GEORGIA. GERRA KAUKASON. Hego Osetia hartu ondotik, Georgian sartu da Errusiako armada

Errusiako armadak herrialdea suntsitu nahi duela salatu du Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak

2008ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Georgiak aldarrikatutako alde bakarreko su-etena ez du onartu Errusiak. Horiek hala, borroka gogorrak izan ziren atzo. Egoerak okerrera egiten duen artean, nazioarteak ahalegin diplomatikoak areagotu ditu. EB Europako Batasunak, eta ESLA Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Antolakundeak Errusiaren eta Georgiaren arteko bitartekaritza lanean ari da; Moskuk su-etena onar dezan ahaleginak egingo dituzte datozen orduetan.

Aitzitik, Georgiak ez zuen amore emateko asmorik agertu, gero atzera egin behar izan bazuen ere. Tskhinvali hiriburuak (Hego Osetia) Georgiako armadako hegazkinen eta artilleriaren bonbardaketa bortitzak jasan zituen atzoko egunean ere.Erasoetan Errusiako hiru soldadu hil eta beste hemezortzi zauritu zituzten. Errusiak Hego Osetian zabaldutako tropen aginte gune nagusiak eman dituen datuen arabera, joan den ostegunaz geroztik hamalau soldadu errusiar hil eta 52 zauritu dituzte erasoetan; beste hamalau, berriz, galduta daude. Errusiako agintari militarrek ziurtatu dutenez, Georgiako armada laguntzera joandako atzerriko mertzenarioekin batera aritu da Hego Osetiako borroketan.

Alabaina, gerrako biktima nagusiak zibilak dira. «Georgiarrek berriro ekin diete gure herrialdeko hiri eta herriei bonbekin erasotzeari. Tskhinvali da jomuga nagusia», adierazi du Hego Osetiako gobernuko bozeramaile Irina Glagoievak. «Georgiarren bonbardaketa horien ondorioz, 2.000 lagunek baino gehiagok galdu dute bizitza azken egunotan; horietatik gehienak zibilak dira», gaineratu du Errusiako Atzerri ministrorde Grigori Karassinek.

«Energia bideak kontrolatu»

Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik, bestalde, Errusiak Georgiaz jabetu nahi duela salatu du. «Errusiak Tbilisiko gobernua desegin nahi du, eta ororen gainetik, Georgiatik igarotzen diren energia bideen gaineko kontrola hartzeko asmoa du», azaldu zuen Saakashvilik. «Helburu horrekin, Hego Osetia eurenganatu nahi dute lehendabizi, gero Abkhazia menpean hartu eta azkenik Georgia osoa kontrolpean hartzeko», gaineratu du Georgiako presidenteak.

Anartean, Tbilisiko agintariek Errusiako armadak egindako erasoak salatu dituzte. Saakashvilik ziurtatu du Hego Osetiako lurraldetik haratago joanda Errusiako soldaduek Georgiako Gori hirira hurbildu direla. «Lehenengo tankeak Goritik bost kilometro daude, baina gure armadak gogor egin die aurre, eta 20 bat kilometro atzera egitera behartu dituzte», esan du Saakashvilik.

Georgiako Barne Ministerioko bozeramaile Shota Utiashvilik, ordea, gezurtatu egin du presidenteak esandakoa: «Errusiakodozenaka gerra hegazkinek Gori bonbardatu dute. Erasoak biktima ugari eragin ditu, asko zibilak». Bozeramailearen hitzetan, Errusiako armadak Georgia mendebaldeko Senaki hiritik gertu dagoen base militarra menpean hartu du. Halaber, Tbilisiko aireportuko radar instalazioakere bonbardatu ditu.

Georgiaren erretiratzea

Georgian eta Hego Osetian indarkeria nagusi izanagatik ere, Errusiako presidente Dmitri Medvedevek adierazi du Hego Osetian hasitako operazio militar gehienak amaitzear daudela. Haatik, Errusiako Atzerri Ministerioko eledun Boris Malakhovek zera zehaztu du: «Georgiako indar armatuak Hego Osetiatik erretiratu arte ez ditugu gure soldaduak handik aterako; baldintza horiek egon ezean, genozidioak eta odol isurketak jarraitzeko arriskuadago». Errusiako armadak Hego Osetiaren gaineko kontrola eskuratu zuen atzo; handi Georgiara sartu eta bertako herri eta hirien aurkako erasoak indartu zituen.

Errusiak Georgiaren aurkako erasoekin jarraitzeko asmoz jarraitzen duen bitartean, nazioarteak dei egin dio indarkeria albo batera utzi eta Tskhinvalik proposatutako su-etena sinatzeko. Besteak beste, munduko zazpi herrialde garatuenak biltzen dituen G7ak Errusiari zinki eskatu dio Georgiarekin batera armak uzteko konpromisoa hartu dezan. Gainera, zazpi herrialde horietako Atzerri ministroek egindako konferentziaren amaierako oharrean Georgiaren lurralde osotasunaren eta subiranotasunaren aldeko deia egiten dute.

Georgiak aldebakarreko su-etena aldarrikatu badu ere, Moskuk gezurretan aritzea leporatu dio. Izan ere, Hego Osetiaren aurkako erasoak ez ditu bertan behera utzi Georgiako armadak, atzo iluntzerako Errusiak herrialde hori jada kontrolpean bazuen ere.

Europako Batzordeak ere eraso militarrak gelditzeko eskatu dio Errusiari. Bruselaren esanetan, Georgiako mugak hautsita gatazkaren tamaina aldatu egin da. «Hego Osetia Georgiaren zati dela uste dugu, eta herrialde horretan bake misio baterako zeuden Errusiako soldaduak erasoaldi batean esku-hartzaile bihurtzea gaitzesten dugu».

Europako Batasunaren izenean, Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchner eta ESLA Europan Segurtasun eta Lankidetzarako Antolakundea zuzentzen duen Finlandiako diplomaziaburu Alekzander Stubb bi herrialdeen arteko su-etena lortzeko ahaleginetan ari dira. Kouchner Saakashvilirekin bildu zen Gori hirian, eta Moskura joatekotan zen atzo iluntzean. Tartean, Ipar Osetiako (Federazio errusiarra) hiriburu Vladiskavkazen, Stubbekin bildu ziren Errusiako agintariak.

Errusiako presidente Dmitri Medvedevek jakinarazi duenez, ESLA Hego Osetian giza laguntzarako misio bat bideratzearen alde da, Georgiaren erasoaren ondorioak aztertzeko.



Georgiako zibilen egoeraz ohartarazi du Gurutze Gorriak

«Egoera humanitarioa oso larria da». Hala adierazi du Dominique Liengme CICR Nazioarteko Gurutze Gorriko Batzordeko kideak. «Jende askok ihes egin duela konturatu gara. Milaka desplazatu daude eskualde guztian». Gurutze Gorriak ez du Hego Osetian sartzerik izan; horregatik, hara iristea lehentasunezko kontua dela adierazi du.

Bestalde, CICRekin batera, MEP Munduko Elikadura Programak giza laguntza bidali du Georgiara. «Laguntza behar dutenen kopurua etengabe ari da handitzen», adierazi du Lola Castro MEPeko kideak. Aire erasoek, ordea, giza laguntzaileen lana oztopatzen dute. Indarkeriagatik gutxienez 2.000 desplazatu daude.





Zenbakia

9.000

Errusiako soldaduak. Georgiako armada herrialdetik ateratzeko helburuz, 9.000 soldadu bidali ditu Errusiak Abkhaziara. Kodori gainetatik bota nahi dituzte, georgiarren menpe dagoen Abkhaziako eremutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.