Jordi Sanchez, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Josep Rull buruzagi independentistei zuzendutako adierazpen bateratua argitaratu dute Generalitateko eta Kataluniako Parlamentuko presidente ohi guztiek, arartekoarekin batera. Espetxean egiten ari diren protesta eten eta gose greba amaitzeko galdegin diete, "bizitzarako eta osasunerako eskubidea babestu" eta prozesu subiranistaren kontrako auzian beraien defentsan "gaitasun osoz" aritu ahal izateko; baita "herrialdearen etorkizun politikoan" ere.
Adierazpena sinatu dute Carles Puigdemont, Artur Mas, Jose Montilla, Pasqual Maragall eta Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiek; Carme Forcadell, Nuria de Gispert, Ernest Benach eta Joan Rigol parlamentuko presidente ohiek, eta Rafael Ribo arartekoak.
Sinatzaileen iritziz, lau buruzagi independentistek espetxetik egin duten protesta ekintzak balio izan du beraien egoera prozesala ikusarazteko eta kontzientziak astintzeko.