Gehiengoaren izenean

Erresuma Batuko lehen ministro Cameronek liberal-demokraten eta kontserbadoreen arteko koalizioaren alde egin du

2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Bakarrik esan nahiko nuke koalizio honekin konprometituago nagoela orain, 2010eko maiatzean Nick Cleggek eta nik gobernu hau osatu genuenean baino». David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa hitz horiekin ahalegindu da isiltzen kontserbadoreak eta liberal-demokratak batzen dituen itunaren krisiaren inguruko zurrumurruak. Batik bat, alderdiaren baitan koalizioaren aurka altxa diren ahots disidenteei igorri die mezua. «Hil edo bizikoa da gobernuak gehiengoa izatea, eta gure herrialdea babesteko erabakitzeko ahalmena eta indarra edukitzea». Birminghamen herrialdeko trenbideak hobetzeko inbertsio plan bat aurkezteko ekitaldian esan ditu hitzok Cameronek, Clegg liberal-demokraten burua ondoan zuen bitartean. Horren esanetan, oztopoak oztopo, «herrialdearen interes nazionalen alde» lanean jarraituko dute.

Iragan astean, Lorden Ganbera berritzeko liberal-demokratek bultzatutako proposamena ezin izan zuen aurrera eraman koalizio gobernuak legebiltzarrean gehiengoa izan arren. Bozketarik ere ez zuten egin. Izan ere, 91 tory oldartu eta gobernuak aurkeztutako proposamena atzera botatzeko prest zirela jakitean, atzera egin zuen Cameronek. Alderdikideen jarrerak sutu egin zuen lehen ministroa, eta Westminsterreko korridoreetan bere onetik irtenda Jesse Norman matxinadaren buruari builaka aritu zela kontatu zuten oposizioko laboristek.

Ordutik bat baino gehiago izan dira koalizio gobernua 2015eko maiatza baino lehen hautsiko dela esan duten kontserbadoreak, eta gutxiengoan gobernatzearen alde agertu direnak. Koalizioari eusteak ez dauka zentzurik Peter Bone legebiltzarkide kontserbadorearen iritziz. Azaldu duenez, krisitik ateratzeko neurriak aurrera ateratzeko egin zuten bat kontserbadoreek eta liberal-demokratek, eta neurri horiek jada onartu dituztenez, bakarrik agintzearen alde egin du. Cameronek, baina, adorerik ez galtzeko eskatu die alderdikideei, eta gaineratu du dirutza jokatuko lukeela liberal-demokratekin duen itunaren iraupenaren alde.

Legeak eta gobernuaren lana gainbegiratzeko zeregina duen Lorden Ganberako aukeraketa sistema aldatzea zen gobernuaren helburua. Egun dituen 800 kidetik 450era murriztu nahi zuen 2025erako. Horrez gain, ganberako kideen %80 zuzenean aukeratzea proposatzen zuen, hamabost urterako, eta horiei berriz aurkeztea debekatzea. Gainontzekoak batzorde independente batek aukeratuko lituzke.

Lidergoa kolokan

Alderdi Kontserbadoreko eskuindarrenen artean geroz eta ageriagoa da atsekabea. Liberal-demokraten babesagatik ordaindu beharreko prezioa garestiegia iruditzen zaie, eta alderdiaren barruan zatiketa handitzen ari da. Cameronek, baina, batasunaren alde egin du gehiengoaren izenean. Hainbat tory Cameron ordezkatzeko planak egiten ari daitezkeela diote, ordea, alderditik, eta gertutik ari dira aztertzen William Hague alderdikoburuzagi ohiaren, edota Liam Fox eta Michael Goberen mugimenduak.

Cameron bere alderdikideen eta liberal-demokraten artean harrapatuta dago. Cleggi men egiten dion bakoitzean alderdikideak oldartzen zaizkio, eta, aldiz, liberal-demokraten eskaerei entzungor egiten dienean horiek dira presio egiten diotenak. Urteetan etsai izan diren alderdien elkarlana lehen egunetik izan da korapilatsua. Cleggen alderdiari egin dio kalterik handiena itunak, maiatzeko udal hauteskundeetan agerian geratu zen bezala. Izan ere, liberal askok ez zuten ulertu laboristekin elkartu ordez kontserbadoreekin bat egin izana. Baina liberal-demokraten gainbeherarekin batera doa Cameronen ospea ere. Laboristak, berriz, atsekabetutakoen babesa hartzeko prest agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.