GEORGIA. GERRA KAUKASON. Georgiako gatazka konpontzeko EBren bake plana onartu du Errusiak

Sei atal ditu planak, eta Hego Osetia eta Abkhaziaren etorkizuneko estatusa hitzartzeko negoziazioak proposatzen ditu

2008ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Georgia eta Errusia artean azken egunotan sumindu den gatazkari aterabidea emateko sei ataleko plan bat hitzartu dute EB Europako Batasuneko presidentetza duen Frantziako presidenteak, Nicolas Sarkozyk, eta Dmitri Medvedev Errusiakoak. Sarkozyk, baina, plan horrekin bat egiteko konbentzitu behar du orain Mikhail Saakashvili Georgiako presidentea. Horrek, anartean, Georgia CIS Estatu Independenteen Komunitatetik irtengo dela jakinarazi du. Errusiari erakundea nahierara baliatzea leporatu zion presidenteak. Tbilisi hiriburuko plazan egin zuen iragarpena Saakashvilik, dozenaka mila herritarren aurrean: «Errusiako inperioaren harribitxi preziatuena da Georgia. Gu erortzen bagara, arazoak egongo dira mundu zibilizatuan. Aurreneko lerroan gaude gu. Ukraina eta Baltikoko beste herri batzuk eroriko dira gure ostean». CISeko kide diren beste estatuei ere erakundetik ateratzeko deia egin zien Saakashvilik.

Sarkozyk eta Medvedevek Moskun hitzartutako planak, bestetik, sei atal ditu. Errusiak eta Georgiak euren arteko gatazka konpontzeko indarra baliatzeari uko egin diezaioten eskatzen du testuak, bata bestearen kontrako indarkeria ekintzak behin betiko gera ditzaten. Azken egunotako borrokek eragindako kalteen aurrean nazioarteko giza laguntzari trabarik ez jartzeko eskatzen du, aldi berean. Georgiako armada gatazka piztu aurreko lekuetara itzuli dadin eta Errusiako tropak erretiratu daitezen, horixe ere zehazten du. Azkenik, Hego Osetia eta Abkhaziaren etorkizuneko estatusa eta segurtasun egonkor baten baldintzak zehazteko bi aldeek, nazioarteko komunitatearen bitartekaritzarekin, elkarrizketak abian jartzea proposatzen du seigarren eta azken atalak.

Negoziazioak, kolokan

Tbilisi azken atal hau onar ditzan zailtasunak izango ditu Sarkozyk -Saakashvilirekin atzo zen biltzekoa-.Anartean, badirudi Moskuk arbuio egin diola Saakashvilirekin hitz egiteari Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren hitzei erreparatuta: «Ez dut uste Saakashvili jaunarekin ezer negozia dezakegunik, ezta hitz egin dezakegunik ere; gure herritarren aurkako krimenak egin ditu eta alde egingo balu, hobe».

Sarkozy eta Medvedeven artean hitzartutako planaren berria zabaldu eta gero ere, Georgiaren aurka gogor hitz egin zuen Errusiako diplomazia buruak: «Errusia beste neurri batzuk hartzera behartuta egongo da, Georgiak irtenbiderako eskaintza hori arbuiatuko balu; izan ere, ezin dugu onartu Georgiaren erasoek sortutako egoera berriz gertatzea; Georgiako indar armatuek euren kokagunetara bueltatu behar dute, beste ezerk ez du balio izango eta».

Hego Osetian joan den ostiralean hasitako operazio militarrak amaitutzat eman ditu, bien bitartean, Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak: «Georgiako agintariak bakea egitera behartzeko ekitaldiak geraraztea deliberatu dut. Helburuak lortuta daude: bakea bermatzeko gure tropen eta herritar zibilen segurtasuna berriro ziurtatuta dago; eraso egilea zigortu egin dugu». Medvedevek, baina, ohartarazi du Hego Osetian dauden tropa errusiarrek gogor erantzungo dutela georgiarrek beste erasoaldi bat egiteko kasuan. Hego Osetian dauden indar errusiarrek ziurtatu dute soldadu georgiarrek «tarteka» tiro egiten jarraitzen dutela. Hego Osetian, bestetik, etxeratze agindua ezarri dute segurtasuna bermatzearren.

Tbilisik, aldiz, Errusiari leporatu zion eraso armatuekin jarraitzea. Georgiako Gobernuaren arabera, Errusiako aire armadak bi herri eta Gori hiria bonbardatu zuten berriro astelehen gauean. Eraso hauetan, bost lagun hil ziren, gutxienez, tartean Herbehereetako kazetari bat. Moskuk baina, ukatu egin du gau horretan Gori bonbardatu izana.

Abkhaziara, berriz, tropa eta tankeak bidali zituen Errusiak. Georgiako indar armatuek kontrolatzen duten Kodoriko sakanean soldadu errusiarrak ikusi zituztela jakinarazi zuten lekukoek.



Estatu Independenteen Komunitatea

Sobiet Batasuneko errepublika izandako 11 estatuk osatzen dute egun CIS Estatu Independenteen Komunitatea. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean eratu zen, 1991ko abenduaren 21ean -Mikhail Gorbatxov presidenteak handik lau egunera egin zion uko karguari-. Orotara, 15 errepublikak osatzen zuten SESB. Estoniak, Lituaniak eta Lituaniak, baina, ez zuten taldearekin bat egin -EBko kide dira egun-. Turkmenistanek, berriz, 2005ean utzi zion kide izateari eta egun estatu bazkidea da. Georgia, hasiera batean, ez zen komunitatean sartu; 1993ko gerra zibilaren ostean sartu zen. Eduard Shevardnadzeren gobernuaren alde egin zuen orduan Errusiak.





SESBri betiko agur esaten diogu; ez da inoiz gurera itzuliko. CIS nahi duen erara baliatzen du Errusiak»

mikhail Saakashvili
Georgiako presidentea




1.030.000

Errusia eta Georgiako armadak. Georgia Hego Osetiatik kanporatzeko lau egun baino ez ditu behar izan Errusiak. Haren armada, baina, handia da. Orotara 1.030.000 soldadu ditu eta 55.055 ibilgailu militar. Georgiak, berriz, 28.478 soldadu eta 205 ibilgailu baino ez ditu.





Hego Osetiaren aurrekaria izan dela ukatu du Kosovok

«Kosovoren independentzia ezin da munduko beste ezein alderekin alderatu, ezin da paralelismorik egin. Auzi sui generis bat da historiko, legalki eta politikoki». Fatmir Sejdiu Kosovoko presidenteak aurrekaririk ez dutela ezarri adierazi du. Serbiak eta Errusiak egunotan egindako kritikak isildu ditu horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.