoa artzaintzarako erabiltzen dutenez, oso biztanle gutxi bizi ohi dira halako lekuetan. Bakea Orain erakundeko kideek «baserri eta okupazio ilegalak ez babesteko» eskatu zioten gobernuari. Azken hilabeteetan gero eta gehiago izan dira palestinar lurretan kolonoek desjabetutako eremuak. 

 

Protestak eta tentsioa nagusi

Aste honetan areagotu egin dira palestinar eta israeldarren arteko liskarrak, eta baita horiek eragindako kalte eta tentsioa ere. Asteartean Beita inguruan piztutako manifestazioetan ehunka lagun zauritu zituzten Israelgo segurtasun indarrek, eta baita haur bat hil ere. Ekintza horiek palestinarren haserrea areagotu zuten, eta haurraren hiletaren ostean liskarrak nagusitu ziren berriro. 

Hiletara joan zen 23 urteko gaztea larri zauritu zuten ondoren piztutako protestetan, bi tiro jaso baitzituen: lehena buruan, eta bigarrena sabelean. Atzo gauean haren heriotzaren berri eman zuen Palestinako Osasun Ministerioak. Gaztearen heriotzarekin, dagoeneko lau dira astebetean Israelgo indarrek hil dituzten palestinarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.