Abkhaziako eta Hego Osetiako mugetatik bospasei kilometro Georgian barrena ezarritako segurtasun eremuetatik erretiratu zuen atzo armada Errusiak. Horrela, finkatutako data baino bi egun lehenago bete du Moskuk Europako Batasunarekin iragan irailaren 8an hitzartutakoa. Georgiatik alde egin badu ere, herrialdean bahimendua jartzeko eskatu du, Tbilisi inork amarik sal ez diezaion.
Georgiako Barne Ministerioko eledun Shota Uatishvilik berak baieztatu zuen atzo Errusiako tropak eta makineria militarrak Georgiatik atera zituztela. «Errusiarren kokagune oro desegin dituzte, edo desegiteko bidean dira», adierazi zuen atzo, arratsalde partean, Tbilisiko gobernuko goi arduradunak. Soldadu errusiarrek utzitako lehendabiziko postuak Abkhaziako mugaldean jarritakoak izan ziren -Georgiako ipar-mendebaldean-.
Hego Osetiako mugan eratutako segurtasun eremuko (Georgiako ipar-erdialdea) erretiratzea, aldiz, amaitzear zegoela iragarri zuen atzo iluntzean Marat Kulakhmetov jeneral errusiarrak. «Jarri genituen bost postu kendu egin ditugu, eta seigarrena ere laster itxiko dugu», adierazi zuen Hego Osetian Errusiak duenbake misioko buruzagi gorenak. Alabaina, Georgiako lurretatik irten ondotik, tropak Hego Osetian geratuko direla zehaztu zuen Kulakhmetovek.
Hego Osetian 7.600 soldadu eta Abkhazian beste horrenbeste edukiko dituela iragarri zuen orain gutxi Kremlinek. Eta iragan agorrilaren 26an bi herrialde horiek egindako independentzia aldarrikapenak aitortu zituen. Errusiako armada agorrilaren 8an sartu zen Hego Osetian, Georgiako indar armatuek Tbilisiren aginpidetik askatu nahi duen herrialde horri oldar egin eta biharamunean. Borrokek agorrilaren 16a arte iraun zuten, Errusiako eta Tskhinvaliko soldaduek Georgiakoak haizatu zituzten arte. Aurrez, EB Europako Batasunak proposatutako su-etenerako plana onartu zuten Tbilisik eta Moskuk.
Joan den irailaren 8an berretsitako plan horren arabera, Errusiak biharko erretiratu behar zuen beranduenik. Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak berak jakinarazi zuen atzo konpromiso hori hitzartutako baino lehenago beteko zutela.
«Medvedevek hitza bete du»
«Jakinarazi nahi dizuet gaurko [atzoko] eguna amaitu aurretik, Errusiako armada segurtasun eremuetan ez dela izango», adierazi zuen Medvedevek. «Honezkero Georgia eta Hego Osetia zein Abkhaziako arteko mugetan Europako Batasuneko behatzaileak daudenez, beren lana ondo bete dezaten nahi dugu, Tbilisiko agintarien erasorik ez dadin etorkizunean gertatu». EBko 200 ikuskatzaile inguru bidali dituzte segurtasun eremuetara, su-etenean jasotako baldintza betetzen direla bermatzeko.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, bere aldetik, txalotu egin zuenMedvedevek egindako iragarpena: «Medvedev jaunakbere hitza bete du». Gauzak horrela, presidente frantziarrakEB eta Errusia artean lankidetza berri baterako negoziazioak berriro abian jar daitezkeela iritzi dio. Elkarrizketak behin-behinean bertan behera uztea erabaki zuten EBko estatu kideek irailean, Errusiak Georgian egindako erasoaldia zigortze aldera.
bestalde, eta segurtasun eremuetatik erretiratu arren, Errusia fidakaitz geratu da Georgiaren asmoekiko. Hori dela eta, Tbilisi armen salmentarako nazioarteko bahimendu bat jartzeko eskatu zuen Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. «Segurtasuna bermatzearren Georgiako Gobernuaren aurka armak ez saltzeko agindua ematea litzateke egokiena». Moskuk salatu duenez, Ukrainiak armak saldu zizkion iragan irailan. Oinarrizko elikagaiak banatzeko aitzakiaz armak ematen aritzea leporatu die Ameriketako Estatu Batuei.
Georgiako segurtasun eremuetatik erretiratu dira Errusiako soldaduak
Georgiari armak saltzeko debekua onartzeko eskatu dio Errusiako Gobernuak nazioarteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu