Mendebaldeko Saharan gazte bat hil zen atzo Dajla hirian jokatu zen futbol partidan izan ziren liskarretan. MAP albiste agentziak jakinarazi duenez, auzo desberdinetako gazteen arteko borroka batean hil zuten gaztea, baina lekukoek adierazi dutenez Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldekoen eta Marokoko erregearen aldekoen arteko borroka batean hil zuten gazte sahararra.
Hildakoaz gain hainbat zauritu daude. Mamai Hanun Dajlako Giza Eskubideen elkarteko kideak adierazi duenez, borroka futbol zelaian hasi zen, Fronte Polisarioaren banderak eta independentzia oihuak alde batetik eta Marokoko erregearen aldeko eta "traidore" oihuak bestetik. Futbol zelaitik kalera iragan zen borroka, eta Mendebaldeko Sahararen aldekoek diote gau guztian iraun zutela.
Poliziak eta militarrek hiria hartu zutela ere salatu dute. Dajlan bereizita bizi dira batetik sahararrak eta bestetik iparraldetik iritsitako marokoarrak. Hanunen salatu duenez, gainera, Marokoko segurtasun indarrek hainbatetan kargatu dute sahararren aurka.