Laurent Gbagbo presidentearen aldeko Gazte Patriotak miliziak Nazio Batuen Erakundeko egoitza eta base militarren aurkako erasoaldia gogortu zuen atzo. Guiglo herrian, NBEren base militar batean sartzea lortu zuen herenegun miliziak. Atzo goizaldean, lau miliziano hil eta hamabi zauritu ziren, NBEko kasko urdinen eta miliziaren arteko borroketan. Ondoren, Guiglotik eta Duekouetik zonalde neutralera erretiratu ziren kasko urdinak, Armadak babestuta.
Abidjanen, protestak egin zituen miliziak NBEren bulegoen aurrean, barrikadak jarri zituen errepideetan eta kontrolak ezarri. Irrati eta telebista publikoan ere sartu zen, herritarrei kalera irteteko eskatzera. Astelehenetik NBEren aurkako eraso ugari egin ditu Gbagboren aldeko miliziak. Asteartean, hura sostengatzen duen FPI Herri Fronte Bolikostarra alderdiak bake prozesutik erretiratu zela iragarri zuen. Izan ere, ez dago ados Legebiltzarra desegitearekin iazko abenduan amaitzen zen legegintzaldia, botereari eusteko duen helduleku bakarra delako. Bestalde, NBEko bake indarrari herrialdetik joateko exijitu zion FPIk. 2003an sinatutako su-eten akordioa betetzen dela bermatzea da kasko urdinen zeregina. NBEko Segurtasun Kontseiluak bilera egingo du gaur Boli Kostako gatazka aztertzeko. Bestetik, Afrikako Batasuneko txandakako presidente Olusegun Obasanjo Abidjanera iristekoa zen atzo.
Gbagboren aldekoek gogortu egin dituzte NBEren aurkako erasoak
Kasko urdinak Guiglo eta Duekouetik gune neutralera erretiratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu