ERRESUMA BATUKO HAUTESKUNDEAK

Gehiengo osoa eskura hirugarrenez

Gaurko bozak irabaziz gero, Tony Blair izango da hirugarren aldiz jarraian irabazten duen lehen laborista

arantxa elizegi egilegor
2005eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Irabaziz gero, bozak hiru aldiz jarraian irabazten dituen lehen buruzagi laborista izango da Tony Blair. Inkestek 14 puntuko aldea ematen zioten atzo Alderdi Laboristari, kontserbadoreekiko. Horrek, berriz, inoizko beherakadarik handiena izango zuela zioten. Botoen %27 lortuko dituztela zioten inkestek. Hori dela eta, noren alde egingo zuten argi ez zuten barrutietan izan zen atzo Michael Howard kontserbadoreen burua. Gauza bera egin zuten Charles Kennedy liberal demokraten buruak eta Blairrek berak ere.

Ingalaterran eta Eskozian izan zen atzo Blair. Ekonomia sendotzearen garrantziaz eta kontserbadoreek boterea eskuratzearen arriskuaz aritu zen. Herritarrak bozkatzera deitu zituen, etxean geratuz gero, kontserbadoreen mesederako izango zela ohartaraziz. Ordu batzuk lehenago, bestalde, Irakeko gerraz aritu zen Blair. «Hartu ditudan erabakietako batzuk zailak izan dira. Baina lehen ministroak ez du kritikatzeko aukerarik. Erabakiak hartzea da haren eginbeharra».

Azken agintaldia

Hau bere azken agintaldia izango zela iragarri zuen kanpaina hasi eta berehala Blairrek. Baina hurrengo bozak arte karguan jarraituko zuela ere nabarmendu zuen. Hala ere, zenbait adituren arabera Europako Konstituzioari buruzko erreferendumaren emaitzen araberakoa izango da agintaldia. Galdeketan ezezkoak irabaziz gero, Blairrek kargua jarduneko Ekonomia ministro Gordon Brownen esku utziko duela diotenak asko dira.

Uztailetik aurrera Erresuma Batuak hartuko du Europako Batasuneko buruzagitza eta 2006an, berriz, Konstituzioaren inguruko galdeketa egingo dute. Aurretik EBko beste herrialde guztietan egingo da eta horietan baiezkoa ateraz gero, Gobernuak eginahal guztiak egin beharko ditu aldeko botoa lortzeko. Bozetarako kanpainako gai nagusietako bat izan da hori. Surreyn, Anglia ekialdean eta Yorkshiren izan zen atzo Howard. Immigrazioaren aurkako eta osasun zerbitzuak eta heziketa hobetzeko kontserbadoreen egitasmoa aurkeztu zuen horietan. Immigrazioa izan da kanpaina honetan aipatutako beste gaietako bat. Etorkin asko bizi dira Erresuma Batuan, baina atzerritarrekiko beldurra zabaldu egin da AEBetako eta Espainiako erasoez geroztik. Kontserbadoreek immigraziorako kuota bat jartzea eta asiloa eskatzen dutenei azterketa zorrotzagoak egitea proposatzen dute. Alderdi Liberal Demokratak ere bere kanpainarekin jarraitu zuen atzo. «Jendearen arazoetarako benetako irtenbideak aurkitu nahi ditugu», esan zuen Kennedyk. Liberal demokratei botoen %23 eman zizkieten inkestek atzo. Irakeko gerraren aurka agertu zen hiru taldeetatik bakarra izateak eragin du gorakada hori, besteak beste. Charles Kennedyren esanetan, eurak dira Erresuma Batuaren «benetako alternatiba» eta horregatik da Alderdi Laborista euren beldur.

-

Hiru aurpegi eta hiru politika





tony blair

(Laboristen buruzagia)

Eskozian, Edinburgon, jaio zen Anthony Charles Lynton Blair, duela 59 urte (1946). Ezkonduta dago, eta lau seme-alaba ditu. Politikari lanetan hasi aurretik, abokatu gisa aritu zen. Zortzi urte daramatza lehen ministro karguan. Denbora horretan erabaki asko hartu ditu. Eztabaida gehien Irakeko gerran parte hartzekoak eragin du. Barne politikaz kezkatutako agintaria izatetik armadaburu izatera igaro zen.



michael howard

(Kontserbadoreen buruzagia)

Galesen jaio zen, Gorseinonen, 1943an. Abokatu lanetan aritu zen 1983an legebiltzarkide kargua hartu zuen arte. Ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba ditu. Margaret Thatcher agintean zegoen garaian lortu zuen ospea. John Majorrek lehen ministro kargua hartu zuenean, berriz, Barne ministro izendatu zuen. Gurasoak Errumaniatik joandako etorkinak ziren arren, immigrazioaren aurkako neurri zorrotzak agintzea izan da Howarden kanpainako oinarri nagusia.



charles kennedy

(Liberal demokraten buruzagia)

Eskozian jaio zen, Invernessen, 1961ean. Ezkonduta dago, eta seme bat du. Kazetari lanetan aritu zen. Zenbaiten ustez, bera da Erresuma Batuko politikari dinamiko bakarra. Gogor kritikatu zuen Irakeko gerrara joateko erabakia. Adinekoentzako laguntza gehiago ematea eta unibertsitateko matrikulak kentzea dira bere helburuetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.