Gazatik Zisjordaniara esportatzea onartu du Israelek

NBEren Munduko Elikadura Programaren proiektuko hemeretzi kamioi bidaltzea baino ez du onartu Tel Avivek

Erredakzioa
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Datil gozokiz betetako bi kamioi abiatu ziren joan den astelehenean Gazatik Zisjordaniara. Israelgo Gobernuak 2007an Gazari ezarritako blokeo hertsian salbuespen bat egitea erabaki du, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen Munduko Elikadura Programaren proiektua onartu du. Hala, egunotan, datil gozokiz betetako 19 kamioi joango dira Gazatik Zisjordaniara, hango ikastetxeetako umeek produktuok jaso ditzaten.

Gisha Israelgo GKEak azaldu duenez, Tel Avivek ondasunak esportatzen uzten dio Gazari urtea hasi zenetik, baina soilik atzerrira. «Israelera eta Zisjordaniara ondasunak saltzea debekatzeak Gazako ekonomiaren kolapsoa ekarri du. Bertako fabriken %83 itxita ala jarduera erdira jaitsita daude, euren merkatu naturalak blokeatuta dituztelako», salatu du Gishako zuzendari Sari Bashik. Izan ere, bere produktuen %85 Zisjordaniara eta Israelera saltzen zituen Gazak Tel Aviven blokeoa baino lehen.

Tel Aviven pausoa garrantzitsutzat jo du Bashik Gazan bizi diren palestinarren garapen ekonomikoa ahalbidetzeko. Baina bere ustez, garrantzitsuena jakitea geratzen da orain: «ea hau Elikagaien Programa Mundialari egindako keinu soil bat den ala politika aldaketa bat den».

Batasunaren zailtasunak

Bien bitartean, batasun nazionaleko gobernua osatzeko eta hauteskundeak antolatzeko negoziazioetan jarraitzen dute Hamas eta Al-Fatah alderdi palestinarrek. Momentuz ez dira oztopoak gainditzeko gai izan. Khalil al-Hayya Hamaseko buruzagiak adierazi du alderdiak ez dituela hauteskundeak babestuko alderdikideek Zisjordanian askatasun osoz jarduteko aukera izan arte.

Al-Fatahek, bestalde, Hamasi egozten dio batasun nazionaleko gobernuaren eta bozen gaineko pausoak atzeratzearen errua, Hauteskundeetako Batzordeari Gazan jardutea ukatu diotela argudiatuz. Al-Hayyak jakinarazi du, ordea, Mahmud Abbasek bozik ez egitea eskatu diela Israelek Jerusalemen eta Zisjordanian ere egitea onartu arte. Gobernua «berehala» osatu ezean gobernuburu ez izateko eskatu dio Al-Hayyak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.