Gehiengo osoa eskura dezake gaur Correak Ekuadorren

Bigarren itzulia behar izan gabe, presidente karguan jarraitzeko herritarren nahiko boto jasoko dituela diote inkestek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Rafael Correa Ekuadorko presidenteak beste lauurte agintean jarraitzeko aukera izango du gaurko hauteskundeak gehiengo osoz irabaziz gero, eta horixe ematen diote inkesta guztiek. Beste zazpi hautagairekin izango du lehia, baina Lucio Gutierrez presidente ohiak eta Alvaro Noboa magnateak dute, izatekotan, Correari urrutitik itzala egiteko aukera, betiere inkesten arabera. Correak gehiengo osoa lortzen ez badu, bigarren itzulian erabakiko dute herritarrek bi hautagai bozkatuenen artean zein izango den Ekuadorko presidente berria, ekainaren 14an. Presidenteaz gainera, presidenteordea, Batzar Nazionaleko ordezkariak, probintzietako gobernadoreak eta udaletako zinegotziak aukeratuko dituzte gaur 10,5 milioi herritarrek.

Rafael Correak aise irabaziko duen ziurtasunarekin hitz egin du kanpainan, iazko irailean Konstituzio berria onartzeko erreferendumaren baiezkoak eman dion indarrarekin. -%65ek onartu zuten XXI. mendeko sozialismoari ateak irekiko dizkion testua-. 2006 urtean kargua hartu zuenean hitzemandakoa betetzen jarraituko duela esan du, «herritarren iraultza bideratzen, behartsuenei bizitza duina eskaintze aldera». Alianza Paiseko alderdikideekin hasitako bidea sendotzeko ezinbestekoak dira datozen lau urteak, nabarmendu duenez.

Lucio Gutierrez presidente ohiarentzat, baina, Correa boterean egotea ez da zilegia, «estatu kolpe baten antzekoa» eman baitzuen. SP Gizarte Patriotikoa alderdiko buruak gogoan izan du hori esaterakoan, 2005 urteko apirilean kargutik kendu zuen forajidoen mugimenduan «gaizkileen» artean parte aktiboa izan zuen-eta Correak. Gutierrezek 2002an irabazi zituen bozak ezkerreko plataforma baten sostenguarekin, eta %60 baino gehiagok egin zuten haren alde, gizarte arazoei eta batez ere pobreziari aurre egingo ziola sinestuta. Baina kanpo zorra ordaintzeko nahiak barnekoa handitu zuen; AEBekin harremanak sendotu zituen, eta giroa nahastu samar zegoela, herritarren matxinada eragin zuen, Abdalan Bucaram Zoroa eta Gustavo Noboa presidente ohiak ustelkeria akusazioetatik errugabetzat jo zituenean. 2006an Correak hauteskundeak irabazi zituen.

Iraganeko akatsak, ordea, «oso fidagarri ez direnekin lan egiteari» egozten dizkio Lucio Gutierrezek, eta eskarmentua hartua duela uste du «berriz ere gobernatzeko». Bere karreran domina ugari jasotako militarra izan zen, eta armakide asko izan zituen gobernuan.

Gutierrezi botoen %12-15 ematen dizkiote inkestetan, eta oso gertu jartzen dute Alvaro Noboa magnatea, Ekuadorko dirudunena, banana industria handienaren jabea, besteak beste. Noboaren PRIAN alderdiak Konstituzio berriaren aurkako kanpaina gidatu zuen, eta, baiezkoak aise irabazi eta gero erretiratzeko asmoa agertu bazuen ere, erabakia aldatu du. Lauhauteskundetako hautagai izan da, eta Abdala Bucaramen gobernuaren banku kontseilua zuzendu zuen. Noboaren hainbat enpresa ikertzen ari dira iruzur fiskala dela eta.

Manipulazioa salatu dute

Oposizioko bi kideok bozen emaitzetan manipulazioa egon daitekeela salatu dute, eta nazioarteko behatzaileei arazoa bideratzeko eskatu. Baina, oraingoz, «ez dago iruzur zantzurik», Jose Ribeiro e Castroren arabera. Amerikako Estatuen Erakundeak eta Europako Batasunak bidalitako ordezkarien izenean hitz egin du Ribeiro e Castrok.

Presidentearen eta oposizioaren arteko ika-mika gailendu zaio programen mamiari, analista politikoek salatu dutenez, eta inkestak inkesta, azken unera arte herritar askok nori eman botoa ez dakitela diote, presidentea eta presoidenteordeaz gain, Batzar Nazionaleko 124 kide, 23 gobernadore eta herrietako ordezkariak aukeratu behar dituztelako. Sei botopaper sartu behar dituzte hautestontzietan, eta izen asko ezagutu gabe aukeratuko dituzte herritarrek. Botoa ematea derrigorrezkoa da Ekuadorren, eta bozkatzera joaten ez badira isuna ordaindu behar dute.

Ekainaren 14ko itzulian, berriz,legebiltzarkideak eta elizetako kontseiluetako eledunak aukeratuko dituzte, presidenteaz gainera, lehen itzulian nahikoa boto lortzen ez baditu. Hauteskundeok amaituko dute Konstituzio berriaren erreferendumak hasitako prozesua, eta 6.000 funtzionario publikoren kargua definituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.