Liberia

George Weahk irabazi ditu Liberiako bozak

Botoen %98,1 zenbatuta, %61,5en babesa lortu du futbolari ohiak. Joseph Boakaik %35,8en babesa lortu du.

Liberiako hauteskundeetako botoen kontaketa, atzo. AHMED JALLANZO, EFE
2017ko abenduaren 28a
07:54
Entzun

Asteartean egin zuten Liberian presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia. George Weah futbolari ohia eta Joseph Boakai presidenteordea ziren Ellen Johnson Sirleaf Bakearen Nobel sariduna ordezkatzeko bi hautagaiak. Aurrena eman dute garaile, %61,5aren babesarekin.

Aldaketa Demokratikorako Kongresuko hautagaia da Weah, eta faboritoa zen presidente izateko bere bigarren saialdian. Izan ere, Weahek bozen %38,4 lortu zuen urriaren 10eko lehen itzulian, eta hamabost konderritatik 11tan gehiengoa eskuratu zuen. Futbolari ohiak ia hamar puntu atera zizkion Boakairi (%28,8), Batasunaren Alderdiko kideari.

FIFAren arabera XX. mendeko futbolari afrikarrik onena izan zena 2005ean aurkeztu zen lehen aldiz estatuko presidente kargurako hauteskundeetara. Kasu hartan, Sirleafen aurka galdu zuen, bigarren itzulian, baina orain indartuago dago. 2011n senatari izateko hauteskundeetan garaile atera zen Montserradoko konderrian —populazio handienekoa—, bozen %78 lortuta. Hauteskunde horietan, Weahek Robert Sirleaf garaitu zuen, egungo presidentearen semea. Weahek doako hezkuntza sustatu eta enplegu sorrera bizkortuko duela agindu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.