Presidentetzarako hauteskundeetara deitu du 45 egun barrurako urte luzez Georgiako presidente Eduard Shevardnadze asteburuan agintetik kanporatu zuen oposizioak. Agintari berriek Shevardnadzek aldarrikaturiko larrialdi egoera kendu zuten atzo. Adjaria eta Hego Osetiako agintariek, ordea, salbuespen egoera aldarrikatu zuten, Tbilisin oposizioak agintea hartuta, beren independentzia edo autonomia zapuzten saia daitekeelakoan.
Agintea eskuratu ondoren herritarrei eginiko lehen hitzaldian, Konstituzioak agindu bezala, 45 egunen buruan hauteskundeak egingo direla eman zuen aditzera atzo Nino Burdzhanadze Legebiltzarreko presidente zenak eta egun behin behineko gobernuburua denak. Honez gain, duela hiru aste eginiko hauteskunde gatazkatsuen emaitzak baliogabetu, eta lehenagotiko Legebiltzarraren agintaldia luzatzea erabaki zuen. Gobernuari laguntzeko dei egin zien herritarrei, eta «egun zailotan, herritarren alde» izateko eskatu segurtasun indarrei.«Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozak izango ditugu batera», esan zuen, bestalde, Mikhail Saakashvili oposizioko buruak. Saakashvili Justizia ministro izendatu zuen Shevardnadzek 2000. urtean. Bi urteren buruan kargua utzi zuen, hainbat ministrori ustelkeria leporatuta. Aginte berriak iragarritako bozak irabazteko faboritoa da 35 urteko Saakashvili.
Larrialdia Adjarian
«Ordenua berriz ezarri behar da, ez soilik Tbilisin, baita herrialdeko eskualde guztietan ere», esan zuen behin-behineko gobernuburu Burdzhanadzek. Izan ere,Shevardnadzeren kargugabetzeak larrialdian jarri ditu Abkhazia, Hego Osetia eta Adjaria. Lehenengo biak errepublika independenteak dira 1990ko hamarkadan Tbilisirekin gerran murgildu zirenetik. Beldur dira orain Georgiako agintari berriek berriz konkistatu nahi izango dituen. Adjarian, azken boladan Shevardnadzeren aliatua izaniko Aslan Abashidze independentziazaleak agintzen du, ia erabateko autonomiaz atzo larrialdi egoera aldarrikatu zuen Abashidzek, eta Georgiarekiko mugaldeko segurtasuna zorroztu.
Shevardnadzek Georgian jarraitzeko asmoa agertu zuen atzo, hainbat komunikabidek Alemaniara erbesteratu zela zabaldu ondoren.
GEORGIA. Bozak 45 egun barrurako iragarri ditu aginte berriak
Shevardnadze agintetik bota izanak larrialdian jarri ditu errepublikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu