«Errusiak merezi zuena jaso du argi eta garbi, ez gutxiago, ez gehiago; zentzu horretan, hauteskundeak garbiak, justuak eta demokratikoak izan dira», adierazi du Dmitri Medvedevek hauteskundeen emaitzak jakin ostean. Errusia Batuak eskuratu du gehiengo osoa hauteskundeetan, gutxigatik izan bada ere. Parlamentua — Duma — osatzen duten 450 eserlekuetatik 238 lortu ditu, hau da, botoen %49,5ko babesa. Dena dela, emaitza 2007ko hauteskundeetan lortu zuen bi hereneko gehiengo absolututik oso urrun geratu da, 77 eserleku galdu baititu, eta aulkiak lortu dituzten gainerako hiru alderdiek — orotara zazpi alderdi aurkeztu dira — gora egin dute nabarmen. Hori ikusirik, Medvedevek ateak zabalik utzi ditu: «Errusia Batua beste alderdiekin elkarlanean aritzeko prest dago, nahiz eta gehiengoa lortuta horretarako beharrik ez duen». Martxoko presidentetzarako bozen atarikoa izan da igandeko, eta ikusi egin beharko da Vladimir Putin lehen ministroa presidente izateko babesten ote duten. Atzo milaka lagun atera ziren kalera Putinen dimisioa eskatzera, eta ehunka atxilotu zituzten.
Oposizioko alderdiek elkarren arteko loturak egiteko aukera argiagoak ikusi dituzte. Alderdi Komunistak botoen %19 lortu du, Bidezko Errusia alderdiak %13, eta Alderdi Liberal Demokratikoak %11. Hain zuzen, hiru talde horiek egon dira orain arten Duman, gobernuaren alderdiarekin batera. Gainerakoek ez dute eserlekuak lortzeko behar den gutxieneko %7ko babesik jaso — Kremlinak orain gutxi ezarritako baldintza —. Dena dela, oposizioko bi alderdi nagusien arteko koalizioaren aldeko ahotsak entzun dira kanpaina osoan; orain arte ezin izan dute elkartu, bozetara bi talde koalizioan aurkeztea debekaturik dagoelako. Baina jasotako babesa ikusirik, Putini aurre egiteko martxoko hauteskundeetan aurkeztuko direla garbi utzi dute.
Putinek, hain zuzen, krisi ekonomikoa jo du jaitsieraren arrazoi nagusitzat, eta bozak Erresuma Batuko, Espainiako eta Portugalekoekin parekatu ditu, han ere alderdi nagusiek nabarmen egin baitute behera. Medvedevek, ordea, parlamentu «alaiago» baten aurrean «zoriontsu» dagoela azaldu du. Dena dela, Dumaren banaketa berriak lehen aldaketa eragin du: Boris Grizlov parlamentuko buruak dimisioa aurkeztu du.
«Hauteskunde zikinak»
«Inoizko hauteskunderik zikinenak izan dira», salatu du Gennadi Gudko Bidezko Errusiako kideak. Eta ez da bakarra izan: Medvedevek adierazitako boz «garbietatik» urrun, nazioarteko behatzaileek, gobernuz kanpoko erakundeek eta oposizioko alderdiek iruzur nabarmenak egon direla adierazi dute. Segurtasun eta Lankidetzarako Europako Erakundeak eta Europako Kontseiluko Asanblada Parlamentarioak behatzaileen lanari buruzko txostena kaleratu dute, eta botoen zenbaketan «manipulazio argiak» egin dituztela aditzera eman. Halaber, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren «independentzia falta» eta aginpidearen «esku sartzeak» salatu dituzte.
«Zenbait hauteslekutan behin baino gehiagotan bozkatzen saiatu dira, eta zenbaketetan boto paper faltsuak sartu dituzte», azaldu dute Alderdi Komunistatik. 1.600 hauteslekutako emaitzak salatzeko epailearen aurrean joko dutela gaineratu dute.
Gehiengo osoa lortu arren, nabarmen jaitsi da Putinen alderdia Errusiako bozetan
Oposizioko alderdiek ageriko iruzurrak salatu dituzte, eta milaka lagunek Putinen dimisioa eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu