Laurent Gbagborenak egin zuela zirudien, bere etxeko bunker batean ezkutatuta eta erabat bakartuta egonda amore emango zuela uste baitzuten gehienek herenegun Boli Kostan. Izan ere, NBErekin eta Frantziarekin bere irteera negoziatzeari ekin ziola iragarri zuten, eta gatazkaren amaiera «ordu batzuetako kontua» izango zela. Gbagbo, ordea, ez da errenditu, eta berretsi du Boli Kostako legezko presidentea bera dela.
Idatziz botereari uko egiteko eta Alassane Ouattara presidente gisa onartzeko eskatu zioten Gbagbori, horiexek baitziren hauteskundeetako garaileak gatazka amaitzeko ezarritako baldintzak. Gbagbok, baina, su-etena baizik ez zuen eskaini. «Hauteskundeak irabazi ditut eta ez dut negoziatuko nire irteera», adierazi zuen gero. Hori horrela, Frantziak eta NBEk amaitutzat eman dituzte negoziazioak. Orain arte presidente izandakoaren «intrantsigentziari» leporatu dio Frantziak elkarrizketen porrota.
Garaipena ospatzen hasiak ziren jada Ouattararen aldeko indarrak. Atzo, baina, ospakizunak albo batera utzi eta berriz ere armak hartu zituzten, azken erasoaldia egiteko. Gbagboren Abidjango etxeari erasotzeari ekin zioten; izan ere, presidentea han dago, bunker batean gotortuta.
Erasoak Gbagbo bizirik harrapatzeko dira, hala agindu baitie Ouattarak bere indarrei.Patrick Achi bozeramailearen hitzetan, ez dute gotortuta dagoen presidentea hil nahi, Justiziaren aurrera eraman baizik, «egindako guztiagatik» erantzun dezan. Izan ere, azaroan Gbagbok bozak galdu zituen, baina uko egin dio boterea uzteari.
Horrez gain, NBEk herenegun salatu bezala, Achik dio Abidjanen egoera jasangaitza dela. «Bost milioi lagun urik eta elektrizitaterik gabe daude, hildakoak kaleetan botata daude, eta segurtasun arazo handiak daude», azaldu du Ouattararen eledunak. Herritarrak izututa daudela gaineratu du, eta negoziazioak ahalik eta azkarren amaitzea espero dutela.
Ouattararen indarrak Abidjanera heldu zirenetik herritarrak etxean giltzapetuta daude. Erasoekin hasi aurretik, ultimatuma eman zion Gbagbori, boterea modu baketsuan uzteko. Baina honek uko egin zion proposamenari, eta bere aldekoak erresistentziarako mugiarazi zituen. Hori horrela, borrokaldi latzak izan dira azken egunotan herrialdeko hiririk garrantzitsuenean. Horrez gain, armatutako taldeek etxeak arpilatu dituzte. Horrexegatik, gehienak ez dira ausartzen kalera ateratzera. Egunak igaro ahala, ordea, egoera geroz eta larriagoa da. Izan ere, urik eta janaririk gabe daude asko eta asko. Atzo arratsaldean erasoak baretu zirenean, hornigaien bila atera ziren herritar batzuk. Denda gehienak itxita daude, ordea, eta beste asko hustu egin dituzte. Prezioak, gainera, hirukoiztu egin dira. Ateak ireki dituzten farmazietan ere ilara luzeak eratu dira.
Tiro hotsak entzun daitezke oraindik han eta hemen. Auzoetan gazteek kontu garbitzeak kalaxnikoven bidez konpontzen dituztela diote lekukoek. Horrez gain, herritarrak beldur dira Gbagboren aldekoek mendeku gisa erasoak egingo ote dituz- ten.
Nazioartearen esku hartzea
Gbagboren Europako eledunak, Toussant Alainek, berriz, Frantzia hura hil nahian dabilela salatu du. Alainek gaineratu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Boli Kostako kaosaren eta «gertatzear dagoenaren» erantzule izango dela.
Izan ere, nazioartearen esku hartzeak desorekatu du gatazkaren balantza. NBEk, kasko urdinen eta zibilen aurkako erasoak zirela medio, hitzetatik ekintzetara igarotzea erabaki zuen astelehenean. Frantziak ere herrialdean dituen tropak mugiarazi zituen orduan. Airez, Gbagboren base militarrei eraso zieten, eta denbora gutxian, Ouattararen indarrei Gbagbo bakartzen lagundu zieten.
Negoziazioek huts egin ondotik, dena den, Frantziako soldaduak ez dituzte Ouattararen aldekoekin batera armak hartu Gbagboren etxeari erasotzeko, ezta NBEren kasko urdinek ere.
Bestalde, gatazkan oraingoz 1.500 lagun hil dira, gutxienez. Dena den, zifra horiek askoz altuagoak izango direla uste dute. Atzo, hain justu, beste hilketa masibo baten berri eman zuen NBEk. Blolequinen ere, Duekuen bezala, hainbat herritar hil dituztela diote, eta gertatutakoa ikertzen ari dira. Duekuen, hain zuzen ere, egun bakar batean 800dik gora hil zituztela salatu zuen Gurutze Gorriak berriki. Tortura eta sexu indarkeria kasuak ere ikertzen ari da NBE. Horrez gain, Abidjan hiriko erasoen ondorioen berri jakiterik ez dago oraindik, baina gutxienez 400 lagun hil direla argitu dute.
Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak ere iragarri du Boli Kostan egin diren «hilketa masiboak» ikertuko dituela. Jadanik informazioa biltzen hasi direla jakinarazi du Luis Moreno Ocampo fiskalak. Epaileei prozesua martxan jartzeko eska diezaieke Morenok, baina Erromako Estatutuko kide batek ikerketa eskaera egiten badu, prozedura azkartu egingo litzateke.
Gbagbo, amaiera luzatzen
Boli Kostako orain arteko presidentea bizirik harrapatzeko eskatu die Ouattarak bere indarrei, Justiziaren aurrera eramatekoAbidjan hirian, herritarren egoera geroz eta larriagoa da; jatekorik eta urik ez dute askok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu