Jatun Kalmajelidze Georgiako Espetxe ministroak dimisioa aurkeztu du gaur goizean, herrialdeko kartzela batean presoak torturatzen dituztela erakusten duen bideo bat zabaldu ondoren. "Nire erantzukizun politikoa aitortzen dut, eta nire dimisioa onartzeko eskatzen dizut", idatzi dio Kalmajelidzek lehen ministro Ivane Merabishviliri.
Atzo iluntzean argitaratu zuten bideoa Georgiako bi telebista katek. Hainbat protesta sorrarazi zituzten irudiek Tbilisi hiriburuan eta beste hiri batzuetan, eta liskarrak izan dira goizaldean. Espetxe eta Barne ministroen dimisioa eskatu zuten. Mijail Saakashvili Georgiako presidenteak adierazi du "oso haserre" dagoela eta agindu du torturak egin dituztenak "gogor" zigortuko dituela.
Bi urtez grabatu zituen irudiak espetxeko funtzionario batek, ezkutuan.