GEORGIA . Gutxienez bederatzi lagun hil dira Tbilisiko kartzelako borroketan

Presoek matxinadaz baliatuz ihes egiteko asmoa zutela diote agintariek

Erredakzioa
2006ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Georgiako hiriburutik gertu, Tbilisiko Bosgarren Kartzelan, gutxienez zazpi preso eta bi zaintzaile hil ziren atzo segurtasun indarrekin izandako enfrentamenduetan. Hasieran hildakoak sei eta zaurituak 40 bat zirela zabaldu zuten presoen senide eta abokatuek. Zaurituetatik 12 inguru segurtasun indarretako kideak ziren. Aldiz, Osasun Ministerioaren arabera, 17 preso eraman zituzten erietxera, eta haietako bat hil egin zen zaurien ondorioz. Orduek aurrera egin ahala, ordea, hildakoak zazpi zirela jakinarazi zuen Justizia Ministerioak.

Justizia ministro Georgi Kavtaradzek adierazi zuenez, asteburuan jakin zuten agintariek presoek matxinatu eta kartzelatik ihes egiteko asmoa zutela. «Zaintzaileek ohartarazi zieten lasaitu eta beren gelatara itzuli ezean haien kontrako operazioa hasiko zutela. Tamalez, ez zieten kasurik egin». Haren esanetan, agintariek berdin jokatuko zuten «edozein herrialde zibilizatutan». Zenbait iturriren arabera, aldiz, zaintzaileak presoen gelak miatzen hasi zirenean hasi ziren borrokak. Presondegia Barne Ministeriotik eta Fiskaltza Nagusitik metro batzuetara dago, eta 4.000 preso inguru daude bertan. «Nabarmendu nahi dut gaur [atzo] goizean hiriburua arriskuan egon dela», esan zuen Justizia ministroak. Operazioak bi ordu inguru iraun zuen, eta, iturri ofizialen arabera, atzo arratsalderako kontrolpean zuten egoera, eta presoak beren geletan zeuden. Presondegian zeudenen senide eta lagunak eraikinaren kanpoaldean bildu ziren, gertatutakoaren berri jakiteko asmoz. Haiekin bat egin zuten oposizioko zenbait buruzagik ere. Georgiako Alderdi Liberaleko buru Shalva Batelashviliren esanetan, Barne ministroaren dimisioa eskatzeko bildu ziren han. Presoen aurka gehiegizko indarkeria erabiltzeaz akusatzen dute Gobernua. Georgian hamar mila preso inguru daude orotara, eta, Justizia Ministerioko iturrien arabera, beste kartzeletan ere Tbilisikoaren antzeko operazioak egingo dira matxinada arriskurik sumatzen badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.