Gelditu ezineko oihuak

Kaxmirko biztanleek uda guztia daramate protestak eta manifestazioak egiten independentzia aldarrikatzeko; dagoeneko gutxienez 55 zibil hil ditu Indiako Poliziak.

Ane Urrutikoetxea.
2010eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Borrokak ez dira beti berdintasunean egiten. Askotan aldeetako bat bestea baino askoz ere ahulagoa izanik, galtzaile da borroka hasten den unetik. Baina, batzuetan, ahulenak kemena erakusten du, eta beldurra uxatuz, indartsu bihurtzen da, borrokatzeko arrazoietan sinesten duelako. Kaxmirko biztanleek uda guztia daramate Indiako segurtasun indarren aurka borrokatzen. Protestak eta manifestazioak antolatzean datza haien borroka; Indiarena, berriz, bestelakoa da. Etxeratze agindua ezarri du, eta 5.100 militarrek Kaxmirko kaleak hartu dituzte. Gutxienez 55 zibil hil ditu Poliziak; gehienak, gazteak. Bertakoen esanetan, hildakoak modu baketsuan ari ziren aldarrikapenak egiten.

Baina hildakoak egoteak ez ditu biztanleak beldurtu; protestak egunero egin dituzte, jendetsuak denak. Ramadan garaiak ere, ez ditu gelditu; hori dela eta, etxeratze agindua ezarri zuten berriz ere larunbatean. M. A. Kakroo Indiako arduradunaren esanetan, etxeratze agindua kentzeak egoera okertu du: «Ramadanak iraun bitartean etxeratze agindua kentzea pentsatu genuen, baina azken egunetako liskarrak gogorrak izan direnez, berriz ere jarri beste aukerarik ez genuen, nolabaiteko ordena mantentzeko». Ostiralean lau zibil hil ziren Poliziaren tiroketetan, Sopore, Pattan eta Trehgam herrietan. Atzo, berriz, ustezko bi miliziano eta Indiako militar bat hil ziren borroketan, Rajouri barrutian.

New Delhik abuztuaren 8an kendu zuen etxeratze agindua, hamar egunez indarrean egon ondoren. Adierazi zuenez, Ramadanaren hasierarekin debekua kentzea erabaki zuen, jendeak janaria eta botikak erosi ahal izateko. Horrez gain, independentzia aldarrikatzen duten alderdiek protestak alde batera utzi zituzten, biztanleek beharrezko guztia lasai erosi zezaten. Srinagar hirian bizi da Abdul Aziz, eta haren esanetan, atseden eguna izan zen hura: «Arnasa hartu dugu, hamar egunez etxean setiatuak egon ondoren, eta jatekoa zein umearentzako botikak erosi ahal izan ditugu».

Liskarrak ekainaren 11n hasi ziren. Orduz geroztik gutxienez 55 lagun hil dira, denak Poliziaren tiroen ondorioz. Segurtasun indarren artean, berriz, pertsona bakarra hil da. Hildako gehienak gazteak eta adingabeak dira, eta manifestazioetan parte hartzen ari ziren denak. Indiako Gobernuak erabateko askatasuna ematen dio Poliziari protestei nahi bezala erantzuteko; harrikadak hasi bezain laster, tiroka erantzuteko baimena daukate, eta hildakoak egonez gero, ez dago inolako zigorrik, ez erantzukizunik.

P. Chidambaram Barne ministroak onartu du hildako gehienak gazteak eta adingabeak direla: «Azken egunetako liskarretan zentzugabeko indarkeria izan da, eta hori ez da konponbiderako bidea. Bi aldeen arteko elkarrizketak bideratzearen alde nago, betiere indarkeria amaitu ondoren». Ajay Maken Barne ministrordeak gaineratu du Poliziak eragindako hildakoen ondorioz egoera okertu egin dela: «Etengabeko katea da. Hildakoek protesta eta eraso gehiago eragin dituzte, eta Poliziak berriz ere ekin behar izan dio». Etengabeko erasoen eraginez, Indiako trenbideak Kaxmirtik ez igarotzea erabaki zuten abuztuaren 4an, biztanleen kalterako.

