KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Generaliteak kereila aurkeztu du Espainiako eta Kataluniako fiskal nagusien aurka

Dagozkien ahalmenak gainditzea leporatzen die Kataluniako Gobernuak. Espainiako Estatuak oinarrizko eskubideak urratu eta Kataluniaren autonomia eten duela salatu du baita ere.

Carles Mundo Kataluniako Justizia kontseilaria, gaurko prentsaurrekoan.
2017ko irailaren 29a
17:30
Entzun

Kataluniako Justizia kontseilariak iragarri duenez, Kataluniako Gobernuak kereila aurkeztu du Espainiako eta Kataluniako fiskal nagusien kontra; alegia, Jose Manuel Maza eta Jose Maria Romero de Tejadaren aurka, hurrenez hurren. Azken aste hauetan eman dituzten aginduekin, dagozkien ahalmenak gainditu dituztela argudiatu du Mundok, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiak erreferendumaren antolaketa ikertzeko abiatu zuen ikerketari entzungor egitea leporatu die. Azaldu duenez, epaile batek ikerketa hasiz gero, fiskaltzak ezin ditu agindu polizialak eman, ezta haien arteko koordinazioa gidatu ere.

Generalitateak prebarikazio, eginkizun publikoen usurpatzea eta eskubide zibilen aurkako delituak egoztien dizkie fiskalei.

Mundok gogor kritikatu du Espainiako Estatuaren jokabidea. "Delitua ez dena jazarri da delitu balitz bezala". Mondoren hitzetan, Espainiako legediak jasotzen du erreferendum bat egitea ezin dela delitu izan. Justizia kontseilariak salatu du Espainiako Estatuak oinarrizko eskubideak urratu dituela, eta haren esanetan legearen kontrakoak diren hamabi gertakari aipatu ditu.

Horrez gain, Madrili leporatu dio Kataluniako autonomia indargabetzea, Espainiako konstituzioaren 155. artikulua ezarri ezkutuan ezarrita. Horren adierazgarri aipatu ditu Mossos d'Esquadraren gaineko kontrola Gaurdia Zibileko koronel baten esku uzteko fiskaltzaren agindua eta Kataluniako Gobernuaren diru kontuen gaineko kontrola hartzeko Espainiako Gobernuaren esku hartzea.

Espainiako Gobernuak erreferenduma eragozteko eraiki duen estrategia gauzatzeko, "estatuaren erreminta guztiek elkar hartu" dutela salatu du Mundok. "boteren banaketa suntsitu dute", adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.