Esaterako, Adjariako agintariek larrialdi egoera berrezarri zuten atzo. Hori gutxi balitz bezala, Saakashviliren ingurukoei eskualde autonomoaren egoera okertzen saiatzea egotzi zioten. Adjariako presidente Aslan Abashidzek azaroaren 24an jarri zuen estreinakoz indarrean larrialdi egoera, Georgiako presidente Edvard Shevardnadzek dimititu ondotik. Abashidzek «estatu kolpe» iritzi zion herritarrek hura boteretik joanarazteari. Alta, urtarrilaren 4ko bozen harira neurri berezia kendu zuen, behin-behinean. Batumi hirian egoitza duen Adjariako Barne Ministerioko iturriek jakinarazi zuten Saakashvili sustatzen duen Kmara taldeko zenbait kide atxilotu eta armak atzeman zizkiela. Georgiako Gobernuak «legez kanpokotzat» jo zuen atzo Abashidzeren gobernu autonomoaren erabakia. Tbilisiren eta Batumiren arteko harremanak, beraz, gaiztotu dira Georgian azkenaldian izandako gertaerekin.Abashidzek, baina, aurkariak ditu Adjarian bertan, eta, oposizioko Gure Adjaria taldeko Tamaz Diazamidzeren iritziz, Batumiko atxiloketek «iraultza» piz dezakete 400.000 biztanle dituen autonomian.
Abkhaziako kasua
Abkhaziak 1993an independentzia aldarrikatu zuen; alta, inork ez du onartu. Gatazkak konpondu gabe dirau eta NBEk ohartarazi du herrialdea arazo iturri izan daitekeela. 3.300 kilometro koadroko lurralde hau Kaukaso mendien eta Itsaso Beltzaren artean dago. Iparraldean Errusia du mugakide, eta hegoaldean Georgiako Svanetia eta Mingrelia probintziak.
1993an, ia 10.000 hildako eragin zituzten borroken ondoren, indar abkhaziarrek Georgiako Armada kanporatu zuten. Harrezkeroztik lurraldea linbo egoeran da. Ia muga guztiak itxita ditu eta bahimendu ekonomikoak erdi itota dago. NBEko soldaduek zein Errusiakoek Georgiarekin muga egiten duen eremua zaintzen dute. Herritarrek 10 urte daramatzate konponbide baten esperoan, baina, etsipena gailentzen ari da askorengan. Abkhazian bizi ohi ziren 250.000 bat georgiarrek ere aterabide bat nahi dute, batez ere beren etxeetara itzultzeko. Nolanhi ere, Abkhaziako agintariek diote Georgiak haren independentzia onartu arte ez dela konponbiderik izango. «Ez dugu berriz Georgiarekin bat egingo. Ez, hainbeste bizi galdu ondoren», esan du Abkhaziako lehen ministro Raul Hadzhimbak. «Bakartuta bizitzera ohituta gaude. Herriek gure lagunak izan nahi badute, aukera dute, Errusiak egiten duen moduan».Moskuk berebiziko sostengua damaio Abkhaziari, Errusiarekin muga egiten duen eremua zabalik mantenduta. Georgiak dio eskualdea urratu zuen gerran Moskuk laguntza politiko eta militarra eman ziola Abkhaziari. Gaur egun, Kremlinak bere eragina mantendu nahian dabil bertan. Abkhaziarrak legez georgiarrak dira, baina Mosku herritartasuna ematen ari zaie eta hainbatek Errusiarekin bat egiteari ez liokete muzin egingo. «Oso pobreak gara hemen. Abkhaziak ezin du biziraun bere kasa. Nonbaitetik laguntza behar dugu», kexu da Angela Karapetian deitutako emakume batek.Georgiak Washingtonekin harremanak landu dituen bitartean, Moskuk ez du bere ohiko eragin esparrua galdu nahi. Tbilisiko parlamentuko eledun izandako Nino Burzhadnadzek azaldu duenez, Errusiari Georgia «gaixo eta desintegratu bat» komeni zaio. «Hala errazago litzaioke hura manipulatzea».
Hego Osetia
1989-92 artean borroka odoltsuak bizi izan zituen Hego Osetiak eta 1994ko udaberritik gatazka arrunt baretua izan arren, Tsikhinvali hiriburutzat duen lurraldean independentzia gosea ez da asetu. Abkhazian bezala, Errusiako Armadak baketze lanak egiten ditu. 3.900 kilometro koadroko herrian 1989an egin zen azken errolda. 98.000 biztanle bildu zituen, baina geroko gatazkak desplazatu asko eragin zituen. Errusiako Federazioaren barruan dagoen Ipar Osetia du mugakide, eta harekin bat egin nahi dute hego osetiar askok.
-
Kronologia
1801-04. Egungo Georgiaren zatirik handiena Errusiako Inperioaren menpe geratu zen.
1918. Estatu independente bilakatu zen Georgia.
1921. Errepublika Sozialista Sobietarra deklaratu zuten Georgia.
1922. Errepublika Federatibo Sobietar Transkaukasiarraren zati gisa, Sobiet Batasuneko sortzaileetako bat izan zen Georgia.
1972. Edvard Shevardnadze Georgiako Alderdi Komunistako buru izendatu zuten.
1989. Sobiet Batasuneko soldaduek independentziaren aldeko 19 manifestari hil zituzten Tbilisin. Gutxira, georgiarrak eta autonomia gehiago nahi zuten hego osetiarren arteko borrokak hasi ziren. 1992an su-etena sinatu eta Errusiako soldaduak igorri zituzten.
1990. Legebiltzarrerako bozetan koalizio nazionalista bat nagusitu zen. Zviad Gamsakhurdia Legebiltzarreko buru izendatu zuten.
1991. Erreferendum batean independentziaren aldeko aukera nagusitu ondoren, Legebiltzarrak Sobiet Batasunetik banatzea ebatzi zuen. Gamsakhurdia presidente hautatu zuten.
1992. Urtarrilean Gobernuko tropen eta oposiziokoen arteko borroken ondoren Gamsakhurdia boteretik kendu zuten. Martxoan Shevardnadze Estatu Kontseiluko buru izendatu zuten. Abuztuan borrokak piztu ziren Abkhazian, independentziazaleen eta Georgiako Armadaren artean.
1993. Irailean independentziazaleek Armada egotzi zuten Abkhaziatik. Urrian Gamsakhurdiaren jarraitzaileen matxinada menperatu zuen Armadak, Errusiaren laguntzaz.
1994. Abkhaziarren eta Georgiako Gobernuaren arteko su-etena. Soldadu errusiarrak eskualdean hedatu ziren, behatzaile.
1995. Shevardnadzek presidentetzarako bozak irabazi zituen.
2000. Presidentetza berriz eskuratu zuen Shevardnadzek.
2001. Martxoan Georgiak eta Abkhaziak elkarren kontra indarra ez erabiltzeko akordioa sinatu zuten. Urrian borrokak piztu ziren abkhaziarren eta paramilitar georgiarren artean. Azaroan manifestazioak egin ziren Gobernuaren kontra; hura desegin zuen Shevardnadzek.
2003. Azaroan eginiko bozetan irregulartasun ugari salatu zituzten behatzaileek. Oposizioak protestak egin ondoren hauteskundeak berriz deitu zituzten.
2004. Mikhail Saakashvili Georgiako bozetan garaile.