Erasoak behin eta berriz gertatu dira. Manifestariak kaleak hartu dituzte egunero, eta poliziekin topo egin dute. Aldarrikapenak eta oihuak modu baketsuan hasten dira, baina Poliziak kaleak itxi bezain laster, egoera berotu eta harrika hasten dira batzuk. Orduan, poliziek manifestarien aurka tiroka hasten dira.

Liskarrak, gogortzen

Abuztuaren 2a izan zen egunik beltzena, bederatzi zibil hil baitzituzten. Hildakoen artean, manifestazioetako batean zegoen zazpi urteko haur bat zegoen. Bertako iturrien arabera, Poliziak hogei lekutan egin zuen tiro egun hartan. Hildakoez gain, 180 lagun zauritu ziren. Shaid Mir manifestazioko parte-hartzaileetako baten arabera, martxa baketsuazen: «Manifestazioarekin jarraitzea erabaki genuen, nahiz eta poliziek eta Gobernuak bertan behera uzteko agindu. Bat-batean, Polizia tiroka hasi zen, eta nire lagun bat hil zuen».

Poliziaren esanetan, baina, manifestariek eraso ondoren su egin zuten. Dena den, poliziaburu baten hitzetan, «normaltasunari eustea» inoiz baino zailagoa da: «90eko hamarkadan, airez pare bat buelta emanda protestak uxatzea lortzen genuen. Orain, ordea, berdin du mila buelta ematen baditugu ere, jendeak berean jarraitzen du. Ehunka biltzen dira egunero protesta egiteko, eta ez dute dauden lekutik mugitzeko asmorik». Indiak geroz eta gehiago estutzen du Kaxmirko biztanleen soka. Hilabete honetan, segurtasun indarrak hirukoiztu egin ditu Indiak; abuztuaren 3an 1.900 militar bidali zituen herrialdearen iparraldera, eta beste 3.500 hiriburu ingurura.

Konponbiderako jarrerarik ez

Kaxmirko Gobernuak agindu zuen hilabete hasieran Indiarekiko elkarrizketak bideratuko zituela, betiere indarkeria amaituz gero. Lehendik ere egin dituzte ahaleginak, baina iaz bertan behera gelditu ziren. Bestalde, alderdi independentistek adierazi dute elkarrizketa oro alferrikakoa izango dela Indiak lurraldetasunaren gatazka onartzen ez duen bitartean, eta Poliziari eta administrazioari eskumen bereziak emateari uzten ez dion bitartean.

Omar Abdula Kaxmirko gobernuburuak Indiako Poliziaren ekintzak ikertzeko agindu du, protestetan hildakoak beharrezkoak ote ziren jakiteko. Emaitzak hiru hilabete barru jakinaraziko dituztela adierazi du. Horretaz gain, gobernuburuak eskatu dio Poliziari eskumen bereziak emateari utz diezaion: «Eskumen horiek lehenbailehen kendu behar dituzte, segurtasun indarrak haiek gehiegikeriaz erabiltzen ari direlako».

Khalida Sha Awamiko Nazioarteko Batzordeko buruak adierazi du New Delhiren jarrerak ez duela aurrerapausorik ematea baimentzen: «Indiak ezin ditu pentsatzeko erak atxilotu. Bere jarrerarekin, etsaiak eta gorrotoa besterik ez du lortzen. Kaxmirko arazoa behingoz konpon dadin, Pakistanek eta Indiak elkarrizketak lehenbailehen bideratu behar dituzte».

Bestalde, Pakistanek Kaxmirrekin duen jarrera leuntzeko eskatu dio Indiari, «errugabeak hiltzen ari delako». Kaxmirko gatazka 1947an hasi zen, India eta Pakistanen independentziarekin batera. Bi herrialdeak Kaxmir osoa bereganatzen saiatu dira etengabe, eta hiru gerrate izan dira tarte horretan: 1947an, 1965ean eta 1999an. Gutxienez 68.000 lagun hil dira erasoetan 1980tik. Kaxmir, bestalde, independentzia lortzeko borrokatu da urte luzez. Jammu eta Kaxmir Askatzeko Frontearen arabera, independentzia da bakerako bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.