Ostegunean, adostasunera heldu ziren Ukraina, Errusia, Europako Batasuna eta Amerikako Estatu Batuak, eta Ukrainako krisia baretzeko hainbat neurri hitzartu zituzten. Akordio hori, ordea, ez da betetzen hasi.
Ukraina ekialdean eraikin publikoak hartu dituzten taldeak desegin eta konstituzioa aldatzeko prozesu bat abiatzea adostu zuten, baina taldeetako batzuek uko egin diote eraikin publikoak uzteari. Kieveko gobernuaren dimisioa eskatu dute, zilegitasunik ez duela argudiatuta.
Donetsken matxinatutakoek Ukrainako behin-behineko Gobernuari galdegin diote Kieveko Independentzia plazan jardun zuten talde "ilegalak" desegiteko.
Kiev, ordea, urratsak egiten hasi da Genevako akordioak betetzeko, gobernuak esan duenez. Ukraina ekialdean abiatutako operazio "antiterrorista" bertan behera utzi, eta konstituzioaren erreformari buruzko eztabaida publiko bat abian jarri du.
Bestalde, Ukraina ekialdean izan da Julia Timoxenko lehen ministro ohia. Bertan iragarri du "erresistentzia talde bat" sortu duela, eta herritarrei eskatu die "bizitza emateko prest" egon daitezela herrialdearen batasunaren alde.
Akordioa "berehala" ezartzeko eskatu dio John Kerry AEBetako estatu idazkariak Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroari. Jen Psaki AEBetako Estatu Idazkaritzako bozeramaileak Errusiari ohartarazi dio akordioa ezartzeko neurririk hartzen ez badu "ondorioak" izango dituela.
Liskarretan parte hartu duten guztiei amnistia ematea ere hitzartu zuten Genevan diplomazia buruek. Gainera, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko behatzaileak Ukraina ekialdera bidaltzea onartu dute, atxilotuak askatzen eta matxinoak eraikinak uzten ari direla bermatzeko.