M. A. Noriega

Gehiegi jakitearen arriskuak

Panamako azken diktadorea hil zen atzo, 83 urte zituela, buruko minbizi baten ondorioz. Diktadurako desagertuei eta CIAri buruzko sekretuak argitara atera gabe joan da 'gizon indartsua'.

ander perez zala
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Drogak eta AEBak izan ziren Manuel Antonio Noriegaren (Panama Hiria, 1934) bizitza politikoko protagonista nagusiak, onerako eta txarrerako. Panamako diktadore ohia 83 urte zituela hil zen atzo, Panama Hirian, burmuineko minbizi baten ondorioz. Bere herrialdean hil den arren, ia 30 urte pasatu ditu munduan zehar, AEBetako eta Frantziako kartzeletan, sorterrira itzuli aurretik. Era guztietako maniobra politiko eta traizioen egile eta lekuko izan zen.

1990eko urtarrilaren 3an bere burua entregatu zuen arte, armadan eta politikan gorantz besterik ez zuen egin Panamako gizon indartsuak, AEBei esker. 1950eko hamarkadan hasi zuen Washingtonekiko harremana: Peruko akademia militar batean zegoela errekrutatu zuen CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak informatzaile lanerako, eta AEBen Fort Bragg basean (Ipar Karolina) entrenatu zuten. 1968ko Panamako kolpe militarraren ondorioz—hark babestutakoa—, Noriega azkar igo zen herrialdeko politikan. Besteak beste, zerbitzu sekretu militarreko buru izan zen, eta Omar Torrijos jeneralaren laguntzaile nagusietako bat bilakatu zen —AEBekin ituna sinatuta, Panamako kanalaren subiranotasuna berreskuratu zuten 1977an—. Washingtonekin batera, drogak ere garrantzi handia izan zuen diktadore ohiaren bizitzan. Noriegaren aurkako frogak egon arren, beti izan zuen AEBen eta CIAren laguntza edozein arazo desagerrarazteko. 1976an bertan, esaterako. Urte hartan izendatu zuten George W. Bush aita CIAko zuzendari, Noriegaren aurkako froga asko zeuden garai berean; Bushek froga horiek desagerrarazteko agindu zuen.

Etxera begira, Torrijos jenerala 1981ean hil zen, hegazkin istripu «misteriotsu» batean. Aginte falta zegoen orduan, eta Noriegak bere boterea sendotu zuen: 1983an, herrialdeko estatuburu bihurtu zen —ez presidente—. Jeneral izendatu zuen bere burua, eta herrialdeko politikaririk boteretsuena bilakatu zen. Garai hartan, Noriega AEBen laguntzaile izan zen Nikaraguako sandinisten aurkako gerran. AEBek zelata postuak finkatu zituzten herrialdean, aurretik zituzten base militarrak indartzeko. Ronald Reagan AEBetako presidentearentzat, Panama bide seguru bilakatu zen Nikaraguako contra organiazio armatuari armak eta dirua bidaltzeko; hori guztia, Noriegari esker. Trukean, eta aurreko urteetan bezala, CIAk defendatu zuen.

Baina AEBak hasiak ziren Panamaren gaineko kontrola egituratzen. Izan ere, egoera politikoa ez zegoen Washingtonek nahi bezain bare. CIAren konplize ohi bat zegoen agintean, baina, azken urteetan, gehitxo aldenduta zebilen AEBetako Gobernuaren interesetatik, bere buruaren mesedetako konspirazioetan gotortuta. Besteak beste, Torrijosen hilketarekin lotura izatea eta narkotrafikotik dirutzak lortzea leporatzen zioten Noriegari. Herrialdean ere ez zitzaion etsairik falta: burgesiak probetxu handia ateratzen zion kanalari, eta ez zuen nahi hura gobernuaren esku geratzerik; ezkerrak eta herri mugimenduek, berriz, gero eta presio handiagoa egiten zuten burujabetzaren alde.

Testuinguru horretan, Reaganen ondorengoa izan zen nahia errealitate bihurtzeko pausoa egin zuena: Bush aita, Noriegaren buru ohia. 1988an, AEBetako Senatuaren terrorismorako, nazioarteko operazioetarako eta narkotikoentzako azpibatzordeak honako hau ondorioztatu zuen: «Noriega jenerala AEBen atzerri politikaren porrot handienetariko bat da. Justiziaren aurrera eraman nahi dugu, demokrazia berrezartzeko». Floridako (AEB) bi auzitegik narkotrafikoa eta krimen antolatua leporatu zioten. AEBek probetxu atera zioten Panamako egoera politikoari, eta kanpaina erasokorra abiatu zuten. 1989ko udan, probokazio sistematikoa hasi zen: soldadu estatubatuarrek nahieran atxilotzen eta geldiarazten zituzten panamarrak, eta errepideak ixten zituzten segurtasun indarren erantzuna eragiteko. Abenduaren 18an, istilu batzuetan, AEBetako armadako kide bat hil zuten.

Bushek Panama inbaditzea erabaki zuen 1989an: «AEBen aurkako Noriega jeneralaren erasoek eta arduragabekeriek arriskuan jarri dituzte Panaman bizi diren 35.000 estatubatuar. Presidente gisa, nire eginbeharra da estatubatuarren biziak Noriegarengandik babestea». Noriega «diktadore trafikatzailea» agintetik kentzeko operazioa zen: Kausa justua. Milaka panamar hil zituzten soldaduek, nahiz eta 200 izan zirela ziurtatu zuen Washingtonek. Noriega Vatikanoaren nuntziaturan aterpetu zen, eta, han, lau euskal deportaturekin egin zuen topo, Jose Sebastian Laboa monsinore pasaitarraren babesean. AEBetako soldaduen bi asteko setioaren ondoren, bere burua entregatu zuen Noriegak, 1990eko urtarrilaren 3an; Laboak, Miguel Castells abokatu donostiarraren laguntzarekin, deportatuak beste herrialde batera eramateko gestioak egin zituen. Koldo Izagirrek jaso zituen Panamako inbasioaren lekukotzak Merry Christmas, Panama! esan zuen heriotzak liburuan, Euskaldunon Egunkaria-ren enkarguz.

1992an kondenatu zuten Noriega —besteak beste, droga trafikoagatik—, eta 40 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. AEBetako eta Frantziako kartzeletan bete zuen kondena; Frantzian, dirua zuritzeagatik. 2011z geroztik zegoen Panaman —abenduaren 11n estraditatu zuten Frantziatik—. Urtarrilaren 27an, errugabea zela esan zuen Panamako auzitegi baten aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.