KANBODIA

Genozidioagatik ezarri zioten bizi osorako zigorrari helegitea jarri dio Khmer Gorrien buruetako batek

Khieu Samphanen argudioak entzuten hasi da NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako auzitegi bat. Kanbodiako gerrilla komunistako estatu idazkaria izan zen 1976tik 1979ra.

Khieu Samphan, gaur, auzitegian. NHET SOK HENG / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 16a
16:52
Entzun

Khmer Gorrien liderretako bat izandako Khieu Samphanen defentsak planteatutako helegitea entzuten hasi da gaur NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako auzitegi bat. 2014an Kanbodiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia berretsiz, 2018ko azaroan bizi osorako zigorra ezarri zion NBEk babestutako auzitegi batek, eta genozidioa leporatu. 90 urte dauzka. 1975 eta 1979 artean Kanbodian —Kanputxea zen orduan— agintean egondako Alderdi Komunistaren adar armatua izan ziren Khmer Gorriak.

Duela bi urteko epaian, Noun Chea ere zigortu zuten. Pol Pot liderraren albokoa izan zen hura 1970eko hamarkadaren amaieran. 2019ko abuztuan hil zen, 93 urterekin. 2018ko sententzia historikoa izan zen, genozidioa egin zutela ebatzi zuelako aurrenekoz auzitegi batek. Khmer Gorriek 1,7 milioi pertsona inguru hil zituzten goseteen, gaixotasunen eta errepresioaren ondorioz. Gutxiengo vietnamdarraren eta cham-aren (musulmanak) aurka egin zuten bereziki —Kanbodian khmer etniakoak dira nagusi (%90)—.

Kanbodiako hiriburu Phnom Penhen hasi da epaiketa, eta datozen egunetan bi aldeen alegatuak entzutekoak dira epaimahaiko magistratuak. Samphanen defentsak jakinarazi duenez, lider zigortuaren asmoa deklaratzea da.

Atzerriko eta Kanbodiako magistratuak daude epaimahaian, eta espero dute 2022ko hiruhilekoan kaleratuko dutela epaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.