Georgiako presindete ohi Eduard Shevardnadzerekin egin zuen moduan, proposamena egin aurretik Kremlin eta Etxe Zuriko agintariekin mintzatu zen Saakashvili. Hain zuzen ere, Errusiako presidente Vladimir Putinek Abashidze bertan babestuko duela hitz eman eta ondoren hitz egin zuen Georgiako agintariak ez duela haren estradizioa eskatuko prometatu zuen. Alta, Abashidze gatazka areagotzen saiatzen ari dela esan zuen «horrela nazioarteko komunitateak arazoan parte har dezan oinarri juridikoa ezarri ahal izateko».Adjariako presidenteak, berriz, ez duela agintea utziko eta errusiarren sostengua espero duela adierazi zuen atzo telebistan egindako agerraldian. Bere ustetan, Tbilisi eta Washington izan dira krisia eragin dutenak. «Abashidzek ez du ez dimisioa emango ez Batumi utziko», zehaztu zuen bere bozeramaile Tamara Gudavak.Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Igor Ivanov Georgiara, bitartekari lana egitera, bidaliko duela iragarri zuen atzo Vladimir Putinek. Sobiet Batasun ohiaren gainbeheraren ondoren, Kremlinen babesa jaso zuten Adjaria, Abkhazia eta Hego Osetia azken biak Errepublika Autonomoak dira Errusiaren laguntzaz egindako gerra zibilak irabazi ondoren. Moskuk Georgian duen enbaxadore Vladimir Txjikvishvilik bere agintariak «neutraltasunez» jokatuko dutela adierazi zuen atzo: «Errusiaren helburu nagusia odol isuria eragoztea da. Krisi hau Georgiren barneko arazoa da».Errusiako Zientzia Geopolitikoen Akademiako presidenteorde Leonid Ivashov jeneralaren ustez, ordea, Errusia ezin da gatazkatik kanpo gelditu eta «unilateralki» bake ekintza sustatu beharko lukeela iritzio zion atzo: «Kremlinek Hego Kaukasoan duen estrategia jokoan dago».Adjaria eta Georgia arteko gatazka iragan asteburuan areagotu zen. Larunbatean bien arteko muga naturala den Txoloki ibaiko hiru zubiak leherrarazi zituzten Batumiko agintariaren aginduak betez. Trenbideak ere moztu zituzten eta paramilitarrek muga guztiak hartu zituzten. Geroztik erabat isolatuta egon da Adjaria. Atzo sarrera-irteerak berriro ireki eta paramilitarrek zonaldea utzi zutela eman zuten jakitera hainbat informazio iturrik.Georgiako lehen ministro Zurab Zhvania eta Adjariako Barne ministro Dzhemal Goguitidze elkarrekin bildu ondoren hartu zen muga zabaltzeko erabakia. Bilera «arrakastatsutzat» jo eta «Adjaria Georgiako Konstituzioaren eremuaren baitako zatia» dela esan zuen Zhvaniak. Bestetik, Aslan Abashidze presidentearen aldeko gerrillariek Batumi hiriburura zihoazen bost autobusen kontra tiroak eta negar gasa bota zituzten. Orotara 300 pertsona zeuden bertan, besteak beste, Georgiako Ogasun ministro Zurab Nogaideli. Batumin egin zen manifestaziora joateko asmoa zuten: Abashidzeren dimisioa eskatzea xede zuen manifestaziora, alegia. Guztira 15.000 pertsona bildu ziren protestan, eta, tartean, tiroak izan ziren. Bi pertsona zauritu zituzten. Unibertsitatean egindako manifestazioan beste 30 pertsona zauritu ziren herenegun.Halaber, hiriburuko petrolio portua erabat minatu zutela jakinarazi zuen Georgiako Defentsa ministro Guela Bezhuashvilik: «Lehertuz gero, hondamendia izugarria izango da».
Asteazkenean betetzen da ultimatuma
Adjariako Errepublika autonomoa eta Georgiaren arteko harremanak gori-gorian daude. Joan den igandean hamabi eguneko ultimatuma eman zion Saakashvilik Adjariako presidenteari paramilitarrek armak utz ditzaten eta Georgiako agintea bete dezan orotara 12.000 paramilitar egon daitezke Adjarian. Bestela inbasio armatua egingo dutela ohartarazi zuen.
Aurretik, ordea, elkarrizketatzeko borondatea agertu zuen Saakashvilik. «Negozioazioek porrot egin eta Adjariak odol isuriaren bidea hautatzen badu, plan alternatiboa dugu», esan zuen Georgiako Barne ministro Gueorgui Baramidzek.
Belusezko iraultza izenarekin ezaguna egin zen prozesuaren ondoren agintea uztera behartu zuten Georgiako presidente ohi Eduard Shevardnadze ere arazoaz mintzatu zen atzo: «Abashidze herrialdearen interesak hartu beharko lituzte aintzat eta ez bere interes pertsonalak. Inongo kargurik ez du pertsona baten bizitza baino gehiago balio. Hau ulertu eta dimisioa eman beharko luke Abashidezek. Gaur ez badu hau ulertzen, bihar jabetuko da horretaz».
-
Bilakaera
1918: Errusiako Inperioaren menpe zegoen Georgiak independentzia lortu zuen.
1921: Errepublika Sozialista Sobietarra deklaratu zen.
1989: Autonomia gehiago nahi zuten hego osetiarren aurka borrokan hasi zen Georgia, 1992an su-etena iritsi arte.
1990: Bozetan koalizio nazionalista bat nagusitu eta Zviad Gamsakhurdia izendatu zuten Legebiltzarreko buru.
1991: Legebiltzarrak Sobiet Batasunetik banatzea ebatzi zuen, erreferendum batean independentziaren aldeko aukera nagusitu ondoren. Gamsakhurdia presidente berri.
1992: Gamsakhurdia boteretik kendu eta Estatu Kontseiluko buru Shevardnadze izendatu zuten. Abkhazian borrokak piztu ziren independentziazaleen eta Georgiako Armadaren artean.
1993: Independentziazaleek Abkhaziatik bota zuten armada.
1994: Su-etena abkhaziarren eta Georgiako Gobernuaren artean. Soldadu errusiarrak eskualdean hedatu ziren, behatzaile.
1995: Presidentetzarako bozak irabazi zituen Shevardnadzek.
2000: Presidentetza berriz eskuratu zuen Shevardnadzek.
2001: Georgiak eta Abkhaziak elkar ez erasotzeko akordioa sinatu zuten. Gerora, borrokak piztu ziren abkhaziarren eta paramilitar georgiarren artean. Manifestazioak egin ziren Gobernuaren kontra; hura desegin zuen Shevardnadzek.
2003: Bozetan behatzaileek irregulartasun ugari salatu eta berriro deitu zituzten hauteskundeak. Adjaria eta Hego Osetiak larrialdi egoera ezarri zuten Shevardnadze agintetik botatzean.
2004: Mikhail Saakashvili Georgiako bozetan garaile. Presidente berriak autonomia bertan behera uzteko 10 eguneko epea eman zion maiatzaren 2an Adjariari.