Genozidioa Frantziak Aljerian eginikoa izan zela erantzun dio Turkiak Parisi

Lehendik gatazkatsua zen bi herrialdeen harremana, eta orain gaiztotu egin da; Parisek lasaitasuna eskatu du

2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Turkian sekulako haserrea eragin du Frantziako Legebiltzarrakonartu izanak Otomandar Inperioak armeniarren aurka eginiko genozidioa ukatzea zigortzen duen lege proposamena. Hori horrela, are gehiago gaiztotu da azken urteotan gatazkatsua izan den Parisen eta Ankararen arteko harremana. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak gogor egin du Frantziaren eta Nicolas Sarkozy presidentearen aurka. «Frantziak Aljerian egin zuena genozidioa izan zen, eta Sarkozyk hori ez badaki bere aitari galde egin diezaiola», adierazi du. Izan ere, 1945etik 1962 bitartean iraun zuen Aljeriako independentzia gerran Frantziaren bandoan aritu zen Eliseoko buruzagiaren aita borrokan.

Erdoganek ez ditu hitzak neurtu, eta sututa bota ditu Frantziako presidentearen aurka burua etorri zaizkionak. «Ziur naiz bere aitak gauza asko dituela Sarkozyri kontatzeko sarraski horien inguruan», gaineratu du gogor. Islamaren eta Turkiaren aurkako gorrotoa pizten ari dela leporatu dio Sarkozyri, 2012ko hauteskundeetan bozka batzuk lortzeko asmoarekin.

Turkiako Atzerri ministroa ere tonu berean mintzatu da, Frantzia Bashar al Assad Siriako presidentearen eta Muammar Gaddafi Libiako presidente ohiaren erregimenekin alderatuz. «Ekialde Hurbileko diktadoreek bidezkoa zer den eta zer pentsatu behar duten esaten diete euren herritarrei. Frantzian gauza bera gertatzen da», kritikatu du Turkiako diplomazia buruak. Izan ere, Ankarak 1915etik aurrera Otomandar Inperioan 500.000 armeniar hil zituztela onartzen du, baina horiek Lehen Mundu Gerrako borrokaldien biktima izan zirela dio. Historialariek, baina, inperioko agintariek armeniarrak deuseztatzeko aurrez prestaturiko plan bat jarraituz 1.500.000 armeniar inguru hil zituztela diote.

Atzo, Frantziak Istanbulen duen enbaxadaren atarian hainbat lagun bildu ziren, bestalde, Pariseko Asanblada Nazionalak gehiengo zabalarekin onartu duen lege proposamena kritikatzeko. Frantziaren eta bertako agintarien aurka oihuka aritu ziren.

Frantziak, bien bitartean, lasaitasunerako deia egin du. Herenegun erreakzio esajeratua izan zuela egotzi zion agintean den AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiari Alain Juppe Pariseko Atzerri ministroak. Atzo, «odol hotzarekin» eta «neurriz» jokatzeko eskatu zuen, Turkiako Gobernuak gatazka testuingurutik atera duela iritzita.Bestalde, armeniarren genozidioa ukatzea zigortzen duen legea proposatzeko une egokia ez zela aitortu du Juppek, baina, Legebiltzarrak hala onartutako erabakia babestu du.

EBko sarrera eztabaidagai

Bestalde, orain arte izan duten «konfiantzazko» harremana berrartu behar dutela adierazi du Frantziako Atzerri ministroak, eta Turkia herrialdearen «laguna» dela nabarmendu du. Baina armeniarren genozidioaren gatazkak lehendik ona ez zen harremana gaiztotu baizik ez du egin. Azken urteotan gerturatze bat izan badute ere, aspaldidanik gatazkatsua izan da Ankararen eta Parisen arteko erlazioa.

Ankararen amets europarra zapuztu du Frantziak urteetan zehar,Turkia EB Europako Batasunean sartzeko betiereko hautagai bilakatuz. Horixe izan da hain justu bi herrialdeak etsaitu dituen arazo nagusia. Alemania izan du Parisek oposizio horretan lagun.

Turkiak giza eskubideak onartzen ez dituela aipatu izan dute maiz haren sarrera oztopatzeko arrazoi gisa, edota herrialdeko gutxiengoak baztertzen dituela, baina nagusiki demografia kontuak dira Frantzia eta Alemania beldurtzen dituztenak. Izan ere, 70 milioi biztanlerekin, EBko bigarren herrialderik populatuena bilakatuko litzateke batasunean sartuz gero. Horrek, Europako Parlamentuan ordezkaritza zabala eskuratuko lukeela esannahi du, Frantziak berak baino gehiago. Parisek eta Berlinek ez duteboterea Ankararekin konpartitu nahi.

Horrez gain, Zipretik irteteko eskatu diote hainbatetan Sarkozyk eta Merkelek EBn sartzeko baldintza gisa. Izan ere 1974tik uhartearen iparraldea okupatzen dute turkiarrek. Ankarak, baina, argi dauka: «Europa eta Zipreren artean aukeratu behar badugu, Ziprerekin geratzen gara». Armeniako genozidioa onartzea ere batasunean sartzeko baldintza dela esan izan du Frantziak behin baino gehiagotan.

EBn sartzeko negoziazioak ez aurrera eta ez atzera daude aspalditik, eta Ankara etsitzen hasia da. Mendebaldeari atsegin emateko nahia ere amaitzen ari zaio, ondorioz. Armeniarren genozidioaren kontura Frantziaren aurka eman duen erantzun bortitza ere etsipen horretatik datorrela diote adituek. Dena den, ez dute espero Turkiak merkataritza harremanak haustea Parisekin, lotura ekonomiko estua baitute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.